Bera Berak irabazi du Kopa, Beti Onak-i bederatzi golen aldea aterata

Nabarmentzekoa izan da Lucia Prades donostiarren atezainaren lana, hogei geldialdi egin baititu.

(ID_17419774239995) Lucia Prades Bera Berako atezaina.
Lucia Prades Bera Berako atezaina izan da lehenengo zatiaren protagonista nagusietako bat.
Edu Lartzanguren.
2025eko martxoaren 16a
12:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da partidarik egon. Lehenengo minutuetatik lauzpabost golen aldea atera dio Donostiako Bera Bera taldeak Atarrabiako (Nafarroa) Beti Onak-i, eta horri eutsi diote partida osoan. Azkenean, 21-30 irabazi dute, eta beste Kopa bat etxera eraman dute txuri-urdinek. Bederatzigarren garaikurra da gipuzkoarrentzat. Horrez gain, lehen aldiz lortu dute hiru irabaztea segidan.



Txistu ugari entzun dira Espainiako ereserkia jarri dutenean Granollersen. Izan ere, Euskal Herritik helduriko ikusleek bete dituzte harmailak Atarrabiako Beti Onak eta Donostiako Bera Bera taldeen arteko Kopako finala ikusteko.

Beti Onak-ek zabaldu du markagailua, baina minutu gutxiren barruan bana berdindu du Bera Berak.

Hirugarren minutuan falta egin diote Bera Berako Karsten argentinarrari, eta epaileak jokalari bat gutxiagorekin utzi du Beti Onak. Donostiarrak baliatu egin dira jokalari bat gehiago izateaz, eta gola sartu dute. Karstenek berak sartu ditu bi gol jarraian, eta 1-3 jarri da partida.

Edonola ere, bi minutuko kanporaldia igarota, jokalari guztiak berreskuratu dituzte nafarrek, eta Macarena Sansek gola sartu du.

Esther Arrojeriak jarri du 5-2koa hamargarren minutuan. Hiru tanto jarraian sartu ditu Usurbildarrak.

Maitane Etxeberriak area bazterretik hegan egin du, eta tanto ikusgarria sartu du: 7-3. Baina 14. minutuan, gaizki erori da, eta orkatila bihurritu du. Besoetatik helduta atera behar izan dute kantxatik. 

Beti Onak-en Almudena Gutierrez azkar ibili da 17. minutuan, eta donostiarren atezainak desbideratu duen pilota bat airean hartu, eta tantoa egin du. Atarrabiarren bosgarren gola izan da. Ayelen Garciak beste jaurtiketa ikusgarri bat egin du, eta seigarrena sartu du.

Horren bidez, zertxobait murriztu dute nafarrek gipuzkoarren aldea, eta markagailua 7-11 jarri da 20. minutuan.

Baina donostiarrek eutsi egin diote lauzpabosteko golen aldeari. Nabarmentzekoa izan da Lucia Prades donostiarren atezainaren lana. Izan ere, hamabi geldialdi bikain egin ditu lehen zatian.

11-16ko markagailuarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian luizi baten moduan atera dira Donostiarrak, eta hiru gol sartu dituzte jarraian. Edonola ere, hainbat baloi galdu dituzte hurrengo minutuetan nafarren arearen inguruan. Horri esker, aldea bost puntura murriztu ahal izan du Beti Onak-ek. 

Orduan, Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak denbora eskatu behar izan du. Golaren bila joateko eta lasai egoteko eskatu die jokalariei, eta gogorarazi die irabazten ari direla.

Zorte txarra ere izan du Beti Onak-ek: 40. minutuan, Isabel Fernandez-Agustik jaurtiketa egin du Pradesen atera, eta baloiak bi habe jo ditu, sartu gabe.

Nafarrek lortu dute tartea lau puntura murriztea 44. minutu aldera, baina donostiarrak berriz jarri dira zazpiko abantailarekin bi minuturen buruan.

Partida amaitzeko 10 minutu falta zirenean, 18-27 irabazten ari ziren donostiarrak, eta partida erabakita zegoela ematen zuen. Izan ere, Donostiatik helduriko zaleak garaipena ospatzen hasi dira harmailetan. Halere, nafarren jarraitzaileak ere ospatzen hasi dira bigarren izana Kopan. Denbora eskatuta, Miguel Etxeberria nafarren entrenatzaileak gogorarazi die jokalariei Kopa bikaina jokatu dutela eta postua ontzat emateko eskatu diete.

Pradesek partida utzi du 54. minutuan, sekulako lana egin ostean. Hogei geldialdi egin ditu.

Azkenean, 21-30 geratu da markagailua.

Galdu arren, emaitzak badu bestelako sari bat Beti Onak-entzat: Bera Berak liga irabaziz gero, Europan jokatzeko aukera izango dute nafarrek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.