Eskubaloia

Bera Berak itzulera ederra izan du

Donostiako taldeak 33-28 irabazi dio Paris 92ri, Europako Ligako multzoen faseko lehen jardunaldian. Etxekoek erakustaldia egin dute azken ordu laurdenean.

Esther Arrojeria. JON URBE / FOKU
Esther Arrojeria, jaurtitzeko prest. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 11
20:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Itxaronaldiak merezi izan du. Sei urteren ostean, Bera Berak berriro jokatu du Europako lehiaketa bateko ligaxka, eta itzulera ederra izan du, 33-28 nagusitu baitzaio gaur Paris 92 taldeari, Gaskan, Europako Ligako multzoen faseko lehen jardunaldian. Garaipen horri esker, Donostiako taldeak lehen urratsa egin du klubaren historian beste mugarri bat ezartzeko: Europako lehiaketa bateko final-laurdenak jokatzea.

Imanol Alvarezek zuzendutakoek argi zuten zer egin Paris 92 mendean hartzeko: nerbioei eutsi, defentsan sendo aritu, eta erasoan, berriz, eraginkor. Lehen ordu erdi pasatxoan kosta egin zaie, eta Frantziako taldeak hiru golen aldea lortu du bigarren zatiaren hasieran: 12-15.

Baina hortxe azaldu dira donostiarren jokoa eta izaera. Defentsan estutu egin dute, eta frantziarrak bereak eta bi sufritzen hasi dira gola sartzeko. Horrek etxekoak hauspotu ditu, eta, erasoan bizi eta eraginkor arituta, emaitza irauli dute. Azken ordu laurdenean erakustaldia egin dute, zaleen gozamenerako. 

Espainiako Ohorezko Mailan, Beti Onak-ek 20-21 galdu du etxean, Sporting La Riojaren aurka. Euskal selekzioak, berriz, lagunartekoa jokatuko du bihar Txileren aurka, Pasai Donibanen (Gipuzkoa), 17:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.