Bera Berak lau golen aldea irauli beharko du Lublinen aurka etxean

Igandean jokatuko da itzuliko partida, 12:00etan.

Bera Beraren eta Benficaren arteko partida, urrian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bera Beraren eta Benficaren arteko partida, urrian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2024ko azaroaren 10a
20:00
Entzun

Bera Berak 23-19 galdu du Lublinen aurka Europa Ligako kanporaketa. Txapelketan aurrera egin nahi badu, beraz, datorren asteburuko partida irabazi eta lau golen aldea irauli beharko du. Igandean izango da itzuliko partida, 12:00etan. Gaur ondo jokatu du, eta partidan nagusi izan da batzuetan, baina azken bost minutuetan egin dio ihes garaipenak.

Carmen Arroyo eta Elke Karsten izan dira partida hasieran Bera Berako jokalari onenak. Poloniako taldea partida hausten saiatu da, baina Gipuzkoako taldea bikain aritu da defentsan, eta Prades atezaina erne egon da. Erasoan lan handia egin dute jokalariek Lublinen defentsa mugiarazteko. Bi horiek izan dira Bera Berak jokatu duen partida onaren oinarriak.

Bigarren zatian, Lublin gora

Atsedenaldira aurretik joan da markagailuan Bera Bera (11-12), Elba Alvarezen gidaritzapean azken minutuan Arrojeriak lortu duen gol bati esker. Zailena, ordea, egiteko zegoen: bigarren zatian poloniarren bultzadari eustea.

Izan ere, bigarren zatian, zaleek hauspotuta, indartsu aritu da Lublin. Bera Berak eutsi egin dio defentsan, nahiz eta Pradesek alimaleko ahalegina egin behar izan. Baina erasoan makalago aritu dira Bera Berako jokalariak: Karstenek min hartu du lehen zatian, eta bigarrenean ez du jokatu.

Alvarezek eta Arrojeriak hartu dute orduan erasoaren ardura osoa, baina hori ez da nahikoa izan. Azkenean, lau golen azpitik amaitu du partida Bera Berak, eta datorren astean alde horri buelta ematen ahalegindu beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.