Denboraldiko hirugarren garaikurra lortzeko aurreneko urratsa egin du Bera Berak gaur, Espainiako Ligako finalaren lehen partidan. Atsedenaldira atzetik joan dira donostiarrak, bi golen aldearekin, baina, bigarren zatian ikusgarri jokatuta, gailendu egin dira. Larunbatean jokatuko da finalaren itzulerako partida, Elxen (18:15, Teledeporte).
Urduri hasi du partida Bera Berak. Donostiarrek pare bat baloi galdu dituzte aurreneko minutuetan, eta, bisitarien defentsa gogorra zela medio, kostata lortu dute Elxen aterako bidea aurkitzea. Pixkanaka, baina azkenerako lortu dute Ester Arrojeriaren bitartez bidea zabaltzea. Usurbildarrak sartu ditu etxekoen lehen bi golak.
Elxek errazago egin ditu jaurtiketak, baina Maddi Aallarekin egin du topo: bisitarien lehen zortzi saiakeretatik bost gelditu ditu. Lehen minutu horietan nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak, baina inork ez du lortu markagailuan nagusitzea: 5-5 13. minutuan.
Bera Berak defentsako lan onarekin egin du gora, baina gehienez ere bi golen aldea izan du (5-3 eta 7-5). Baina erasoan ez du denboraldi amaieran izandako argitasunik erakutsi, eta haien hutsak kontraerasoekin zigortu ditu Elxek. Gainera, bisitarien izarrak agertu dira pixkanaka-pixkanaka, eta partidaren norabidea aldatu dute. Tessa van Zijlek sei gol sartu ditu aurreneko zatian, eta Nicole Moralesek mota guztietako geldiketak egin ditu denbora tarte berean, horietako bi zazpi metrotik. Horrela, aurretik jarri da Alacanteko taldea, eta bi golen aldearekin joan da atsedenaldira: 11-13.
Bigarren zatian, ordea, Bera Berarik onena agertu da. Defentsan sendoago aritu dira donostiarrak, eta horrek korrika egiteko aukera eman die. Aallak ere lan ona egin du atepean, eta 4-1eko partzialak aurretik jarri ditu etxekoak: 15-14. Hutsartea eskatu behar izan du bisitarien teknikariak. Hala ere, olatuaren gainean jarraitu du Bera Berak. Marianne Fernandesek bi gol ikusgarri sartu ditu urrunetik, eta Bera Berak ederki baliatu ditu bisitarien bi minutuko zigorrak. Horrela partzial ikusgarria eskuratu du berehala: 9-3.
Bisitariek hobetu egin dute erasoan, baina ezin izan dute Fernandes gelditu. Brasildarraren golek ebatzi dute partida, eta Bera Berak jo du lehen kolpea mahai gainean. Baliteke larunbatean ligako garaikurra lortzea, denboraldiko hirugarrena.