Bera Berak irabazten baino ez daki. Ez da nekatzen hori egiteaz. Iberiar Superkopa irabaziz ekin zion denboraldiari; Espainiako Kopa irabazi zuen gero; eta liga irabazi du sasoia biribiltzeko. Gaur egin du azken hori, Elxen (Herrialde Katalanak). 24-26 nagusitu zaio etxeko taldeari Espainiako Ohorezko Mailako finaleko bigarren partidan. Beste horrenbeste egin zuen asteazkenean, lehen neurketan, Gaskan. Beraz, Donostiako taldeak azkar eta bikain egin ditu etxeko lanak. Ez du hirugarren partida jokatu behar izan. Txapelduna da.
Espero zen Elxek aurrerapauso bat ematea, eta Donostian baino gehiago estutzea Bera Bera. Estutu du, baina ez nahikoa Imanol Alvarezek entrenatutakoak mendean hartzeko. Lehen neurketan baino lehia askoz estuagoa egon da, baina Gipuzkoako taldeak berriro erakutsi du oso gutxitan egiten duela huts partida erabakigarrietan. Sufritzen jakin du, lehen zati ona egin ondoren behera egin baitu bigarrengoan, eta Elxek buelta eman baitio emaitzari. Minutu askoan joan da aurretik etxeko taldea, baina Bera Berak ez du etsi. Lau minuturen faltan, 22na berdinduta zeuden bi taldeak. Arrojeriak gol ederra sartu du; hurrengo jokaldian, Elxek baloia galdu du; eta, jarraian, Maitane Etxeberriak gola sartu du berriro. Bi minutu eta erdi falta ziren, eta bi golen aldea zuten donostiarrek: 22-24. Elx batera hurbildu da, baina Karstenek bi golera handitu du berriro aldea: 23-25. Ordurako, Bera Berako zaleak ospatzen hasiak ziren garaipena. Eta festa lehertu egin da partida bukatu denean. Gainera, Arrojeriak sartu du azken gola, kapitainaren azken partidan.
Sekulako lorpena da denboraldi batean hiru txapelketa irabaztea. Baina Bera Berak ohikoa bilakatu du erabat ezohikoa dena. Batetik, bigarren aldiz jarraian irabazi du liga, kopa eta superkopa sasoi berean. Bestetik, aldi hau kontuan hartuta, bosgarren aldiz lortu du hiru titulu horiek kateatzea denboraldi berean. Epe nahiko laburrean egin du hori, gainera, azken hamabi urteetan. Hau da, hamarkada luze bat darama Espainiako txapelketetan nagusi.
Martxa honetan, Bera Berako arduradunek lanak izango dituzte taldeak irabazitako garaikur guztiei tokia egiteko. Gaurkoa kontuan hartuta, 29 titulu bereganatu ditu: hamar aldiz irabazi du liga, bederatzi aldiz kopa, eta hamar aldiz superkopa. 2008tik hona eskuratu ditu titulu horiek guztiak; hau da, ia bi lortu ditu denboraldiko. Uzta oparo-oparoa da.
Denboraldi honetan egindakoak, ordea, badu aurrekoek izan ez zuten zerbait: Europako lehiaketan ere bikain aritu da Bera Bera. Aurreko sasoietan hori falta izan zitzaion, eta, nahi baino lehenago geratu zen lehiaketatik kanpo. Denboraldi honetan, baina, oso lehiakor aritu da, eta, aspaldiko biderik luzeena egin du. Lehenbizi, sasoi honetako helburu nagusia bete zuen: Europako Ligako multzoen faserako sailkatzea. Baina lorpen hori txiki geratu zen gero, ligaxka hori gainditu eta final-laurdenetarako sailkatu baitzen. Eta, horretan, gutxigatik ez zuen egin sekulako balentria: Lauko Finalerako sailkatzea. Baina penalti jaurtiketetan galdu zuen Blomberg-Lippe Alemaniako talde indartsuaren aurka.
Merezitako agurra
Sasoi honek ere badu zerbait oso berezia: taldean ibilbide luze eta oparoa egin ondoren, Alba Menendezek eta Arrojeriak, taldeko bi kapitainek, erretiroa hartuko dutela. Etxeko bi jokalari horiek funtsezkoak izan dira Bera Berak azken urteetan izan duen gorakadan. Eta nekez izan zezaketen agur hobeagorik: hiru titulu irabazita esango dute agur. Hori gutxi ez, eta jokatu duten azken partidan lagundu egin diote taldeari txapeldun izaten. Omenaldi hunkigarriak egin dizkiete etxean jokatu dituzten azken neurketetan. Gaur, etxetik urrun aritu dira, baina ezin bereziagoa da bizi izan dutena. Kirolari orok nahiko lukeen agurra izan dute. Haiek altxatu dute kopa. Merezi dute, barruan duten guztia eman baitute taldearen alde euren kirol ibilbide osoan.
Hain zuzen, haiei eskaini die titulua Laura Hernandez taldekideak. «Oso hunkituta nago. Sekulakoa da horrela ospatzea titulu bat. Denboraldi amaiera oso polita izan dugu».
Bera Beraren poza Beti Onak-ena ere bada: donostiarren garaipenari esker, lehen aldiz sailkatu da Europarako, baita Iberiar Superkoparako ere.