Aspeko pilotaria

Jokin Altuna: «Beldurra diot pilotaren ondorengo bizitzari»

Altuna III.ak bide distiratsua eta emankorra izan du duela hamar urte profesionaletako bideari ekin zionetik. Txapelak janzteaz gain, ikusgarri aritu da kantxan. Baina bolada ilunak ere izan dira tartean, pandemia garaia «zaila» izan baitzen.

Jokin Altuna. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Altuna. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Astelehenean hamar urte beteko dira Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) profesionaletan debuta egin zuenetik, eta historikoen artean sartua da jada. Besteak beste, 28 urterekin hamabost final baititu jokatuak, eta zortzi txapel jantziak.

Hamar urte joan dira debuta egin zenuenetik. Azkar edo motel pasatu da denbora?

Oso azkar, azkarregi. Profesionaletan zazpi-zortzi urte neramatzala ez nintzen atzera begira jartzen, baina orain egin dut atzera begirako ariketa bat. Oroitzapen asko ditut. Batez ere, hasierako egun haietaz gogoratzen naiz, eta zenbat bizipen eta partida eder izan ditudan. Gazte-gaztetatik lehian murgilduta egoteak balio izan dit helduago bilakatzeko, eta, 28 urterekin, heldutasun betean sumatzen dut neure burua. Oso harro nago bizi izandakoaz eta gaur egun naizen horretaz.

Gidoirik onenean ere zaila izango zen halako hamarkada bat irudikatzea.

Kirolariok beti entrenatzen gara goi mailan egoteko, baina, errealista izanda, ez nuen pentsatuko halako ibilbidea izango nuenik. Zintzoa izanda, debutatzean pentsatzen nuen urte batzuen buruan lor nezakeela onenen artera iristea, baina ez hain azkar eta hain distiratsu. Azken urteotan dena azkarregi gertatzen ari zait, eta ez diet baliorik ematen emaitzei, baina badakit gauza handiak lortzen ari naizela.

San Joan egunez egin zenuen debuta, Eibarren (Gipuzkoa). Zer oroitzen duzu?

Egun bikaina izan zela. Ziurrenik, profesionaletan izandako egunik politena. Abel Barriola nuen lagun, eta Titin III.a eta Xabi Tolosa aurkari. Hasieran ez nekien nola erantzungo nuen, baina kantxara atera eta frontoia gainezka ikustea hazi egin nintzen. Pixkanaka tanto ederrak egin nituen aurrean, harrotu, eta azkenerako irabazi egin genuen. Egun biribila izan zen.

«Pentsatzen nuen urte batzuen buruan lor nezakeela onenen artera iristea, baina ez hain azkar eta hain distiratsu»

Artean, 18 urteko haur bat zinen. Kantxan bezala, lotsa gutxikoa al zinen aldagelan ere?

Asko aldatu dira gauzak alde horretatik. Orduan 30 urte inguruko pilotari asko zegoen, eta debutatu aurretik ere haiekin ibiltzen nintzen entrenatzen: Aritz Lasa, Aitor Mendizabal… Gogoan dut aldageletan isil-isilik egoten nintzela, idolotzat neuzkan pilotari haiek zer esango. Errespetua genien. Orain, berriz, gero eta beterano gutxiago gaude, eta aldatua dago aldageletako kontua. Enpresek gazteak nahi dituzte lehenbailehen, eta 30 urte inguruko pilotarien falta sumatzen dut. Gustatzen zait ikustea gazte horiek pilotan nola jokatzen duten, baina are gehiago gustatzen zait aldagela barruan zer portaera duten aztertzea.

Ume aurpegiarekin ez ezik, kilo gutxirekin debutatu zenuen.

Ez dut gogoan zenbat kilo nituen, baina eskasa nintzen, bai. 15 urtetan hasi nintzen arlo fisikoa lantzen Aspeko prestatzailearekin, eta ederki sufritzen nuen. Lan saio fisikoen ondorengo hiru egunak gorputzeko minez pasatzen nituen. Berehala ohartu nintzen indartu beharra neukala, batez ere banakako modalitatean jokatzeko. Oso denbora gutxian sendotu nuen gorputza, denen ezusterako. Hala ere, uste dut fisikoari garrantzi handiegia ematen zaiola, eta kantxa barruko lanari gutxi. Nik beti erreparatu izan diot gehiago kantxako lanari.

2017an irabazi zenuen lehen txapela. Lau eta erdian izan zen, Mikel Urrutikoetxearen aurka. Zer gogoratzen duzu?

Txikitako ametsa egia bihurtu nuela. Aurreko urtean ere finalerako sailkatu nintzen, eta tanto baten aldearekin galdu nuen Oinatz Bengoetxearen kontra. Lur jota geratu nintzen orduan, ez nekien-eta beste finalik jokatuko ote nuen aurrerago. Orain beste perspektiba batekin ikusten dira gauzak, baina orduan kolpe gogorra izan zen. Horregatik, Urrutikoetxeari irabaztean lasaitu ederra hartu nuen. Txapel guztietan bereziena izan zen hura, lehenbizikoa zelako. Hori bai, 2018an buruz buruko txapela jantzi izana ere latza izan zen, noren eta Olaizola II.aren kontra, gainera. Nik neuk ere ez nuen usteko banaka inoiz txapeldun izango nintzenik.

«Kolpe latza izan zen Jakaren aurka buruz buruko finala galtzea. Hurrengo bi asteetan ez nintzen altxatu sofatik»

Makina bat pilotarik lortu dute zure aurka gailentzea: Joseba Ezkurdiak, Erik Jakak, Aitor Elordik… Baina  urtero hor dagoen bakarra zu zara. Zein da sekretua?

Nik ere balio izugarria ematen diot horri, ez pentsa. Pilotariekin eurekin hitz egiten dut maiz gai honi buruz, eta esaten didate badakidala lehiatzen sasoi betean ez egonda ere. Urtero agertzen da norbait konfiantzaz gainezka, eta, ni sasoi betean ez egonda ere, asmatzen dut lehiatzen. Sekreturik ez dago, partidaz partida aritzea eta indarberritzeari arreta handia jartzea da gakoa. Ikasi dut emaitzek ezin dutela baldintzatu asteroko lana, eta kontzientzia garbi edukitzea gauza ederra dela. Nire lanean zentratzen ikasi dut, emaitzek baldintzatuta ez bizitzen.

Noiz ikasi duzu hori?

Urteek aurrera egin ahala. Lehen asko eskatzen nion neure buruari, eta horrek jan egiten ninduen barrutik. Nahi gabeko presio bat ezartzen nuen. Prentsak ere asko hitz egin ohi du nitaz, eta lehen gauza guztiak irakurtzeko ohitura nuen. Ez zidan mesederik egiten, horrek ez baitit jaten ematen, eta orain badakit nire lanean zentratzen. Lesioen aldetik, ez dut inoiz buruhausterik izan, sekula ez bainaiz geldirik egon hiru aste baino gehiago. Zorte handia dut alde horretatik. Hamar urteotako boladarik zailenak psikologikoki bizi izan ditut.

Pandemia garaian, ezta?

Hori da. Txapelketak irabazi arren, neure buruari gehiago eskatzen nion, eta pandemia garaia gogorrak izan zen. Etxean egon ginen garai hartan, banekien gerora bizpahiru lehiaketa jarraian iritsiko zirela, eta bete-betean entrenatzen aritu nintzen etxean, bakar-bakarrik. Kalera ez nintzen irten ere egiten, kutsatzeko beldurra nuelako. Beldur nintzen horren eraginez ez ote nuen modurik izango txapelketa jokatzeko. Obsesioa bihurtu zitzaidan hainbeste zaintzea. Horregatik, Jakaren kontrako buruz buruko finala 22-20 galtzea kolpe latza izan zen. Sofatik altxatu gabe pasatu nituen ondorengo bi asteak, ezertarako gogorik gabe.

«Urteekin ikusi dut jakin behar dudala non ibili eta non ez. Hori bai, nire egunerokoan zoriontsu naiz»

Laguntza eskatu zenuen arte.

Ohartu nintzen ni neu nintzela arazoa, eta ez pandemia. Igor Zubeldia Realeko jokalariak aholkatu zidan haien klubeko psikologo moduko batengana jotzeko: Imanol Ibarrondorengana. Sei hilabete egin nituen harekin, eta asko aberastu ninduen, bai kirolari gisa eta bai pertsona gisa. Gauzak erlatibizatzen ikasi nuen, ikusten zer dagoen gure esku eta zer ez. Gauzak ondo ez doazenean ere lana ez uzten, eta guztiari balioa ematen. Atzera begira jarrita, asko eskertzen dut jende horrek guztiak egindakoa. Geroztik, askoz helduagoa eta orekatuagoa naiz, eta nire boladarik onenean nago.

Ospea zer moduz eraman duzu?

Horri neurria hartzen ere ikasi dut. Denetarik izaten da. Esaterako, haurrekin edo aitona-amonekin gustura egoten naiz, pozik. Baina gertatu izan zait baten bat gerturatu eta esan izana dirua galdu duela nire erruz. Urteekin ikusi dut jakin behar dudala non ibili eta non ez. Hori bai, nire egunerokoan zoriontsu naiz, Amezketa herri erdian, pilota eskolako gazte eta lagunen artean.

Gutxienez beste hamar urte egin beharko dituzu profesionaletan, ezta?

Hori nahi dut, eta espero dut betetzea. Pilota da nire pasioa: bizitzeko modu bat da, eta berdin jarraitu nahi nuke luzaroan. Askok esaten didate pilota ondorengo bizitzari ez diotela beldurrik, baina nik bai. Ez dakit nola moldatuko ote nintzakeen pilotarik gabe, baina, oraingoz, ez diot horri begiratzen. Gaztea naiz oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.