Espainiako Ohorezko Mailako euskal taldeek atseden hartzeko aukera dute urtarrilera arte, hurrengo urtera arte ez baitiote berriz ekinen lehiaketari —Europako Txapelketa jokatuko da Serbian, abenduaren 4tik 16ra—. Aurreko sasoiarekin alderatuta, gauzak anitz aldatu dira oraingoan. Sailkapeneko beheko aldean da gutxira arte guztiz ahaldun izan den Itxako. Bera Berak, berriz, aurreko urteotan egindako lanaren bidetik, eskura du lehendabizikoz txapela janzteko aukera. Bederatzigarren da Zuazo, eta hamargarren Kukullaga. Mailari eustea dute helburu nagusi, Itxakok bezala.
REYES CARRERE Bera Berako entrenatzailea
«Liga maratoi baten gisakoa da; erregulartasunari eustea funtsezkoa da»
Lehen txanpa hirugarren amaitu du Bera Berak, 17 punturekin, Rocasaren eta Elxen atzetik. Emaitza horrekin kontent da donostiarren entrenatzaile Reyes Carrere. «Ligan bizirik gaude; eta Superkopa gurea da. Europan ere, aurrera goaz», laburbildu du orain arte egindako lana. Liga «eskura» ikusten du, baina ez du deus egintzat jo nahi. «Maratoi baten gisako txapelketa da liga. Erregulartasunari eustea funtsezkoa da».
Ikusteko dago nola eraginen dion taldeari hilabete eta erdi luzeko etenaldiak. «Gauza onak eta txarrak ditu oraingo etenaldiak. Onak probestu behar ditugu. Hausnarketa egiteko aukera emango digu, adibidez, zer hobetu aztertzeko».
Entrenatzaileak argi du zertan egin behar duen lan taldeak. «Defentsan ondo ari gara, baina pixka bat gehiago estutu behar dugu. Posizioko erasoan ere hobera egin behar dugu, baloia arinago mugitzen asmatu. Konfiantzarekin aritu behar dugu».
Oro har, taldea bere jokoa egiten ari dela uste du Carrerek, eta bide horretatik jarraitzen badu, emaitzak etorriko direla ziur da. «Garrantzitsuena da gu gustura aritzea pistan».
Europa ez du ahaztu nahi. Errekopako final-zortzirenak zain dituzte. Txapeldunen Ligatik at utzi zuen talde beraren aurka ariko dira, Vistal Laczpol Gdynia Poloniako taldearen kontra, hain zuzen ere. «Baziren aurkari sendoagoak, beraz, pozik naiz. Gainera, orain hobeto gaude».
JOSEBA ETXEBERRIA Zuazoko entrenatzailea
«Defentsan, badugu zer hobetu; gol anitz egiten digute, eta hori konpondu behar dugu»
«Ailegatu berriak gara; bederatzigarren postua ona da. Kontent gaude». Horixe nabarmendu du Zuazoko entrenatzaile Joseba Etxeberriak. Zortzi punturekin, jaitsiera postuak urruntzea lortu du Barakaldoko taldeak. «Helburua mailari eustea da», erantsi du.
Lydia Montes Kukullagako entrenatzailearekin bat egin du Etxeberriak, eta oraingo sasoian Ligan izan diren aldaketek oreka ekarri dutela erran du. Zuazoren gisako taldeentzat oreka hori pizgarri garrantzitsua dela gaineratu du Etxeberriak. «Seigarren eta hamargarren sailkatuen artean puntu gutxiren aldea dago. Lehia handia dago, eta partida guztiak irabazteko modukoak dira. Garrantzitsuena da hori argi izatea, eta eskubaloiaz gozatzea; pistan gustura aritzea».
Azken hilabetean jokoan ziren zortzi puntuetatik bost eskuratu ditu Zuazok. «Bolada onean ginen». Etxeberriak argi du ikusteko dagoela etenaldiak zer eragin izanen duen. «Ezin dugu orain arteko erritmoa galdu». Urtarrilean lan gogorra izanen du Zuazok, gainera, bi derbi jokatuko baititu, Bera Bera eta Kukullagaren aurka. «Bera Beraren aurkako partida zaila izanen da, baina hor egon behar dugu, eta onena eman». «Defentsan zer hobetu» badutela uste du Etxeberriak. Horixe izanen da urtarrilera arteko lana. «Gol anitz egiten digute, eta hori konpondu beharra dugu».
LYDIA MONTES Kukullagako entrenatzailea
«Koparako sailkatzeko lan eginen dugu, ahaztu gabe, hala ere, talde apala garela»
«Akaso, punturen bat gehiago lortzeko aukera izan dugu, baina bide onetik goazela uste dut, ongi ari garela. Kontent nago». Horixe erran du Montesek, Kukullagak orain arte egindako lanari buruz.
Oraingo sasoiari buruz, ligan «kalitateak behera» egin duela nabarmendu du Montesek, lehen mailako jokalari gehienak kanpoan ari direlako. Horrek lehiari bizitasuna ematen diola erantsi du: «Oreka da nagusi; jada ez dago Itxakoren gisako talde bat, bertzeak baino anitzez ere gorago dagoena».
Oraingo etenaldiarekin ez da kontent Kukullagako entrenatzailea. «Luzeegia da; bertze denboraldi-aurre bat egitearen gisakoa da. Lesioak osatzeko denbora ematen dizu, baina, oro har, ez da ona. Gero zaila da berriz lehiaketaren erritmoa hartzea».
Etenaldira sasoi betean ailegatu da taldea, Montesen hitzetan. Eta orain bere lehentasuna sasoi horri eustea izanen da. Lehiaketarako grina ez galtzea xedetzat jo du, halaber. «Horretarako, bospasei partida antolatu ditut tarte honetarako».
Mailari eustea da Kukullagaren helburu nagusia, baina Montesek aitortu du bertzelakorik ere badutela. «Espainiako Koparako sailkatzeko lan eginen dugu. Ahaztu gabe, hala ere, talde apala garela». Bigarren denboraldia du oraingoa Kukullagak maila nagusian, eta entrenatzaileak ez du gora egiteko presarik. «Urratsez urrats egin behar dugu aurrera, presarik gabe».
EDUARDO IZQUIERDO Itxakoko entrenatzailea
«Erronka bat da hau niretzat; nire jokalariak hobeak izatea bertzerik ez dut nahi»
Oraingo sasoiko Itxakok ez du deus ikustekorik aurreko denboraldikoarekin. Liga hasi baino bi egun lehenago hartu zuen Eduardo Izquierdok taldearen ardura. Hamabi jokalari bertzerik ez du bere aginduetara, eta haietako anitz lehen aldiz ari dira maila nagusian. «Egoera horrek erabat baldintzatu du nire lana. Lan fisiko gutxi egin dugu, ezin genuelako lesio baten ondorioz inor galdu».
Orain arte egin ez duena egiteko profitatu nahi du Izquierdok oraingo etenaldia. Argi du orain arteko lana ez dela ona izan, partida bakarra irabazi baitu Itxakok. Egoera kontuan hartuta, argi du gehiago ere ezin dela eskatu. Zer hobetu badutela badaki, eta lan horri ekin nahi dio. Mailari eustea da bere helburu bakarra. Horretarako, erran du aurreneko urratsa lehen itzulia zortzi punturekin amaitzea lortzea izanen dela.
Badu bertze xederik, dena den. «Taldearen ardura hartzea erronka handia izan da niretzat. Hori da niretzat pizgarri nagusia. Sasoia amaitzen denean nire jokalariak hobeak izatea bertzerik ez dut nahi».
Bera Bera, bere aukeren bila
Hirugarren postuan ailegatu da Donostiako taldea urtarrilera arteko etenaldira; Ligako txapela inoiz baino gertuago duBederatzigarren da Zuazo, eta hamargarren Kukullaga; Itxakok sasoirik zailena du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu