Bera Berak erronka zaila du gaur, Errumanian, Brasoven aurka

Aurkari indartsua egokitu zaie donostiarrei EHF kopako bigarren kanporaketan. Alba Menendez min hartuta dago, eta ez da ariko

Maitane Etxeberria. A. CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Brasoven, Errumanian daude Super Amara Bera Berako kideak, han jokatuko baitu Donostiako taldeak gaur EHF kopako bigarren kanporaketako joanekoa, Corona Brasoven kontra (16:00). Bera Berak denboraldi honetarako bere buruari ezarritako helburuetako bat da Europako lehiaketan aurrerapausoa ematea, baina harri koskorra topatu du bidean. Harri koskorra, aurkari oso zaila baita Brasov. Hala izan behar du nahi eta nahi ez Errumaniako Liga indartsuan bigarren den taldeak, nahiz eta oraindik ez duen jokatu bi talde onenen aurka, Ramnicu Valcea eta Bukarest —bi talde horiek dira Errumaniaren ordezkariak Txapeldunen Ligan—.

Brasov aspaldiko ezaguna da Bera Berarentzat. Duela 11 urte jokatu zuten bi taldeen elkarren kontra Europako Errekopako finalerdietan. Joanekoan, Donostian, 28-27 irabazi zuen Bera Berak, baina itzulikoan, Brasoven, 39-30 gailendu ziren errumaniarrak, eta finaletik kanpo utzi zuten Euskal Herriko taldea. Inoiz ez da horren urruti iritsi Bera Bera Europako lehiaketa batean. Inor ez da geratzen bi taldeetan orduko kanporaketa jokatu zutenetatik. Tati Garmendiak aritu zen, baina kirol zuzendari da orain.

Laslo eta Buceschi erdikoak; Tirca eta Bucur albokoak; Ciuciulete eta Bazaliu piboteak; Neagu eta Pavicevic hegalekoak; eta Popescu, Hosu eta Timoxenkova atezainak. Horiek dira Brasoveko jokalari aipagarrienak.

Horiei guztiei egin beharko diete aurre Imanol Alvarezek entrenatutakoek. Horretarako, baina, hutsune garrantzitsua izango dute, Alba Menendezek min hartu baitzuen ezker hatz erakuslean, Porriñoren aurka, eta ez du gaur jokatuko. Emaitza ona lortu eta etxean jokatuko duten itzulikorako aukerei eustea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.