Bera-Berak aldapan gora du kanporaketa, baina irmo aurre egingo dio

Donostiako taldeak igandean jokatuko du Europako Ligako final-laurdenetako itzulerako partida, Alemaniako Blomberg-Lipperen aurka. Kanporaketa irauli beharko du Lauko Finalean izateko, 25-28 galdu baitzuen Gaskan.

Bera Bera eta Blomberg-Lippe lehian, Gaskan, Europako Ligako final-laurdenetako joaneko partidan. GORKA RUBIO / FOKU
Bera Bera eta Blomberg-Lippe lehian, Gaskan, Europako Ligako final-laurdenetako joaneko partidan. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurkariak hiru gol gehiago sartu izana bada aldea, baina ez hainbestekoa ere. Hori uste du Reyes Karrere Bera Berako jokalari eta entrenatzaile ohiak; beraz, «itxaropentsu» dago. Donostiako taldeak 25-28 galdu zuen Europako Ligako final-laurdenetako joaneko partida, Gaskan, Alemaniako Blomberg-Lipperen aurka, eta igandean jokatuko du itzulerako partida, etxetik urrun (16:00). Kanporaketa gainditzeko eta Lauko Finalerako sailkatzeko, hiru gol baino gehiagoren aldearekin irabazi beharko du Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak. Erronka handia da, bai, baina ezer ez dago erabakita: «Hiru gol dira, ez zortzi; uste dut diferentzia ez dela hainbestekoa. Gainera, Bera Berak badu hobetzeko tartea».

Argi du kanporaketa iraultzeko gakoetako bat zein den: partidan krisialdirik ez izatea. «Erasoan bi edo hiru baloi galduz gero, seguruenik alemaniarrak ziztu bizian aterako dira kontraerasoan. Bera Berak lortu behar du halakorik ez gertatzea, eta Alemaniako taldea behartu sei seiren kontra aritzera, kontraerasoak moztuz. Uste dut hori egiten badu aukerak izango dituela». Karrereren ustez, garrantzitsua izango da defentsan sendoago aritzea, baita erasoan baloia pazientziaz mugitzea ere, zirrikituak bilatu arte. Partida «zaila» espero du, baina iruditzen zaio Bera Berako jokalariek oraindik badutela zer erakutsi kantxan.

Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa izango da joanekoan egindako okerrak zuzentzea. Lehia horren ostean, Imanol Alvarez entrenatzaileak aipatu zuen arinegi jokatu zutela, irabazteko nahiak bultzatuta. Karrereren arabera, halako partidetan arriskuak hartu behar dira, baina taldeak batzuetan ez zuen asmatu bere jokoa egiten: «Bera Berak irabazteko gogoa erakutsi zuen, eta, bide horretan, beti-beti ez da asmatzen. Aurkaria indartsua bada, gainera, zure hutsak oso ondo aprobetxatzen ditu, eta horixe egin zuen Alemaniako taldeak. Bera Berak eraso motzak egin zituenean, gutxi landutakoak, aurkariak oso ondo aprobetxatu zituen huts horiek kontraerasoan. Neurri batean, iruditu zitzaidan Bera Berari gehiago kostatzen zitzaiola partida aurrera eramatea alemaniarrei baino».

«Hiru gol dira, ez zortzi; uste dut diferentzia ez dela hainbestekoa. Gainera, Bera Berak badu hobetzeko tartea»

REYES KARREREBera Berako jokalari eta entrenatzaile ohia

Donostiako taldea atzetik ibili zen ia partida osoan, baina ez zioten utzi aurkariari markagailuan alde handirik ateratzen, eta sendo aurre egin zioten. Bigarren zatiaren hasieran, aurrea hartzea ere lortu zuten. Neurketan ondo egindakoak aletu ditu Karrerek. Besteak beste, defentsako lana azpimarratu du: «Imanolek defentsa oso irekia planteatu zuen hasieran, beste partida batzuetan ere ikusi dugun hori. Batzuetan, nolabait, ito egin zuen haien erasoa. Gero, moldatu zirenean ere, jaitsi egin zuen sei metrora, baina ez defentsa itxi bat eginez, sakontasuna jarriz. Uste dut horretan ondo asmatuz gero defentsa zuzena dela, haiek jaurtitzaile oso onak dituzte eta». Prades atezainak egindako lana ere nabarmendu du, eta funtsezkotzat jo du hark maila horri eustea.

Erasoan ere lotu zituen jokaldi on batzuk Bera Berak, «baloia norabidez aldatuz, mugituz, eta zuloak bilatuz». Adierazi du «batzuetan ondo» aritu zela taldea aurrean, eta horri eutsi beharko lioketela: «Erasoko joko landua egin behar dute, haiek defentsa oso itxia eta bikaina baitute, polita. Pibotearen blokeoan oinarrituta, zuloak ez dira lehenengo edo bigarren pasean sortuko, baizik eta bosgarren edo seigarren pasean, seguruena. Eta hori ere higadura fisikoa da, higadura psikologikoa. Uste dut hor egongo dela gakoa».

Ogonovszkyren rola ere aipatu du Karrerek: «Kanpoko jaurtiketen bidez, ohiko joko hori puskatu zuen; horrek segurtasuna galarazten dio aurkariari, nolabait, ez baitaki nola jokatuko duzun. Uste dut Bera Berak sailkatzeko aukerak izango dituela bi alternatiba horiek ondo baliatzen baditu. Baina ez du partidatik atera behar».

Badaude sinisteko motiboak: «Aurreko Europako kanporaketetan, indartsu ikusi dugu Bera Bera: erritmo handiko taldea izan da, borobila; ondo aritu da atea zaintzen, baita defentsan eta erasoan ere». Uste du langa oso goian jarri dutela: «Orain, argi dago partida borobildu egin beharko dutela».

Ez da asmo makala, ordea. Aurkari gogorra dute donostiarrek, «oso indartsua». Jokalari fisikoak ez ezik, Alemaniako taldeak baditu beste indargune batzuk ere, Karrerek azpimarratu duenez. Gaskan egindako defentsa lana goratu du, kasurako.

Lauko Finala amets

Asko du jokoan Bera Berak: kanporaketa gaindituko balu, lehen aldiz jokatuko luke Europako Ligako Lauko Finala. Lorpen handia litzateke: «Oso garrantzitsua litzateke zaleentzat, klubarentzat eta Euskal Herriko eskubaloiarentzat. Beste pauso bat ematea izango litzateke. Kantxan bakarrik ez, hortik kanpo ere izango luke eragina».

Lortu edo ez, orain arte egindako bidea ere hor dago, baina. Konfort eremutik atera eta Europan «anbizioa» erakutsi izana nabarmendu du Karrerek: «Eskaileran gora egin dute». Eta bide horretan, zaleak alboan izan dituzte une oro, hauspo gisa. Giro paregabea izan da Gaskan. Karrereren iritziz, Bera Berak «makina bat urte daramatza goian», eta harmailetan izandako giro hori «egonkortasunaren ondorio» da.

Oraingoan, Bera Berakoek etxetik kanpo aurre egin beharko diote lehia erabakigarriari, baina ametsa berbera da: Europako Ligako Lauko Finala jokatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.