Bera Bera Superkopa Iberiarreko finalera pasatu da, Madeirari 22-32 irabazita

Donostiako taldeak aise menderatu du Madeira (Portugal). Elxen aurka jokatuko du finala, bihar, 16:00etan.

Madeira erasoan zela, gaurko partidan. BERA BERA
Madeira erasoan zela, gaurko partidan. BERA BERA
inaut matauko rada
2024ko irailaren 7a
18:00
Entzun

Superkopa Iberiarra jokatzeko joan dira asteburu honetan Bera Berako jokalariak Maiara (Portugal), eta lehen partidan aise garaitu dute aurkaria, Madeira. 22-32 irabazi du Donostiako taldeak, eta bihar jokatuko du finala, Elxen aurka. Bera Beraren aurretik aritu da Elx, Lisboako Benficaren aurka, eta ozta-ozta igaro da finalera, 26-27 irabazi baitu. Espainiako ligaren eta Koparen irabazleak aritzen dira iaz estreinakoz jokatu zen txapelketa horretan, Portugalgo Ligaren eta Koparen irabazleen aurka; iazkoa Bera Berak irabazi zuen, Donostian.

Imanol Alvarezen jokalariek arazo handirik gabe hasi dute partida, eta atsedenaldirako markagailua 11-14 zegoen. Bigarren zatian, baina, bertsio are hobea erakutsi dute donostiarrek, zapaltzaileagoa, eta, lehen zatian bezainbat gol sartu dizkieten arren, erasoan are indartsuago aritu dira: hemezortzi gol sartu dituzte.

Asteburu motza baina gogorra izango da Bera Berako jokalarientzat, bi egunez bi partida jokatuko baitituzte. Biharko finala 16:00etan jokatuko dute, eta, horren ostean, Donostiara itzuliko dira, ligarekin jarraitzeko. Joan den astean hasi zuten liga, derbi bat jokatuta. Beti Onak-en etxean aritu ziren donostiarrak, baina nagusitasunez irabazi zuten partida hori ere: 23-35.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.