Aurten bai. Duela bi urteko arantza kendu du Bera Berak, eta irabazi egin du Illunben (Donostia) jokatu den Espainiako Kopa. Iaz ere lortu zuen Malagan (Espainia), baina etxean irabazteak bereziago egin du aurtengoa. Alba Menendez kapitainak 4.200 lagun baino gehiagoren parean altxatu du garaikurra, taldeak lortu duen zortzigarrena.
Ostiralean eta larunbatean jokatutako partidetan nagusitasunez gailendu zen Bera Bera, eta hala izan da gaurkoan ere. 32-24 hartu du mendean Aula Valladolid. Atzoko moduan (30-25 Malagaren kontra), lehen zati bikain bat aski izan du neurketa kontrolpean edukitzeko. Lehen minutuetan zenbait baloi galdu dituzte donostiarrek, baina defentsan sendo aritu dira, eta erasoan asmatu dutenean alde egin dute markagailuan. 12na berdinduta zihoazen hogeigarren minutu inguruan, baina atsedenaldirako 20-15 aurretik ziren donostiarrak.
Bigarren zatiaren hasieran olatuan igota segitu dute etxekoek, eta festa giroa geroz eta nabariagoa izan da Illunben. 45. minutuan hamar golena zen Bera Beraren aldea. Aulari luze egin zaio bigarren zatia. Donostiako martxa entzun da eskubaloizalez betetako zezen plazan.
Golegile onena Mariane Fernandes izan da, bost gol sartuta, eta launa sartu dituzte Esther Arrojeriak, Emma Boadak eta Laura Hernandezek. Bere historia urrezko hizkiekin idaztziko du aurrerantzean ere Bera Berak.