Bera Bera 26-20 Lublin

Bera Bera Europako Ligako multzoen fasean izango da

Aurten bai. Donostiako taldeak lau goleko errenta behar zuen kanporaketa gainditzeko, eta 26-20 irabazi du Lublinen aurka.

Esther Arrojeria baloiarekin, gaur, Gaskan. JON URBE / FOKU
Esther Arrojeria baloiarekin, gaur, Gaskan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 17a
14:35
Entzun

Lortu du Bera Berak. Bost urtez jarraian ligaxkaren atarian geratu dira donostiarrak, iaz gol baten aldeagatik, eta arantza atera dute gaur. Gaskan izan den giro bikaina baliatuta, Imanol Alvarezen neskek 26-20 irabazi dute Poloniako Lublinen aurka, eta joaneko neurketako aldea irauli dute (23-19 galdu zuten). Europako Ligako multzoen fasean izango dira.

60 minutuetan, defentsa lan ikusgarria egin du Bera Berak. Lublinek hogei gol eskas sartu ditu, eta, horri esker, kontraeraso ugari egin ahal izan dituzte etxekoek. Erasoan Esther Arrojeria izan da onena: Usurbilgo lehen lerrokoak 8 gol sartu ditu, horietatik sei lehen zatian.

Kosta zaio neurketan sartzea etxeko taldeari (3-4), baina lehen minutuetatik defentsan egin duten lan onak zenbait kontraeraso egitea ahalbidetu die, eta, atsedenaldia heltzerako, aurretik ziren kanporaketan (14-9). 

Bigarren zatian, ordea, indartsu zelairatu dira poloniarrak, eta bi golera murriztu dute aldea (16-14). Erasoan lanak izaten jarraitzen zuten, ordea. Defentsan zoragarri ibili dira Gavilan eta Arroyo, eta erasoan emaitza onak eman ditu Arrojeriak, Elba Alvarezek eta Joaok osatu duten lehen lerroak. 

Azken estutua

Hamar minutu falta zirela, 24-16 ari zen irabazten Bera Bera; bost minuturen faltan, 25-17. Dena kontrolpean zegoela zirudien, baina jokalari bat gutxiago zirela bi baloi galdu dituzte etxekoek, eta, horri esker, abantaila bost golera murrizteko balio izan dioten bi gol azkar sartu ditu Lublinek. 

Imanol Alvarezek hutsartea eskatu du azken jokaldia agintzeko; baloia heldu zaio hegalera Hernandezi, baina ez du asmatu. Kanporaketa berdintzeko baloia zuen Lublinek, baina inor baino azkarrago ibili da Arrojeria: jabetza berreskuratu du, Maitane Etxeberriari eman dio baloia, eta Lezokoak borobildu du balentria. Gogotik ospatu dute gola Gaskan bildutakoek, bozgorailuetatik jarri duten Donostiako martxaren erritmora.

Horrela, denboraldiko helburu nagusietako bat bete du Bera Berak. Gaurkoa garrantzitsua zen klubarentzat, «denboraldiko partidarik garrantzitsuena» Alvarezek asteon esan duenez. Europan ere zertarako gai diren erakusteko aukera izango dute.

Bera Bera: Prades eta Kostic; Erauskin (3), Arrojeria (8), Tchaptchet , Arroyo (5), Hernández (1), Gavilan (1), Etxeberria (1), Elba Alvarez (5), Ogonovszky, Marie Louis (1), Joao (1), Menendez eta Karsten.

Lublin: Gawlik eta Wdoniak; Nieuwengweg, Rosiak (1), Planeta (1), Balsam (5), Szynkaruk, Pastuszka (2), Posavec (1), Matuszczyk (2), Tomczyky (1), Wieckowska (2), Andruszak (3), Fedenczak (2) eta Olek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.