Euskal taldeen arteko finala izango da bihar Kopan

Beti Onak taldeak eta Bera Berak finalerako sailkatzea lortu dute. Nafarrek balentria egin dute, azken jokaldian Granollers etxeko taldea kanpoan utzita: 20-19. Gipuzkoarrek, berriz, bi golen aldeaz hartu dute mendean Porriño: 26-24

Elba Alvarez Bera Berako jokalaria, erasoko jokaldi batean. FEB
Elba Alvarez Bera Berako jokalaria, erasoko jokaldi batean. FEB
ainara arratibel gascon
2025eko martxoaren 15a
18:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal taldeen arteko derbia izango da bihar, Espainiako Kopako finalean, Granollersen, Herrialde Katalanetan (11:15, Teledeporte). Handia egin du Beti Onak taldeak. Izan ere, nafarrek etxeko taldea utzi dute kanpoan, Granollers, azken unean Grasiellyk sartutako gol bati esker: 20-19. Bera Bera, berriz, final-laurdenetan bezala, kostata aritu da lehen zatian. Baina bigarrenean duen eskarmentua ezarri du, hobeto kudeatu ditu neurketaren une erabakigarriak, eta horri esker hartu du mendean Porriño: 26-24. 2015-2016ko denboraldian izan zen euskal taldeen arteko azken Kopako finala. Barakaldon jokatu zen orduan, Bera Beraren eta Zuazoren artean, eta gipuzkoarrak nagusitu ziren.

Biharko finala galduta ere, ahaztezina izango da Beti Onak taldearen estreinako aldia Kopan. Atzo handia egin zuen ligako liderra kanpoan utzita. Gaur, berriz, etxeko taldea mendean hartzeko gai izan da, eta finalean da, merezimendu osoz. Gozatzea zuten helburu nafarrek, eta garaikurra irabazteko aukera izango dute bihar, egungo txapeldunari gailenduz gero.

Granollersen aurkako partidako lehen hamar minutuak parekatuak izan dira. Beti Onak-ek ondo eutsi dio. Miguel Etxeberriak Patri Encinasen alde egin du nafarren atea zaintzeko, eta, final-laurdenetan Olaia luzuriagak egin bezala, hark geldiketa on batzuk egin ditu.

Baina erasoan ez dira horren fin aritu nafarrak lehen zatian. Zailtasun gehiago izan dituzte kataluniarren defentsan hutsuneak topatzeko. Lan ona egin dute, eta, kataluniarrek bi golen aldea lortu arren, partidan sartuta jarraitu dute. Defentsan ere txukun aritu dira. Espero bezala, Capdevilla eta Somaza izan dira Granollersen jokalari onenak erasoan.

Hogeigarren minutuan, aldea gol batera murriztu da, Isi Fernandez Agustiren gol bati esker: 7-8. Baina gero ia hamar minutu eman ditu asmatu ezinik. Lehen zatia amaitzear zela sartu dute hurrengo gola. Penaltiz izan da, Nerea Canasen bidez. Aurkariaren ate aurrean izan ez duten eraginkortasuna, dena den, beraien atea zaintzen izan dute. Kataluniarrek gol bakarra egin dute bitarte horretan, eta lehen zatia 9-8 bukatu da. Aurreneko 30 minutu horietan izan da beste datu esanguratsurik: talde bakoitzak 11 baloi galdu ditu. Horrek erakusten du erasoan zehaztasun falta izan dutela.

Bigarren zatiak antzeko hasiera izan du. Bi taldeen arteko lehia estua izan da, eta zenbait berdinketa izan dira: 9-9, 10-10 eta 11-11. Baina 35. minutuan partidan berriz aurretik jartzea lortu dute nafarrek, bigarrenez: 12-11. Gainera, hurrengo jokaldian Olaia Luzuriaga atera da, eta penaltia gelditu dio Capdevilari. Estu jarraitu du norgehiagokak, ez talde batek ez besteak ez dute lortu alderik ateratzea. Dena azken txanpan erabaki da.

Eta hura ere estua izan da. Luzuriagak eta Granollerseko atezain Marta Merak geldiketa onak egin dituzte, eta bost minutu falta zirenean 17-17 zegoen markagailua. Emozioa nagusi izan da azkenera arte. Beti Onak aurretik zen minutu erdiren faltan: 19-18. Baina orduan Somaza agertu da, eta gola egin du etxekoentzat. Bazirudien partida luzapenera zihoala. Hamar segundo baino ez ziren falta, eta Miguel Etxeberriak hutsartea eskatu du. Jokaldi bizkorra egin, eta urrutitik jaurti du Grasiellyk; hark gola sartu, eta loria eman die nafarrei.

Bera Bera, atzokoaren bidetik

Jokatzeko duen eragatik, Porriño beti izan da aurkari deserosoa Bera Berarentzat. Gaur, beste behin, halaxe izan da. Final-laurdenetan bezala, Bera Berak ez du ondo hasi norgehiagoka. Porriño 0-3 aurreratu da, eta donostiarrek ez dute asmatu erasoan. Lehen sei ahaleginetan huts egin dute. Besteak beste, Palomino atezainak hainbat geldiketa egin dizkie Imanol Alvarezek zuzentzen dituen jokalariei.

Azkenerako sei minutu eta erdi behar izan dituzte galiziarren atea urratzeko. Kontraerasoan izan da, eta Maitane Etxeberriak sartu du gola. Erasoan asmatu ezin zuenez, defentsan estutu du Bera Berak. Horrek erasoan bizi ateratzeko modua eman dio, eta 4-3 aurretik jartzea lortu du. Baina berriro ere Porriñok hartu du jokoaren ekimena, eta hegaletik min eginda hiru golen errenta lortu dute galiziarrek: 4-7. Imanol Alvarezek hutsartea eskatu du orduan.

Dena den, Bera Berak kontrakarrean jarraitu du. Porriño hobeto aritu da, pistan ondo jarrita. Defentsa aurreratu bati esker Bera Berako erdikoek eta albokoek ezin izan dute eroso jaurti, eta Gavilanek eta Tchaptchet arazoak izan dituzte pibotean baloia jasotzeko. Lau golen aldea ere lortu du Porriñok. Batez ere hegaletatik egin dute mina galiziarrek, besteak beste, Maider Barro errenteriarraren bidez.

Bera Berak hortzak estutu behar izan ditu, sufritzen jakin, bost golen aldea ere lortzear egon baita Porriño. Baina lan handia eginez partida ez haustea lortu dute gipuzkoarrek. Alderantziz. Bizpahiru eraso on baliatuz, aldea murriztu dute lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirenean: 11-10. Azken txanpa horretan bi taldeek sartu dituzte golak, eta 13-12 amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatiari partida berdinduz ekin dio Bera Berak, Elke Karstenek penaltiz sartutako gol bati esker. Hurrengo minutuak parekatuak izan dira. Ez talde batek ez besteak ez dute norgehiagoka apurtzea lortu. Baina pixkanaka, Bera Bera bere legea ezarriz joan da. Halako txapelketetan eskarmentu gehiago duela baliatuz, hobeto kudeatu ditu bigarren zatiko lehen hamabost minutuak, eta hor hasi da neurketa bideratzen: eraso erabakigarrietan gehiago asmatu dute Porriñok baino, ez dituzte baloi galera inozoak izan; tenplea izan dute. 42. minutuan donostiarrak aurretik jarri dira lehen aldiz: 17-16. Alde hori hirura igo dute handik gutxira: 19-16 (45. min.).

Porriñok borrokan segitu du, eta aldea murriztea lortu du. Baina ez da gai izan partida berdintzeko. Bigarren zati horretan Bera Berak ondo itxi ditu haien hegalak, eta antzeman egin da, erasoan hortik egiten baitute min sarri galiziarrek. Bost minutu falta zirenean hiru golen errenta zuen Bera Berak: 23-20. Bigarren zati horretan erabakigarriak izan dira Pradesen geldiketak eta Elba Alvarezen golak. Halaber, une erabakigarrietan Esther Arrojeria azaldu da. Atzo bezala bi golen aldeaz irabazi du Imanol Alvarezen taldeak: 26-24. Nahikoa biharko finalean egoteko. Irabaziz gero bederatzigarren garaikurra izango dute gipuzkoarrek, eta lehen aldiz hirugarren aldiz segidan lortuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.