Zonakako defentsa

Beldurra

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Okerrak ordaindu egiten dira. Opor egunekin gozatzeko aukerarik eduki ez duen langilearen moduan; horrela bukatu da 31. jardunaldi berezia euskal taldeentzat. Alegia, Bilbo Basketen porrotarekin. Porrot larria, bosgarren postua lotu ez, eta zazpigarrenera jaitsi baita Katsikarisen taldea. Kontuz, gainera, aurretik dauzkan partidekin: Cajasol eta Estudiantes etxetik at, Menorca etxean. Une kritikoan egin du kale Bizkaiko taldeak, eta garesti ordain dezake. Baskoniaren akatsa larria den edo ez kanporaketek esango dute, baina ez harritu hala izatea. Lehen kanporaketa pasatzen badu, Bartzelona izango du zain finalerdietan. Lagun Arok asteak daramatza bere okerrak ordaintzen. Mailari eutsi dio, eta lorpen polita da hori. Sortutako taldeak, ordea, gorago egon behar zuela espero zuten askok. Baita taldeko zuzendaritzak eta Pablo Lasok berak ere.

Urduritasuna. Partida bakar batek ikaragarri aldatzen du jendearen aldartea. Bilbon laugarren postua bereganatzea zuten erronka gaur hamar egun. Gaur zortzi onenen artean sartzea dute erronka, eta panorama beltz samarra ikusten da. Cajasol, Menorca eta Estudiantes. Hiru partida horietatik bi gal ditzake Bilboko taldeak, biak zortzi onenen artean sartzeko borrokan murgilduta daudelako. Litekeena da Bilbo Basketek hiru partidak irabazi behar izatea titulua lortzeko kanporaketak jokatu ahal izateko, eta beldurra eragin du horrek. Badaezpada, egokia da partida zuzenetako emaitzak mahai gainean jartzea: 66-57 irabazi zion Bilbo Basketek Estudiantesi, eta 91-77 Cajasoli. Ez da koltxoi txarra. Txarragoa izan zen bizkaitarrek egin zuten partida. Bide batez, Fuenlabrada final-laurdenetan aurkari izan daitekeenarentzat, oharra: soldatarik jaso gabe ere duintasunez lehiatzeko prest dauden jokalariak egon badaude, eta goraipatzeko modukoa da hori.

Lasaitasuna. Donostian hartu dutena. Gauza ezberdinak baitira maila galtzeko arriskua oso txikia zela jakitea, eta bestea, mailarik ez duzula galduko jakitea. Granadaren aurkako garaipenak, ordea, beste errealitate bat uzten du agerian: Lagun Arok askoz gorago sailkatzeko moduko taldea osatu zuela pasa den udan, eta lehiaketako lehen herenean sortutako aurreikuspen onei ez diela segidarik eman. Zergatik, teknikari eta jokalariek bakarrik dakite, baina 2011 urtea negargarria izan da Lagun Arorentzat. Taldearen jarraipena egiten dutenen galdera da honakoa: «Nola ibil daiteke 14. postuan kanpoko lerroan Panko eta Baron bezalako bi jokalari dituen taldea? Zein taldek du 2-3 postuetako bikote hobea?». Erantzuna, 14 taldek. Beste galdera asko egin litezke, baina erantzun bat, bukatzeko: «Askotan mailari eutsi izana gutxiesten dela pentsatzen dut». Pablo Lasorena da hausnarketa. Ez zaio arrazoirik falta, baina mailari eusteko erronkak ez du saltzen, eta saltzen ez duenak jai du.

Mugimendua. Gasteizko bulegoetan dagoena. Lehenago mugitu behar zuten, aditu askoren ustez, baina mugitzea kontu bat da, eta mugimenduek emaitza onak ematea, beste bat. Diruzaintzak erabakitzen du zenbat mugitu daitekeen bat, eta bistakoa da Buesa Arenako diruzaintzan soberakin gutxi dagoela. Bestela Carlos Cabezas fitxatuko zuten, edo Mustafa Shakur. Orain Vladimir Ragicevic fitxatzekotan dira, baina Ivanovic joko antolatzaile bat fitxatzeko eskatu eta eskatu ari omen da. Jakin bai baitaki Huertasen erregaia agortzear dela, eta taldeak komeriak izan ditzakeela azken laurdenak gainditzeko. Ragicevicena egiten bada, Milton Palacio izan liteke hurrengoa. Belizeko joko antolatzaileak oso lan ona egin zuen joan den sasoian, Bartzelonaren aurkako finala barne, eta Ivanovicen gustukoa da. Grezian ari da, Kavala taldean, eta hurrengo astean buka dezake sasoia. Egin beharrekoa egingo du Baskoniak, baina ikusiko al dugu noizbait mugimendurik egiteko beharrik ez duen Baskonia? Udako plangintza onean dago gakoa, eta plangintza hori ez zen ona izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.