Ahomentan 

BELTZETIK ARGITARA

Paperik gabeko kaleko saltzailea da Cheikhouna Dieng, eta futbol izarra Iñaki Williams; hala ere, euren bizitzak ez daude elkarrengandik hain urrun. Iruñeak, Afrikak, azalaren koloreak, futbolzaletasunak eta jendearen maitasunak lotzen ditu. San Mamesen kutuna da bata, Txantreako auzoarena bestea.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Lezama
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Euria ari du Lezaman. Cheikhounak Txantreako familiako bi kiderekin egin du Iruñetik Athleticen kirol instalazioetarainoko bidaia. Gozamena da harentzat bisita, futbolzalea da, bartzelonazalea, eta adi dago Athleticeko gizonezkoen lehen taldearen entrenamenduari begira. Ume talde bat albotik pasatu zaio,eta «Williams! Williams!» oihuka hasi dira. Barrea eragin diote.

Ez da Iñaki Williams, baina Williams du zain. Hark bere lehengusuaren bitartez ezagutu zuenCheikhounaren kasua, eta besarkada estua eman dio elkar ikusi bezain laster. Bere lege egoerari buruzko galderak egin dizkio: epaibidea zertan den, konponbideak... eta Iruñea irten da. Kale berak zapaldurikoak dira, auzoko gazteak dira, eta hark eman dio abiada solasaldi atseginari.

Bata Txantreakoa eta bestea Arrotxapekoa; ez zarete matrakan hasiko, ezta?

IÑAKI WILLIAMS: Has gintezkeen, baina gaur ez dugu eztabaidatuko. Gainera, ez dira auzo oso ezberdinak, biak langile auzoak dira, jende xumea. Zoriontsu izan naiz han, lagun kuadrilla dut, eta Arrotxapekoa izateaz harro nago.

CHEIKHOUNA DIENG: Txantrea eta Arrotxapea ez dira erabat berdinak. Nik Txantrea nahiago dut;haiek dira onenak. Txantreako jendea pixka bat irekiagoa da.

I.W.: Grabatzen ari direlako diozu! Gero etxera itzuli behar delako. Ni hemen gelditu naiteke, baina bera itzuli egin behar da [barrez].

Iñaki, Cheikhounaren istorioa ezagutzen al zenuen?

I. W.: Bai. Nire lehengusuak albiste baten esteka bidali zidan: nola senegaldar bat bota nahi zuten, Korrikako lekukoa eraman zuela... Bideoa ikusi nuen, baina gaur arte ez genuen elkar ezagutu.

C. D.: Jende askok ikusi du Korrikaren bideoa. Munduan euskaraz hitz egiten duen jendeak izan du Korrikaren berri. Plazer bat izan zen; hori bai, bizkorregi korrika egin nuela esan zidaten!

Zuk, Cheikhouna, Iñaki ezagutzen al zenuen?

C. D.: Bai, umetatik. Futbolari ezagun izan aurretik. Kaleetan saltzen nenbilela eskolatik irteten ikusten nuen, Txantrean, Marcelo Zelaietan. Gero jakin nuen, 2011-2012ko urtean, egunkarian irakurrita, Athleticek Iruñeko beltz bat fitxatu zuela, eta nik ikusten nuen gazte hura zela. Taldearen historiako bigarren beltza izango zen, Jonas Ramalhoren ondoren.

Biak futbolzale handiak zarete. Zuri, Cheikhouna, zaletasunak lagunak egiten lagundu zizun.

C. D.: Hala da. Egun batean, ni kalean saltzen ari nintzen, Txantrean. Elkarte bat ikusi nuen, beti atea itxita zuena, baina pertsona bat irteten ari zen, eta sartzeko baliatu nuen. Sartu, eta filmak atera nituen, saltzeko, eta futbola jarrita zuten telebistan. Hizketan hasi, eta esan zidaten, «saltzen ari zarenean partidak ikusi nahi badituzu, etorri beti hona gurekin». Lehen itzuli oso handia ematen nuen saltzeko: Txantrea, Arrotxapea, Buztitxuri, Berriozar, Donibane... Orain, ia ez naiz Txantreatik irteten, hantxe gelditzen naiz. Futbola ikustera gonbidatu izan naute, afaltzera...

Futbola negozio handia da. Baina badaude horrelako istorioak ere. Dena ez dela txarra, alegia.

I. W.: Kasualitate polita da, futbolari esker lagundu dioten pertsonak ezagutu ditu. Bere garaian, nire gurasoei ere lagundu zieten; ederra da laguntzeko prest dagoen jendea aurkitzea.

Zer da futbola Afrikan? Hura bai dela pasioa.

C. D.: Sekulakoa da! Jendeak dena ikusten du: Txapeldunen Liga, Europa liga... dena ikusten da. Jendea lotuta dago futbolari.

I. W.: Hala da. Umeak kalean daude egun osoan, eta baloi bat edo antzeko zerbait ematen badiezu, beti ikusiko dituzu jokatzen. Gero, Europa existitzen dela jakiten dute, eta, hazi ahala, ilusioa pizten da. Nik ere nabaritzen dut. Lehen, Ghanan, Athletic ez zuten jarraitzen, eta ni nagoenetik, pila bat. Sare sozialen bitartez, mezu pila bat jasotzen dut: Ghanako selekzioarekin jokatzeko eskatzen... Ez zara pasio horretaz jabetzen, gertu sumatzen duzun arte.

Kirolak etorkin askori lagundu izan die harremanak egiten.

C. D.: Eta Afrikan ere bai. Senegalen, afizioa asko indartu zen 2002ko Munduko Kopan, Hego Koreakoan. Harrezkero, kristauak eta musulmanak partidak elkarrekin ikusten jartzen ziren.

I. W.: Nire kasuan. ezberdina zen, hemen jaiotakoa naizelako. Baina egia da lagunak egitea erraztu didala; nire lagun handietako asko futbolari esker ezagutu ditut. Futbolari esker nago hemen, eta futbolak dudan guztia eman dit niri, eta pertsona hobea egin nau.

Afrikan, jende askok egiten du amets Iñaki Williams izatearekin.

C. D.: Noski, hori horrela da. Nirekin, Senegaldik etortzeko hartu nuen txalupan, Gineako jokalari bat zetorren. Haren asmoa hemen jokatzea zen.

Iñaki, zuk gorpuzten duzu haren ametsa.

I. W.: Bai, baina oso zaila da iristea, eta are zailagoa Afrikan. Oso zaila da norbaitek zugan arreta jartzea. Baliabideak oso ezberdinak dira; hemen, maila ematen baduzu, badago jendea lagundu zaitzakeena. Afrikan, aldiz, eliteko futbolari izateko handik irten behar duzu, eta oso zaila da.

Cheikhouna, zu ona al zinen?

C. D.: Ez, ona banintz, futbolari nintzateke! [barre]. Zelai erdian jokatzen nuen.

Baina futbola ere negozio handi bat da. Zuk, Iñaki, 50 milioiko etete klausula duzu. 50 milioirekin gauza asko egin daitezke Ghanan, eta Euskal Herrian.

I. W.: Azkenean, pixka bat surrealista ere bada futbolean jokatzeagatik horrelako soldatak egotea, eta, aldiz, ez modu berean baloratzea hara bizitzak salbatzera doan norbaiten lana. Baina nik ere badakit guk diru hori sortu egiten dugula. Futbol mundua erotu egin da; badago jendea gu ikusteagatik dirutzak ordaintzeko prest dagoena, zuzenean, telebistaz atzerritik eta zelaietara joateko astakeriak ordaintzen dituena. Eta jende horri esker, animatzen gaituena, ondo bizi gaitezke.

Sustraiak

Afrikara bidaia luze bat egiteko asmotan zeunden. Joan al zara?

I.W.: Ez. Oskar de Marcos nire taldekidearekin joatekoa naiz, ilusio handia egiten dit. Uda honetan, baina, Espainiako selekziotik deitu naute, gu bion oporrek ez dute bat egin, eta, oso egun gutxi egoteko, ez zuen merezi joateak. Arantza sartua dut. Nik familia osoa dut han. Osaba-izeba pare bat izan ezik, denak han bizi dira.

Eta zu, Cheikhouna, noiz egon zinen azkenekoz Afrikan?

C. D.: 2006an. 11 urte dira honezkero, denbora asko da. Paperak lortzen ditudanean hara joango naiz. Txantreako familiarekin joango naiz, bitartean haiekin bainago. Hango familiarekin asko hitz egiten dut, astean pare bat aldiz. Orain, Whatsapparekin, errazagoa da.

Zergatik etorri zinen?

C. D.: Ni bizitza hobe baten bila etorri nintzen, nire familiari lagundu nahi nion. Europa aukeratu nuen, lan bat bilatu, lagundu... Hasiera batean, ez nuen txaluparik hartzeko asmorik. Orduan hasi zen jendea txalupak hartzen, baina nire asmoa bisa lortzea zen Europara etortzeko. Garai hartan, Maliko, Ghanako, Nigeriako... jendea iristen hasi zen txalupak hartzeko, eta nire aitak esan zidan:«Cheikh, ez hartu sekula ontzirik, aditu!». Nik ezetz esaten nion beti, baina behin burura etorri zitzaidan, eta «goazen», esan nuen. Irailaren 9an joan nintzen etxetik, eta irailaren 20an hartu nuen ontzia, eta hamar egun barru erregairik gabe gelditu ginen. Arrantzontzi batek ikusi gintuen, haiek Gurutze Gorriari deitu zioten, eta Tenerifera [Espainia] eraman gintuzten. Irailaren 30ean iritsi ginen, eta urriaren 27ra arte egon ginen han. Eta, handik, Madrilen libratu gintuzten. Madril ez zitzaidan gustatu, polizia asko zegoen. Iparraldean Euskal Herria zegoela esan zidaten, etortzeko tokirik onena, eta hala suertatu da; hau da tokirik onena.

Dieng edo Nadie duzu abizena?

C. D.: Tenerifera iritsi nintzenean poliziek ez zuten nire hizkuntza ulertzen. Izena galdetu, eta Cheikhouna Dieng esaten nien, eta haiek, belarriz, Cheikh Nadie [inor ez, gaztelaniaz] idatzi zuten.

Iñaki, adi-adi ari zara entzuten. Istorioa ezagutzen al zenuen?

I. W.: Ez, ez nuen entzuna.

Zure gurasoena izan zitekeen.

I. W.: Bai, jende askorena. Nire gurasoak ni eta nire anaia leku hobeago batean haz gintezen etorri ziren: eskolara joan, ur beroa eduki, argia... Dena atzean utzi zuten. Hona etorri ziren, eta, zorionez, jende oso ona ezagutu zuten. Nire gurasoak gerra errefuxiatuak dira, eta ihes egin behar izan zuten. Ibili eta ibili egin ziren, zerbait autobusez, beti errepidez, Melillara [Espainia] iritsi arte. Han, euren herrira bidali nahi zituzten berriz ere, baina gizon on bat ezagutu zuten, Caritasen bitartez Bilbora bidali zituena. Lana aurkitu zieten. Nire amak esaten dit garai hartan Bilbon zeuden beltz gutxietakoak zirela, duela 23 bat urte, pentsa, eta jendea harritu egiten zela haiek kalean ikustean. Baina beti esan dit Euskal Herriko jendeak oso ondo hartu zituela. Nire aitabitxia apaiza zen, eta nire amabitxia ahal zuen guztiarekin lagundu zien emakume bat da. Ni jaio eta sei hilabetera, nire gurasoek Lerinen [Nafarroa] lana aurkitu zuten, eta hara joan ginen bizitzera.

Galdetzen al diezu iraganaz?

I. W.: Bai, nik interesa badut, baina amari ez zaio gustatzen horretaz hitz egitea. Asko sufritu zuen, eta ez zaio gustatzen garai horiek gogoratzea. Gauza asko utzi zituzten atzean, urte pila bat egon zen bere gurasoak eta ahizpak ikusi gabe, eta ez du gustuko hori gogoratzea.

Bigarren belaunaldiarentzat errazagoa da dena?

I.W.: Bai, hala da, nik zorte handia izan dut hemen jaio naizelako, eta dena izan dut eskura. Erabat ezberdina da, hemen munduko erraztasun guztiak dituzu, eta zerbait behar baduzu, beti izango duzu lagundu zaitzakeen jendea. Han dena zailagoa da.

Zure amak zioen iritsi zenetik oso gogor lan egitea egokitu zaiola.

I. W.: Asko eta oso gogor, pila bat.4-5 urterekin, gauean bakarrik gelditzen nintzen, nire aitak hiltegi batean egiten zuelako lan, eta gau osoa pasatzen zuelako han. Egun bat dut gogoan: nire ama Parisera joana zen arropa saltzera, eta nire aitak gaua hiltegian egin zuen. Etxean lotan uzten ninduen, eta lanetik itzultzean, goizean, esnatu egiten ninduen, eta eskolara eraman. Horietako gau batean, esnatu egin nintzen, bakarrik; atea itxita zegoen, eta leihora irten nintzen, eta garrasika eta negarrez hasi nintzen. Iskanbila handia sortu zen kalean: Polizia, suhiltzaileak... Nire gurasoei errieta handia egin zieten, semea kenduko zietela, eta halakoak esanez. Azkenean, moja batzuek lagundu gintuzten. Nik ikasten nuen eskolan, La Compasion, moja batzuk zeuden, eta, nire aitak gauez lan egiten zuenean, mojekin egiten nuen gaua.

Afrikar askoren bizitza da?

C. D.: Bai, horrelako asko daude.

Kalean saltzea ere ez da samurra izango.

C. D.: Uf... Oso gogorra da. Paperik ez baduzu, ezin duzu beste lanik egin. Ez baduzu saltzen ez duzu jaten, ezin duzu alokairurik ordaindu. Nik hamar urte daramatzat horrela.

Zuk, Iñaki, zer pentsatzen duzu saltzaile afrikarrak ikustean?

I. W.: Asko gerturatzen zaizkit, beti oso ondo. Saltzen dabiltzan beltz asko harro daude nik lortu dudanarengatik, eta euren seme-alabei ate batzuk ireki dizkiedala ikusten dute, eta etorkizunean haiek ere Athleticen jokatu ahal izango dutela. Eskumuturrekoak oparitzen dizkidate, eta nik eskupekoren bat ematen diet, laguntzen saiatzen naiz; nik badakit niretzat huskeria izan daitekeen zerbait eurentzat asko izan daitekeela. Niri gustatzen ez zaidana zera da, eta badakit eurek mozkor dagoen jende asko jasan behar dutela, baina ez zait gustatzen adarra jotzera eta molestatzera joaten zaien jendea. Horrek gogaitu egiten nau. Saltzaileak lan egiten ari dira, euren dirua lortzen saiatzen, eta ez zait batere gustatzen jendeak kapelak kentzen dizkienean eta.

Badakizu kaleko saltzaileei Iñaki deitzen dietela?

I. W.: Bai, bai. Nire bikotekideak esan izan dit, adibidez, saltzaile beltzen bat gerturatu eta «Kaixo, Iñaki deitzen naiz» esatean, berak erantzun izan diela «Iñaki nik etxean dudana da!». Askok, gainera, Athleticen elastikoa ematen dute. Horrek grazia egiten dit.

Cheikh, zuri, Iñaki deitu al dizu inork noizbait?

C. D.: Ez, niri Patxi deitzen didate. Bilbon Iñaki eta Iruñean Patxi.

Zure gurasoak iritsi ziren garaitik hona asko aldatu al da Afrikarrekiko tratua Bilbon?

I. W.: Nire gurasoek beti esan didate Euskal Herriko jendea atsegina zela. Asko lagundu izan dietela. Salbuespenen bat kenduta, tontoren bat-edo, jendearekin inoiz ez dutela arazorik izan.

Belztasuna

Arrazakeriarik sumatu al duzue Euskal Herrian?

I. W.: Nik, egia esan, inoiz ez dut sentitu jendeak baztertzen ninduenik. Ni pertsona irekia naiz, hitz egitea gustatzen zait, eta ez dut inoiz ikusi beltza izateagatik inork atzeraka egin duenik.

C. D.: Nik hona iristean entzun nuen, lehenbizikoz, arrazakeria hitza; ez nekien zer zen. Nik ez dut nabaritu, hemen jaioa banintz bezala tratatu nautela sentitu dut beti.

Futbolean, aldiz, badago arrazakeria. Eta, zuek entzunda, kalean baino gehiago.

I. W.: Futbola pasioa da, eta, askotan, ez duzu esaten pentsatzen duzuna. Gero, badago jende bat, bere taldea animatzera joan beharrean, estadiora jokalariak iraintzera doana. Penagarria da; baina, tira, niri behin bakarrik gertatu zait, eta berriz ez gertatzea espero dut. Futbola horrelakoa da, eta aldatzea espero dut, baina ez da erraza izango; futbolean, jendeak oso bizkor pentsatzen du, eta askok pentsatzen ez duten zerbait oihukatzen dute. Nik zelaian sekulakoak bota izan ditut, lasai banengo inoiz esango ez nituzkeenak.

Cheikhouna, eta zuk? Zale moduan, harmailetan jokalari beltz bat iraindu dutela entzutean...

C. D.: Futbolean, jendea urduri dago, eta aurkaria jokoz kanpo uzteko iraintzen du. Harmailetan irainak entzuten dira, baina ez diet jaramonik egiten.

Zaleei ez zaie galdetzen arrazakeriaz.

I. W.: Baina nik badakit nire amak nola bizi duen, eta zelaira doanean urduri egoten da. Eta nik kale egiten badut, baten bat nire amarekin oroituko da, eta bera, gajoa, urduri dago. Baina badaki zale horrek ez duela hori pentsatzen, urduritasunaren zati bat da.

Afrikar askok esaten dute Europara iristean jabetzen direla beltzak direla.

C. D.: Niri pasatzen zait, tabernaren batean saltzera sartu, eta begira gelditzen zaizkit.

Zuria bazina, ez zen pasatuko?

C. D.: Bada, ziur asko, ez.

Athleticen, beltza izateagatik ezberdin sentitu al zara?

I. W.: Ez. Ezberdin ez, lehenagotikezagutzen naute! [barrez] Abantaila bat da. Nik hanka sartzen badut jakingo dute ni naizela, eta gola sartzen badut ere bai. Uste dut jendeak berdin baloratzen nauela; berdin dio zuria edo beltza izan, horri ez diote begiratzen. Jendeak naizenarengatik baloratzen nau, barruan doan horrengatik.

Biak beltzak zarete, baina bata Ghanakoa eta bestea Senegalgoa. Nazio oso ezberdinak dira, 2.500 kilometro batetik bestera, baina euskal herritar gehienentzat berdinak zarete.

I. W.: Ezjakintasun handia dago. Portugalen eta Alemaniaren arteko distantzia bera da. Senegaldarrak Ghanakoa primeran ulertzen duela uste du jendeak, eta alderantziz. Eta ez da horrela. Herrialde erabat ezberdinak dira, hizkuntza, erlijioa... Antz handiena azaleko kolorean dugu, eta biztanle asko mugako egoeran bizi direla. Afrikan, biztanleen gehiengoa pobrea da, eta Ghanako ohitura asko Senegalen aurkitu ditzakezu, baina gure kulturak ezberdinak dira.

C. D.: Niri saltzean pasatzen zait. Taberna batean sartu, irten, eta gero beste bat sartzen bada, «berriz ere zu hemen» esaten diote, eta ez, beste bat naiz. Niri ere pasatzen zait, dena den, taberna batean sartu, eta badago dirurik gabeko jendea, film bat saldu, eta hurrengo astean ordainduko didatela esan, eta nik ematen diot. Eta hurrengo astean beste bezero batekin nahastu izan dut. Ni hona etorri berritan, txuri guztiak berdinak iruditzen zitzaizkidan.

Zenbat hizkuntza dakizkizue?

C. D.: Bi: wolofera [ez da ofiziala Senegalen] eta gaztelania; eta euskarazko hitz solte batzuk. Gurasoekin woloferaz hitz egiten dut, haiek ez dute besterik ulertzen. Senegalen, mundu guztiak ez du frantsesez hitz egiten.

I.W.: Ingelesa, gaztelania eta twia [ez da ofiziala Ghanan]. Lehen, gurasoekin twiz eta ingelesez hitz egiten nuen, eta, orain, gaztelaniaz. Twia orain zailagoa egiten zait, beste hizkuntzekin zer ikusirik ez duen hizkuntza bat delako.

Euskararen antza du, beraz.

I.W.: Euskaraz pixka bat badakit. Nik ia dena ulertzen dut, baina hitz egin ez.

Paperak?

Iñaki, pribilegiatu bat al zara?

I. W.: Bai. Ume eta jende askoren ametsa bete dut. Nire familiarentzat hilabete bukaerako zenbakiak arazo ez izatea lortu dut, bankuko kontuari begiratzen egon beharrik gabe bizitzea, eta hori niretzat pribilegio handi bat da. Nire gurasoak hainbeste borrokatu dira hori lortu ahal izateko, eta nire esker ona adierazten saiatzen naiz ni.

Zuk, Cheikhouna, aldiz, pribilegio gutxi. Zuri paperak eskatu zizkizuten. Nola izan zen?

C. D.: Taberna batean izan zen, saltzen ari nintzela. Hasieran, ez nintzen sartu behar, baina, gero, iritziz aldatu, eta sartu egin nintzen. Hiru gizon gerturatu zitzaizkidan, kaleko jantzita. «Egun on» haiek, «egun on» nik. «Poliziak gara»; «bai, banekien»; «nola zenekien?»; «zuen jarrerarengatik». Paperak eskatu zizkidaten; «ez dut paperik», «ez duzula? Komisariara gurekin». Tabernatik atera ninduten, telefonoz deitu zuten, eta komisariara eraman ninduten. 02:00etan, kalabozora, 08:00etara arte. Kaleratze agindua duzu, urtebeterako, paperak lortzen ez badituzu, zure herrira bidaliko zaituzte.

Zuri, Iñaki, noizbait paperak eskatu al dizkizute?

I. W.: Ez.

Eta ezagunen bati?

I. W.: Nire gurasoen ezagunei-eta eskatu izan dizkiete, paperik ez dutenez. Azkenean, ultimatum bat ematen dizute, eta, paperik ez baduzu, bidali egiten zaituzte.

Ez da bidezkoa.

I. W.: Ez. Mundu guztiak libre izan behar du, nahi duen tokian egoteko eskubidea eduki, hala nahi badu. Inori minik egiten ez badiozu, eta lanera edo zure familiari laguntzeko asmoz baldin bazatoz. Inork ezin zaitu behartu hemendik joatera.

Inor ez doa bere etxetik 3.500 kilometrora apeta bategatik.

I. W.: Hori hala da.

Nolakoa da paperik gabe bizitzea?

C. D.: Kalean, beldur handiarekin ibiltzen zara. Edozein gazte baldin badatorkizu, beti duzu zalantza: Polizia ote? Taberna batean sartzen bazara, lasai egoten saiatu behar duzu; ez dakizu nor izan daitekeen Polizia. Oso zaila da paperik gabe bizitzea, baina badut noizbait lortzeko itxaropena.

Noizbait damutu al zara etorri izanaz?

C. D.: Batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Dena gaizki doala dirudienean, pentsatzen dut hobeto nuela etorri izan ez banintz;sufrimendua bakarrik dago.

Baina maite zaituela erakutsi dizu jendeak.

C. D.: Bai, asko. Txantreako jendea ez dira nire lagunak soilik, beti diot; ez dira lagunak, nire familia baizik. Beti laguntzen naute, une oro. Ni jendearekin oso pozik nago. Nik, kafe bat hartu nahi badut, ez dut ordaintzen; beti gonbidatu egiten naute.

Zuk ere laguntzen duzu Iruñeko elkarte batean, Iñaki.

I. W.: Arrotxapean, Elefante Urdina industrialdean; eliza moduko bat dago han, eta, batez ere, Ghanako jendea biltzen da. Gurasoek eta nik diruarekin laguntzen dugu, baina modu askotara lagundu daiteke. Adibidez, egunkariak biltzen; hemen, irakurri,eta bota egiten ditugu, baina paketatu egiten da, eta erabilera asko ditu: garbitzeko, zoruan jarri eta etxeak epeltzeko... jendeak erabilera ematen dio. Arropa ere bai... laguntzeko modu asko dago.

Cheikhounaren kuadrilla ezaguna da jadanik. Nolakoa da?

C. D.: Sekulakoak dira! Onenak. Hauekin nagoenean Txantrea osoarekin nagoela iruditzen zait, umeekin... Gustura nago eurekin.

Ia mila lagun zure aldeko manifestazioan, jaietako etxafuegoa bota duzu... Gurasoei hori azaltzean, zer esaten dizute?

C. D.: Bideoa bidali nien egun horretan. Facebooken bitartez partekatu nuen, eta ikusi zuten. Kaleratze agindua dut, baina jendeak ez du nahi ni joaterik. Gurasoei gustatzen zaie, bakarrik ez nagoela ikusten dutelako. Bideoa ikusi zutenean, lasaitu egin nintzen, eurak, era berean, lasaiago gelditu zirelako.

Oparia

Solasaldia bukatu, eta eguzkia atera da Lezaman. Ekaitza pasatu egiten da, baina eguzkiak beti hor dirau; hala dio esaera afrikar batek. Egia borobila Euskal Herriko udan. Argazki saioa egiten hasi, eta lotsak astindu ditu Cheikhounak: «Iñaki, Athleticen elastiko bat gustura hartuko nuke, bada,nik». Enbidoari erantzun dio Williamsek; jokalarien biltegira eraman du Cheikhouna, eta hantxesinatu dio elastikoa: «Nire lagun Cheikhounarentzat, maitasun osoz. Dena primeran irten dadila espero dut», dio eskaintzak. Egun batzuetarako alaitasuna erantsi dio Cheikhounari. «Egun hau oso berezia izan da niretzat», aitortu du, hunkitu egin da une batez. Iruñerako bidean ez du elastikoa askatu, eta, hara iritsitakoan, kuadrillakoak biltzen diren tabernan ez da adar jotzerik falta izan. Balio dezala erakustekoCheikhouna ez dagoela bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.