Bera Berak lortu du helburua: hiru hortzeko koroa eskuratuta amaitu du denboraldia. Espainiako Kopan eta Superkopan nola, Donostiako taldea gailendu da Ohorezko Mailan ere, Elx finalean menderatuta. Joaneko partida irabazita eta itzulerakoa berdinduta (27-27), bere historiako bederatzigarren garaikurra eskuratu du ligan.
Imanol Alvarezen taldea maldan gora aritu da, finalaren itzulerako neurketaren zatirik handienean. Aurkaria indartsu hasi da, eta aldea lortu du. Bera Berak tartea murriztu du partidak aurrera egin ahala, eta norgehiagoka irauli du gero. Azken minutuetan lehia orekatu arren, egoera kudeatuta dastatu du loria, berdinketa baliatuta (27-27). Joaneko partida irabazi izanak gipuzkoarren aldera bota du balantza.
Golen aldea ez da aintzat hartu azken fasean, ezta finalean ere. Hortaz, azken minutuetara artean markagailua berdindu samar egoteak bizitu egin du emozioa. Gol bat gora-behera zegoen garaikurra arauzko denboran eskuratzea, edo luzapena jokatu beharra. Azkenerako, ez du halakorik behar izan.
Hori bai, luze gabe azaldu da denbora gehigarriaren mamua. Elxek bizi ekin dio norgehiagokari, irabazteko premia gorria baitzuen. Arauzko denboran eta luzapenean nagusitzeak soilik balio zion. Hala, erritmo bizia ezarri dio neurketari, lerro artean bizi arituta, eta segituan lortu du abantaila markagailuan. Etxekoen jokoa erauntsi baten parekoa izan da lehen zatian; akatsik ez erasoan, eta sendo defentsan. Aldiz, Bera Berari kosta egin zaio kontrarioari neurria hartzea; Elx, zaleek hauspotuta, goseti atera da pistara, eta donostiarren jokoaren joskurak haustekotan izan dira zenbait unetan.
Herrialde Katalanetakoek estu hartu du Bera Beraren atzeko lerroa. Lehen erdian, lanak izan ditu Maddi Aalla atezainak, zeina gerora funtsezkoa izan baita. Azken norgehiagoka zuen talde urdinarekin, beste zenbait jokalarik bezalaxe, eta funtsezko geldiketak egin ditu bigarren zatian.
Partidak itxura eskasa hartu du Bera Berarentzat. Nahi baino gehiagotan galdu du baloia lehen zatian, lau alditan ihes egin dio baloiaren jabetzak. Halaber, etxekoen erasoko jokoak min egin dio, eta segituan zabaldu da bien arteko aldea. Elx lau golen aldearekin joan da atsedenaldira (15-11).
Bigarren zatian, susperraldia
Finalaren joaneko partidan nola, itzulerakoan ere bikaina izan da Bera Beraren bigarren zatia. Elxek aldea handitu du jokoa berrabirazi orduko, baina bost goleko tarte hori gutxika-gutxika murriztu dute Alvarezen jokalariek. Emma Boada, Mariane Fernandes, Lyndie Txaptxet... eta Maddi Aalla. Plentzitarraren jarduna ezinbestekoa izan da aurkariaren ekinaldiak ezerezteko.
Horri eta jokalarien suspertzeari esker, Bera Berak estu hartu du Elx. Fernandesek berdintzeko bidean jarri ditu donostiarrek, 47. minutuan (23-21). Bidebietakoek ez dute amore eman; posible zen garaikurra arauzko denboran erdiestea. Zer esanik ez 51. minutuan gol bakarrera kokatzean, eta minutu bat geroago neurketa orekatzean. Aurrea ere hartu du Bera Berak. Ordea, ordutik amaierara artean lehia zabal-zabalik egon da; gol bat gora-behera, aukera guztiak ziren posible. Azkenerako, Alvarezen taldeak egindako esfortzuaren saria jaso du, eta, neurketa berdinduta, garaikurra altxatu du Alba Menendez kapitainak.