Egiten ari den denboraldi bikaina biribiltzea gertu du Bera Berak. Joaneko partidan egin zuen moduan (27-24), Donostiako taldeak Malagari irabazi dio gaur Espainiako Ligako finalerdietako itzulerako partidan (20-24), eta Elxen aurka jokatuko du final handia datorren astean.
Bera Berak Europan inoiz egin duen sasoirik onena egin du aurten, Espainiako Kopa irabazi du, eta ligako garaikurra berriz altxatzea soilik falta zaio denboraldiari ginga jartzeko. Finaleko lehen partida asteazkenean izango da, Gaskan, eta itzulerakoa larunbatean, Elxen.
Imanol Alvarezen taldeak gogotik lan egin behar izan du gaur Malagari irabazteko. Etxeko taldea gogotsu atera da kantxara, baina Bera Berak ondo eutsi dio haien grinari, eta, bereziki defentsan egindako lan onari esker, atsedenaldian gol bakarraren aldea zuen Malagak (11-10).
Bigarren zatiaren hasieran, epaileek txartel gorria atera diote Gavilani, eta etxeko taldeak kanporaketa berdintzeko aukera izan du. Kostic atezainak eragotzi du hori, ordea, zazpi metrotik egindako jaurtiketa bat geratuta. Gakoa izan da: 0-3ko partzial garrantzitsua egin du Bera Berak, eta amaierara arte eutsi dio olatu onari.
Iazko finala errepikatuko da datorren astean.