Londresera bidean harrapatu du BERRIAren deiak Mikel Arteta (Donostia, 1982). Erresuma Batuan ia hamar urte daramatza jada, 2005ean Evertonekin iritsi zenetik. Egun, Arsenaleko jokalaririk garrantzitsuenetako bat da. Aurretik, Eskozian ibilbide oparoa eduki zuen Glasgow Rangersen. Realeko arantza, ordea, «barruraino» du sartua: 2004ko udan etxera itzuli zen, baina gauzak ez ziren espero bezala joan. Realak bihar Manchester Uniteden aurka Txapeldunen Ligan jokatuko duen partidaren harira, Ingalaterrako futbolaz eta bere ibilbideaz aritu da luze eta zabal.
Ia hamarkada bat daramazu jada Ingalaterran. Dagoeneko ez duzu sumatuko Hernani eta Donostiaren falta.
Nire ibilbide ia osoa hemen egin dut. Horrek ez du esan nahi, ordea, familia, lagunak edo Donostiaren falta sumatzen ez dudanik. Ingalaterran oso gustura sentitzen naiz, eta esperientzia izugarriak gozatzeko aukera izan dut.
Etxeko janariarekin, behintzat, gogoratuko zara.
Ekarri egiten dugu! Dena oso ongi antolatua dugu, janaria arazorik gabe irits dadin. Txuletak, arraina… eta behar den guztia. Etxeko hozkailuan hango jaki gehiago daude, hemengoak baino.
Zer-nolako harremana duzu zure txikitako lagunekin?
Harreman estua dut oraindik haiekin. Gaur egun ditudan lagun gehienak Antiguokon jokatzen nuen garaikoak dira. Ikastolako pare bat lagunekin ere badut harremana. Donostiara joaten naizen bakoitzean, sagardotegiren batean afaltzeko ohitura izaten dugu. Gastronomiaz gozatzen saiatzen naiz.
Gaztetatik hasi zinen handik hona mugitzen. 15 urterekin, Bartzelonara joan zinen. Nola gogoratzen duzu?
Erabaki zaila izan zen, baina nik hartu nuen, ilusio handia egiten zidan eta. Antiguokon nengoen, eta urtebete neraman Athleticekin entrenatzen. Orduan, Bilbora bizitzera joateko goizegi zela uste nuen. Udan, ordea, Bartzelonak deitu zidan, nire txikitako taldeak. Nire ilusioa zen. Inoiz hartu dudan erabakirik onena izan da, han dagoen prestaketa profesional zein pertsonala Europako onenetarikoa baita.
Gogorra izan zen?
Niretzat ez. Batetik, ez nuelako adinik horretaz jabetzeko, eta, bestetik, nire ilusioa zelako. Gurasoentzat, ordea, gogorra izan zen. Niretzat onena izango zen erabakia hartu behar zuten, eta haiengandik urrun egotea eta beste ume batzuekin batera abentura berri horretara bidaltzea arriskutsua ere bazen. Ikasketei uko egin behar nien, eta gurasoak ez ziren horren aldekoak. Horregatik, hitza eman nien ikasketekin jarraituko nuela, baldin eta Bartzelonako esperientziak huts egiten bazuen. Ikasketei eutsi behar nien, badaezpada.
Zer geratzen da orduko Mikel hartatik?
Esperientzia baliagarriak izan ditut eskarmentua lortzeko eta pertsona gisa haziz joateko. Nire ibilbidean, gauza bat argi geratu zait: futbolean ezin duzu ezer planifikatu; futbolak berak eramaten zaitu zu. Zuk dena ematen duzu gauza batzuk gerta daitezen, baina horietako batzuk ez daude zure esku, eta horien inguruan erabakiak hartu behar dituzu. Batzuetan erabaki arriskutsuak hartuko nituen, eta beti sortzen zaizkizu zalantzak: Parisera 17 urterekin [PSGra joan zen utzita 2000-01eko sasoian] joan beharrean Bartzelonan zertxobait itxaron izan banu, zer gertatuko zen? Horrelako galderak sortzen dira. Hala ere, nola edo hala, aukerarik onenak egiten saiatzen gara.
Eskozian arrakasta lortu zenuen, eta azken urteotan Ingalaterran. Zure ezaugarrietara hobekien egokitzen den futbola aurkitu duzu bertan?
Jokalaria izugarri errespetatzen da, eta hemen dagoen futbolaren memoria ia bakarra da Europa osoan. Futbola pasioa da, eta nik horrekin gozatu egiten dut. Asteburua iristen da, eta berdin dio zein zelaitan zauden: giroa beti ikaragarria da. Tratua, kluben egitura, pentsaera… Komunikabideei dagokienez, adibidez, guztiz desberdina da. Hainbat esperientzia izan ondoren, uste dut benetan gustura nagoen lekua aurkitu dudala. Eta ez naiz bakarra. Ingalaterrara etorri diren jokalari gehienek ere iritzi bera dute.
Hirugarren denboraldia duzu Arsenalen. Aurreko bi sasoiak oso onak izan ziren. Londresera iristean, espero zenuen horrelako ibilbidea egitea?
Horrelako pauso bat ematen duzunean, beti duzu zalantza hori. Ez dakizu ongi moldatuko zaren horrelako klub garrantzitsu batean, hirira egokituko zaren… Are gehiago, fitxaketa garaiko azken egunean iristen bazara. Baina niregan konfiantza osoa duen entrenatzaile batekin egoteko zortea izan dut, zelaian erantzukizuna eman didana, gainera. Ilusio handia nuen Arsenalera etortzeko, nire ezaugarriekin bat zetorrelako. Elementu horiei esker, dena ondo ateratzen ari da.
Zelai erdian jokalari garrantzitsuenetako bat zara. Nola daramazu erantzukizun hori Arsenal bezalako talde batean?
Nik gozatu egiten dut. Norbaitek erantzukizun hori ematen badizu, zuregan konfiantza osoa duelako ematen dizu; entrenatzaileak dituen helburuak betetzeko nortasuna duzun seinale da hori. Nik gustuko dut. Gozatu egiten dut, eta natural hartzen dut.
Ezin hobeto hasi zarete. Zein berezitasun du Arsenal honek, Premier Leagueko lider izateko?
Ongi hasteak eta joan den denboraldiko berdinketa batzuk aurten irabazteak konfiantza handia ematen dizu. Horri Mesut Oezilfitxatu izana gehitzen badiozu… Partidetan aldea egiten duen jokalaria da. Gainera, aurreko urteetako talde sendoari eutsi diogu, eta horrek asko laguntzen du. Ilusio handia dugu.
Ezagutu izan duzun jokalaririk bereziena da Oezil?
Berezienetako bat, bai. Ronaldinho eta Anelkarekin jokatu nuen garaia ere, adibidez, hor dago. Oso jokalari bereziak ziren, eta horiek ere asko markatu ninduten. Baina Oezilek zerbait berezia du; desberdina da. Ez da egunero ikusten horrelako ezaugarriak dituen jokalari bat, eta, bere postuan, munduko hiru onenen artean dago.
Goazen Realeko garaira. Xabi Alonsoren ordezko gisa iritsi zinen. Zein asmorekin itzuli zinen Donostiara?
Donostiara familia arrazoiengatik itzuli nintzen. Ilusio berezia egiten zidan etxera itzultzeak, 15 urterekin joan bainintzen, eta, gainera, aurreko denboraldian Txapeldunen Ligan jokatu zuen talde indartsu bat zuen Realak. Jendeak Xabi Alonsoren ordezkoa nintzela esaten zuen, baina nik argi nuen nire egitekoa beste bat zela; ezaugarri desberdinak ditugu. Banekien, gainera, Donostiako ibilaldia zaila izango zela, entrenatzailearengatik. Pieza horiek ez zirela ongi egokituko konturatu orduko hartu nuen joateko erabakia. Ez nuen esperientzia txarrik nahi nire etxean. Oso erabaki zaila eta gogorra izan zen.
Jendeak oraindik ez zaitu ahaztu Donostian.
Oso esperientzia aberasgarria izan zen niretzat. Aurretik ez nintzen inoiz aulkian egon, eta hor ere asko ikasten da. Nik beti esaten dut Realean igarotako bost hilabeteak gehien irakatsi didaten hilabeteak izan zirela, oso zailak izan baitziren. Munduko ilusiorik handienarekin iritsi nintzen Donostiara, eta azken postuetatik irten ezinik zebilen talde bat aurkitu nuen, hamasei jardunaldietan hamasei hamaikako desberdin izan ziren, eta ni ez nintzen bakar batean ere egon… Gogorra izan zen. Nik banekien zein zen egoera, eta ez nuen horren aurka borrokatu nahi. Esker onekoa izan nahi nuen fitxatu nahi izan nindutenekin, eta horregatik erabakiak errespetatu behar nituen. Baina oso argi nuen nire egoera ez zela aldatuko ez epe laburrean eta ez luzean. Ez zen inorentzat bidezkoa gaizki amaituko zen zerbaiten alde borrokatzea.
Zerk eman zizun amorru handiena?
Tratu bera ez izateak. Arraro sentitzen nintzen, deseroso. Jokoz kanpo nengoen, eta nire etxean, gainera. Niretzat hori pentsaezina zen, eta horrek lekuz kanpo utzi ninduen guztiz. Ez nuen horrelako egoera bat pasatu nahi, eta berehala pentsatu nuen joatea. Jendaurrean azaltzeko ere, egoera oso zaila zen, urte asko zeramatzaten-eta ni fitxatu nahian. Agurraren arrazoiak azaltzea zaila egin zitzaidan.
Oraindik barruan duzu arantza hori?
Guztiz. Nik Txapeldunen Ligan berriro sartzeko lehian egon nahi nuen, eta barruan geratu zait taldean esperientzia hoberik ez izatea. Baita nire etxean ere, Donostian, beste era batera ez egotea. Baina kontzientzia oso lasai dut, gutxienez ni fitxatzeak ez zuelako kosturik eduki, ez nuelako inor engainatu eta ez nuelako egoera hori nire onura pertsonalerako erabili.
Nola ikusten duzu gaurko Reala?
Ziztu bizian hasi ziren, eta Arsenalen geure artean esaten genuen: «Ea ez zaigun haien aurka egokitzen». Orain apur bat okerrago daude, baina erakartzen duten estiloa eta jokalariak ditu. Realaren partidak ikusten ditudanean, asko gozatzen dut. Futbol alaia, kalitatezkoa, etxekoekin… Urteetan jendea horren bila aritu da, eta, azkenean, aurkitu dute. Talde guztiek bezala, momentu txarrak edukiko dituzte, baina horrelako egoeretatik indartuak aterako dira. Aukera historikoa dute Txapeldunen Ligan zaleekin gozatzeko.
Zer iruditzen zaizu orain arte Jagoba Arrasatek egin duen lana?
Izugarri gustatzen zait. Lau partidarengatik ezin da esan entrenatzailearen errua denik, nola hasi ziren ikusita. Oso ausarta da, eta bere taldearen joko estiloa finkatzeko ideia eta kontzeptu onak eduki ditu. Partida batzuk ikusi ondoren, eta Realak nola jokatu duen ikusita, emaitza batzuk ez dira bidezkoak izan. Nik Ingalaterrako filosofiatik aztertzen dut, eta hilabete txar batengatik ezin da esan entrenatzaileak ez duela balio. Entrenatzailearengan sinesten duzue, bai ala ez? Duela hilabete balio zuen, eta orain ez? Nik hori beste entrenatzaile batzuekin ere bizi izan dut; Arsene Wenger berarekin, adibidez. Hark momentu zailak izan dituenean, zuzendaritzaren konfiantza osoa izan du. Horiek segituan konpontzen dute gaia. Eztabaidarako zirrikituren bat uzten baduzu, orduan sortzen da arazoa. Arrasate oso ausarta iruditzen zait, ideiak oso argi dituen entrenatzaile bat, eta ez du aldatuko bere estiloa. Ni entrenatzaile horiekin edozein tokitara noa, beti ideia zehatza dutelako. Ez du bere nortasuna aldatu irabazi beharreko partida bat berdindu edo galtzeagatik.
Bihar zure aurkari ezagun baten aurka jokatuko du: Manchester United. Nola ikusten duzu partida?
Manchesterren irabaztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Reala talde deserosoa da aurkarientzat. Baloia lapurtzen duenean, min handia egiten du kontraerasoetan. Realak partida ona egiten badu, emaitza ona lor dezake. Baina horretaz harago, lehiakortasuna dago. Taldeak lehiakorra izan behar du, eta orain arte jokatu dituen bi partidetan oso ondo aritu da. Txapeldunen Ligako bi partidak ikusita, inor gutxik esango du Realak ez duela maila nahikorik bertan egoteko.
Manchester Unitedek ez du oso ongi hasi liga. Alex Fergusonen agurra barneratzeakosta egiten ari zaie?
Ez dakit. Joan den denboraldian liga irabazi zuten, baina ez genuen Manchesterren bertsiorik onena ikusi. Baina erasoko lerroetan dituzten jokalariek aldea egiten dute. Jokalari horiek dira, adibidez, Manchester Cityrekiko aldea egiten dutenak. Van Persie, Rooney, Chicharito eta horrelako jokalariek joan den denboraldian sartu zuten gol kopuru handiak erabakitzen du talde baten bidea.
Old Trafforden 6.000 realzale ibiliko dira taldea animatzen. Zaleek, orain ere, ez dute hutsik egingo.
Merezi dute, benetan. Bertan egoteko gogor borrokatu dira, eta beren ahaleginez eskuratu dute sari hori. Horrelako plaza batera joateko aukera dagoenean, bidaia aprobetxatu eta ezin gehiago gozatu behar da. Horrekin batera Realak partida ona egiten badu, bikain. Baina batez ere uneaz gozatzeko eguna da.
Futbola. Reala Txapeldunen Ligan. Mikel Arteta. Arsenaleko jokalaria
«Benetan gustura nagoen tokia topatu dut Ingalaterran»
Gozatzen ari da, lider baita Ingalaterran. Bere ezaugarriekin bat datorren taldea topatu du, eta bere ibilbideko garai gozoenean da. Realean izaniko esperientziaz, aitortu du arantza duela sartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu