BERA BERA 34-28 SOLA

Bera Berari gutxi falta izan zaio kanporaketa gainditzeko

Zazpi golen aldea iraultzetik gol bakarrera geratu da. Azken minutuetan zazpi metroko bi jaurtiketa huts egin ditu.

Bera bera
Emma Boada negarrari eutsi ezinda, gaur, Solaren aurkako partida amaitu berritan, Gaskan (Donostia). JON URBE / FOKU
2023ko azaroaren 19a
21:49
Entzun

Bera Berak ikuskizuna egin du Gaska kiroldegian. Donostiarrei gutxi falta izan zaie Norvegiako Solaren aurka jokatu duten kanporaketa gainditzeko; 34-28 irabazi dute gaur, baina beste gol bat behar zuten joaneko partidako emaitza iraultzeko (39-32 galdu zuten orduan). Berdinduz gero, zazpi metrotatik erabakiko zen zein taldek jarraituko zuen txapelketan.

Horrenbestez, Imanol Alvarezen taldea Europako Ligatik kanpo geratu da hirugarren kanporaketan. Dena den, Gaskan bildutako zaleek taldeari aitortu dizkiote egindako lana eta esfortzua. Izan ere, krudela izan da amaiera: azken minutuetan zazpi metroko bi jaurtiketa huts egin ditu etxeko taldeak. 60 minutuak beteta zirela, Emma Boadak hartu du jaurtiketa erabakigarria botatzeko ardura, baina kanpokoen atezainak geratu egin du baloia.

Bera Bera joaneko partidako akatsetatik ikasita kantxaratu da Gaskan. Baloi gutxiago galdu dituzte, eta atzerantz ondo egin dute korrika Solaren kontraerasoak saihesteko. Norvegiarrak, ordea, fin ibili dira Aallaren ate aurrean, eta horri esker eutsi diote etxekoen joari (4-6). Jarraian 5-0eko partzial bat egin dute Alvarezen neskek, eta, epaileek bisitariei ezarritako zigorrak baliatuta, hiru golen aldearekin heldu dira atsedenaldira (15-12).

Bigarren zatian boladaka jokatu dute bi taldeek: bi golera gerturatu da Sola, bosten aldea hartu du Bera Berak, berriz ere gerturatu dira norvegiarrak... Amaierarako hiru minutu falta zirela, etxekoek lehen aldiz lortu dute sei golen aldea, zaleen zoramenerako. Fernandesek sartu ditu azken bi golak (34-28). 

Bi minutu eta erdi falta zirenean, hori zen egoera. Donostiarrek esku-eskuan izan dute, gutxienez, kanporaketa berdintzea; orduan agertu da, ordea, bisitarien atezaina, lehenik Karsteni eta jarraian Boadari zazpi metroko jaurtiketa bana geratzeko. Saririk gabe geratu da Bera Bera, baina harro egoteko moduko partida jokatuta.

Bera Bera: Fernandez eta Aalla; Laura Hernandez (2), Fernandes (8), Arrojeria (4), Cavo (4), Etxeberria (1), Boada (2), Menendez, Tchapchet (5), Loidi, Erauskin, Blanco, Gavilan (2), Arroyo (2) eta Karsten (4).

Sola: Granslund, Rushfeldt (4), Holta (1), Wolf (2), Haugseng (1), Kristiansen (2), Raestad, Magnussen (5), Knutsen (4), Terland, Barka, Qorraj, Herrem (4), Novak (5), Bergsvik eta Fossum.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.