Balentria egin eta beste mugarri bat ezarri du Bera Berak. Sei urteren ostean, berriro jokatu du Europako lehiaketa bateko ligaxka, eta itzulera biribildu du: final-laurdenetarako sailkatu da. Espero baino lehen lortu du, gainera: ligaxkako azken partida jokatu aurretik. Ustekabez, Norvegiako Fredrikstad taldeak galdu egin du etxean Paris 92ren aurka, eta, beraz, Bera Berak ziurtatua du bigarren postua.
Azken partida jokatu aurretik lortu du helburua Donostiako taldeak, eta festa giroa nagusituko da bihar Gaskan. Lorpenari ginga jarri nahi dio, Alemaniako Bensheim-Auerbach Flames taldearen aurka irabazita (18:00). Hala ere, irabazi, berdindu edo galdu, sailkapena ez da aldatuko. Lehen postuan bukatuko du ligaxka Alemaniako taldeak, eta bigarren Bera Berak. Biek egingo dute aurrera.
Biharko Gaskako partida kale edo balekoa izatea espero zuten jokalariek, baina ez da hala izango: neurketa hasi aurretik lortu dute sailkatzea, Fredrikstaden kontura. Paris 92 taldeak mahai gainean kolpea eman du, 28-29 irabazita. Sailkapenaren zuloan zeuden frantziarrak, partida guztiak galduta, eta ez zuten ezer jokoan, baina lehiaketari amaiera ona eman nahi izan diote. Eskertu du Bera Berak. Alba Menendez kapitainak esan zuen klubaren historian «orrialde berri bat» idatzi nahi zutela. Bada, idatzi dute.
Presio guztiak uxatuta, gozatu egin nahi dute bihar pistan, zaleen babesean. Eta nola hobeto, irabaziz baino. Festa bermatuta dago, baina aurkari ahaltsua izango dute parean. Alemaniarrek ligaxkan jokatutako bost partidak irabazi dituzte. Lehen itzulian, 34-32 galdu zuten donostiarrek. Imanol Alvarez entrenatzaileak funtsezkotzat jo du defentsan sendo aritzea.
Etxean orain arte jokatutako bi partidak irabazi ditu Bera Berak: 33-28 Paris 92ren aurka, lehen jardunaldian, eta 32-26 Fredrikstaden kontra. Hirugarrena ere nahi dute.
Itzulera gozoa
Bost aldiz jarraian Europako lehiaketa bateko ligaxkarako sailkatzeko atarian geratu dira donostiarrak, Brasov, Zvezda, Valcea, Besançon eta Solabaina taldeek kanporatuta; kostatu zaie, baina seigarren ahaleginean lortu dute, eta itzulera gozoa izan dute, oso gozoa. Final-laurdenetara sailkatzea lortu, eta beste urrats bat egin dute Europako ibilbidean.
Europan klubaren historiako 132. partida jokatuko dute bihar. Tartean, badaude mugarri batzuk: besteak beste, 2008an Errekopako finalerdiak jokatu zituzten, eta 2012-2013ko denboraldian Txapeldunen Ligako multzokako fasea jokatu zuten, liga irabazita. Europako lehiaketa bateko ligaxkan, berriz, 2018-2019ko denboraldian aritu ziren azkenekoz: orduan ez zuten lortu aurrera egitea; oraingoan, bai.