Eli Pinedo. Bera Berako jokalaria

«Bera Beran familia bat gara, eta horrek dena errazten du»

Bera Berak Polonian jokatuko du gaur Errekopako final-zortzirenetako joanekoa (17:00), Vistal Laczpol Gdyniaren aurka. Eli Pinedo min hartuta egon da azken asteotan, baina nola edo hala osatu da.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ohorezko Mailako azken partidetan jokatu ezin ondoren, Eli Pinedok (Amurrio, Araba, 1981) egunotan eskuineko bikian izandako mina ahaztu nahi du. Jokalari garrantzitsuenetako bat bilakatu da, eta taldea laguntzeko asmoz pistaratuko da gaur Gdynian (Polonia), Vistal Laczpolen aurka.

Zer moduz duzu eskuineko bikian?

Kili-kolo nabil. Vistalen aurka jokatu egingo dut, baina minarekin edo minik gabe aritzea da arazoa. Asteazkeneko entrenamenduan berriro izan nuen min apur bat; ea arazorik gabe jokatzen dudan.

Atsedenerako tartea beharrezkoa zenuen, akaso?

Bai, beharrezkoa nuen, oso urte gogorra izan delako. Partidak jokatuz joaten zara, baina ez zara konturatzen zenbaterainoko exijentzia den hori. Europako Txapelketaren ondoren, geldialdia egin eta nire kabuz ibili nintzen gimnasioan eta pilates egiten, baina bai, benetako geldialdi bat behar nuen.

Rocasaren aurka jokatu nahi izan zenuen, baina mina areagotu zitzaizun. Zergatik jokatu zenuen?

Rocasaren aurka sei golengatik irabazi genuen, baina atsedenaldian galtzenri ginen, eta taldea laguntzeko prest agertu nintzen. Minarekin jokatzeko erabakia, garaipena oso garrantzitsua zelako hartu nuen. Ligako azken bi jardunaldietan, berriz, atseden hartu dut guretzat partida erosoagoak zirelako. Orain, Europa gainean dugu, eta esfortzu berri bat egitea egokitzen zait.

Ohorezko Mailan lider zarete azken zortzi partidak irabazita. Lehen aldiz liga irabazteko aukera asko dituzue.

Bai, aukera asko izateaz gain, gure helburu nagusia hori da gaur egun. Lehen postuan amaitu dugu lehen itzulia, eta ongi hasi dugu bigarrena. Sailkapeneko postu horri eusten saiatu behar dugu orain.

«Lagun kuadrilla baten modukoak gara, baina lehiatu behar dugunean hori bakarrik dugu buruan». Patricia Elorza taldekidearen hitzak dira.

Taldean dugun giro onak harreman zuzena du emaitzekin. Aldageletan horrelako giroa dagoenean, pistan dena errazago ateratzen da. Taldean oso ongi ulertzen dugu elkar. Gainera, Bera Bera hori izan da betidanik. Familia txiki bat gara, eta horrek asko errazten ditu gauzak.

Nola egiten diozue aurre Vistal Laczpolen aurkako partidari?

Oso talde ona dute poloniarrek. Printzipioz, defentsa gogorra egiten saiatuko gara, eta kontraerasoak ongi amaitu. Beraiek ere gol pila sartzen ari dira denboraldian zehar, eta nahiko orekatua egongo den lehia izango dela iruditzen zait. Partida amaieran gol gutxiren aldea egotea beharrezkoa izango da itzuliko partidan aukerak izateko.

Aurkari ezaguna duzue, Txapeldunen Ligatik kanpo utzi zintuzten eta. Errebantxarako gogoa?

Bai, noski. Oso gaizki jokatu genuen, denboraldi hasiera zen... Ez ginen fin ibili. Partida hartan egin genuenaren guztiz kontrakoa egin beharko dugu bihar.

Itzuliko partida, Donostian. Hori abantaila handia da.

Nik nahiago izaten dut lehen partida kanpoan jokatu. Hala ere, lehen partida horretan ezinbestekoa da markagailuari eustea. Hori egiten ez badugu, itzulikoa etxean jokatzeak ez du horrenbesteko garranzia edukiko.

Azken hilabeteak oso onak ari dira izaten zuretzat. Olinpiar Jokoetan lorturiko brontzezko dominaz zein oroitzapen dituzu?

Nire ibilbidean bizi izan dudan unerik garrantzitsuena izan da. Ez dut inoiz ahaztuko. Olinpiar Jokoetan parte hartzea handia bada, pentsa brontzezko domina batekin etxera itzultzea.

Julen Aginagaldek ere lorpen handiak izan ditu orain gutxi —Munduko Txapelketa eta 2012ko hirugarren jokalaririk onenaren izendapena—. Euskal jokalarien azken urtea nola baloratuko zenuke?

Primerakoa. Gure kirola ez da oihartzunik handiena dutenetarikoa, baina Julen Aginagaldek eta baita Mikel Arrizabalagak ere egin dutena mugak gainditu ditu. Euskal jokalariak oso une gozoan gaude, eta hortik probetxua atera behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.