Blomberg-Lippe 19-22 Bera Bera

Bera Bera penaltietan geratu da lauko finaletik kanpo

Donostiako taldeak 19-22 irabazi du Blomberg-Lipperen aurka, baina ezin izan du lana borobildu. Seigarren penaltiak utzi du Europako Ligatik at.

Elke Karsten penalti bat botatzen pasa den astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Elke Karsten penalti bat botatzen pasa den astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko martxoaren 30a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurkoak min egin du. Europako Ligako lauko finalera sailkatzea eskuetan izan du Bera Berak bere historian lehen aldiz, baina zorigaiztoko penaltiek utzi dute kanpoan. Imanol Alvarezen taldeak neurketa bikaina jokatu du —defentsan batez ere—, ataka larrian jarri du Alemaniako Blomberg-Lippe indartsua, joaneko partidak utzitako hiru golen errenta berdindu du (19-22), baina ezin izan du balentria borobildu Lemgon (Alemania).

Penalti jaurtiketak ere ondo hasi dituzte, gainera: Blombergen lehen jaurtiketari erantzun ikusgarria eman dio Lucia Pradesek. Bigarren txandan, ordea, huts egin du Elke Karstenek. Gainontzeko laurak sartu dituzte bi taldeek. Banakako jaurtiketak hasi direnean, Arroyok huts egin du, eta Ona Veguek ez du barkatu. Orduantxe zapuztu da Bera Beraren ametsa. Amaiera krudela izan du historikoa izateko itxura zuen arratsaldeak.

Markagailuak erakusten duen moduan, Bera Berak defentsako lan ona egin du neurketa osoan. Blombergeko albokoen gainean jokalari azkarrak jarri ditu Alvarezek, eta funtzionatu du taktika horrek. Atepean, gainera, dozena bat geldiketa egin ditu Pradesek, asko une erabakigarrietan. 

Atzean fin, aurrean kamuts

Lehen minutuetan galtzen hasi da Donostiako taldea, baina berehala berdindu du, eta bi taldeak parean izan dira bigarren zatiaren erdialdera arte. Orduan hartu du aurrea Bera Berak, eta agerikoa zen etxeko taldea ez zegoela eroso. Presioa eurek zuten gainean, eta kontrako eztarritik sartu zaie bisitarien defentsa. Erasoan, ordea, ez da oso fin ibili Bera Bera, eta horrek eragotzi dio markagailuan aldea ateratzea.

Azken minutura kanporaketan gol baten errentarekin eta baloia eskuetan zuela heldu da Blomberg. Hutsartea eskatu dute alemaniarrek, jokaldia egin dute, baina Prades agertu da. Bera Beraren azken jokaldian, zazpi jokalarirekin, Elba Alvarezek bikain topatu du Marie Louis hegalean, eta frantziarrak sarera bidali du baloia. Aparretan heldu da Bera Bera penaltietara, baina alferrik.

Onenekin lehiatzeko gai dela erakutsi du Donostiako taldeak, eta kluba geroz eta sendoagoa izateko bidean dela. Ez da gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.