Espainiako Eskubaloi Kopa

Bera Bera koadroaren alderik zailenean ariko da Illunben jokatuko den Kopan

Guardes izango dute aurkari donostiarrek final-laurdenetan, eta, galiziarrak menderatuz gero, ligako lehen bi sailkatuetako baten aurka ariko dira finalerdietan; Elxen edo Malagaren aurka, alegia.

(ID_11570305) BERA BERA-ROCASA
Maitane Etxeberria partida batean jaurtiketa bat egiteko prest. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 20a
13:50
Entzun

Maiatzaren 10etik 12ra Donostiako Illunben jokatuko da Espainiako Eskubaloi Kopa, eta bertan izango diren zortzi taldeek dagoeneko badakite zeintzuk izango dituzten aurkariak eta zer ibilbide egin beharko duten garaikurra lortzeko. Bera Berak, etxeko taldeak, Guardes izango du aurkari. Errebantxa kutsua edukiko du partidak, duela bi urte Illunben jokatu zen Kopan Guardesek kaleratu baitzuen etxeko taldea. Kanporaketa hori irabazten duena Malagaren eta Elxen arteko partida irabazten duen taldearen aurka ariko da finalerdietan. Ez da nolanahiko partida izango, ligako lehen bi sailkatuak baitira. Final-laurdenetako beste bi kanporaketak ondorengoak dira: Granollers-Elda, Porriño-Valladolid.

Donostiako Aquariumean egin da zozketa, eta bertan egon dira zortzi taldeetako ordezkariak, Francisco Blazquez Espainiako Eskubaloi Federazioko presidentea, Goizane Alvarez Kultura, Gazteria, Kirol eta Lankidetzako foru diputatua eta Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia. Iazko lehiaketari dagokionez, Porriño eta Elda dira aldaketa nagusiak, ez baitziren iazko Koparako sailkatu.

Baina aldaketa gehiago ere izan ditu aurtengo zozketak. Izan ere, talde antolatzaileak, Bera Berak, alegia, ezin izan du aukeratu koadroaren zein aldetan aritu nahiko duen. Horrela, zoriaren menpe egon behar zuten donostiarrek, eta zortea ez dute lagun izan. Nabarmen koadroaren alde zailena denean aritu beharko dira. Guardes ez da nolanahiko aurkaria, batez ere duela bi urteko finalerdian gertatutakoa ikusita. Gaur egun seigarren postuan dago sailkapenean Galiziako taldea, eta hirugarren daude donostiarrak. Baina kanporaketa hori gaindituz gero, ligako lehen bi sailkatuetako baten aurka aritu beharko du Imanol Alvarezen taldeak finalerdietan. Alegia, Elxen edo Malagaren aurka. Aurten, baina, duela bi urte baino hobeto aritu nahi dute donostiarrek, eta posible bada, iazko lorpena errepikatu.

Bera Berak izan dezakeen presioaz asko mintzatu dira azken asteetan. Etxean jokatzeak bere alde onak eta txarrak dauzka beti, baina duela bi urte finala jokatu gabe gelditzeak min handia egin zion Donostiako taldeari. Hori hobetzea ere bada presioaren parte. Horren gainean mintzatu dira Alvarez entrenatzailea eta Alba Menendez kapitaina. Alvarezek dionez taldeak ez du presiorik nabaritu gaur arte, eta jokoan soilik xahutu nahi dituzte indarrak: «Ez dugu presiorik nabaritzen. Kluba oso ondo ari da lanean pistatik kanpo Kopa honetan dena ondo irten dadin, eta gure ardura da esperientzia bizitzen saiatzea eta kirol arloan maila ematen ahalegintzea». Menendezek, berriz, erantzukizuna aipatu du: «Bera Bera ohituta dago presioarekin jokatzera, azken urteetan lortu dituen emaitzengatik. Hiri bat atzean dugula pentsatzeak presio handiagoa ekar diezaguke, baina nik uste dut oso erantzukizun polita dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.