Arkaitz Gabirondori (Gaztelu, Gipuzkoa, 2004) etxetik datorkio kirolerako joera: Josune Gorostidi da haren ama, txirrindulari profesional eta sokatiralari ohia; haren aita, berriz, Joxe Gabirondo segalari ohia da. Pilotan nabarmendu da haien semea. Igandean estreinakoa egingo du profesionaletan, Tolosan (Gipuzkoa), Beotibarren (17:00, ETB1).
Igandean jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz zaude?
Nahiko lasai nago, eta egunez egun gozatzen. Duela astebete urdurixeago nengoen.
Noiz eta nola jakin zenuen debuta egingo zenuela?
Otsailaren 15ean jakin nuen. Eskolan nengoen, eta Inaxiok [Errandoneak, Aspeko zuzendari komertzialak] mezu bat bidali zidan. Aurretik hitz eginda ginen debutari buruz, baina egun horretan baieztatu zidan eguna eta tokia: martxoaren 24an, Tolosan.
Zer pentsatu zenuen?
Lehenbizi, ea konforme nengoen galdetu zidan. Zer erantzun nion? «Baietz, elegante!». Sekulako poza hartu nuen.
Segituan kontatu zenien gertukoei?
Azterketa medikoa pasatu arte inori ez esateko esan zidan. Baina kosta egiten da halako albiste ederrak gordetzea, eta gertu-gertukoei kontatu nien. Aitonari deitu nion lehenbizi. Hura ibili da beti nirekin. Izugarri poztu zen. Baita etxekoak ere. Aspaldiko ametsa bete nuen. Lagunek, berriz, albistea zabaldu zenean jakin zuten, eta haiek ere asko poztu ziren.
Bi urterako kontratua sinatu duzu. Enpresak zer esan dizu?
Bi urte hauek ikasteko direla; lasai hartzeko, gaztea naizela.
«Antzeko moldatzen naiz bi eskuekin, eta, pilota aurrean harrapatuz gero, ondo atzeratzen dut. Aldiz, egin gabe nago».
«Oso langilea eta dotorea da». Halaxe definitu zaitu Mikel Olaetxeak, Tolosako Aurrera klubean zure entrenatzaile izandakoak.
Hori esan du? Bada, izugarri eskertzen diot. Antzeko moldatzen naiz bi eskuekin, eta, pilota aurrean harrapatuz gero, ondo atzeratzen dut.
Zertan duzu gehien hobetzeko?
Fisikoan. Egin gabe nago.
Sumatu duzu aldea profesionalekin entrenatuta?
Bai, handia. Duela urte eta erdi sinatu nuen aurreakordioa, eta ordutik nabil profesionalekin entrenatzen. Horrek mesede handia egin dit.
Pilotariren batek harritu zaitu?
Zabaletak. Hirutan entrenatu naiz harekin, eta ikaragarria da. Ondo samar badago, txiki uzten ditu kontrario guztiak.
Zure ama txirrindulari profesionala eta sokatiralaria izan zen; aita, berriz, segalaria. Derrigorrez izan behar zenuen kirolari?
Bai. Jendeak esaten zidan banuela ordua, gurasoek egin zuten bezala, nik ere kirolean fundamentuzko zerbait egiteko. Baina abizenek ez dute ezertarako balio. Norberak egin behar du lana.
Haiei kontra egiteko aukeratu zenuen pilota?
Ez, baina lagunak oso pilotazaleak izan dira beti, eta pilotan ibili gara txikitatik. Lagunen artean azkenetakoa izan nintzen pilota eskolan izena ematen. Baina hasi nintzenetik izugarri gozatu dut.
Segan ibilitakoa zara.
Bai. Lehengusua ere segalaria dut, Julen Gabirondo, eta hark animatu ninduen. Europako Txapelketa batean aritutakoa naiz, Suitzan, Almitza elkartearekin.
Segan aritu zinen garaian pilotan jarraitu edo ez ibili zinen. Zergatik?
11-12 urterekin, oso ondo ibili nintzen, nabarmen, baina beste batzuk baino askoz beranduago garatu nintzen; ez nintzen txikia, baina pilotan aritzeko bai. 15-16 urterekin, ondokoak sekulako mutil puskak ziren, indartsuak, bizardunak. Nik, ordea, ez nuen ez garaierarik, ez indarrik, ez bizarrik. Bigarren mailako txapelketak jokatzen nituen, taldekideak baino apalago entrenatzen nintzen... Horrela jarraitzeak ez zuela merezi esan nion Mikeli, baina lasai egoteko esan zidan; konbentzituta zegoen denborarekin lortuko nuela aurrera egitea. Eta horrela izan da. Oso eskertuta nago Mikelekin. Asko lagundu dit.
«250 sarrera inguru eskatu dizkidate. Horietatik 40 bat Gazteluko jendearentzat dira. Pila bat da hori».
Bizikletan, ordea, ez zara ia ibili.
Ez. Amak errespetu handia dio errepideari.
Zurekin, bederatzi pilotari profesional ditu Tolosaldeak. Zortzi herri ezberdinetakoak zarete. Zein da sekretua?
Batetik, Tolosaldea oso pilotazalea da; Tolosa bera ez horrenbeste, baina eskualdeko herri txikiak bai; asko ibili gara pilotan. Bestetik, lan asko eta ona egin da harrobian. Tolosan, behintzat, Mikelek horren erru handia du.
Pilotari kutunik izan al duzu?
Barriola. Abelzalea nintzen.
Azkenaldian debuta egin duzuen ia guztiek aipatu duzue Barriola. Hura ere harrituta dago. Zergatik?
Guri beti esaten ziguten Barriola bezalakoak izateko kantxan, beti oso zintzo jokatzen zuelako. Gainera, oso dotorea eta dantzaria zen.
Zenbat sarrera eskatu dizkizute?
250 inguru. Jende pila bat animatu da. Oso ondo ari dira portatzen.
166 biztanle eskas ditu Gazteluk. Ia herri osoa joango da Tolosara?
Osoa ez, baina ia erdia bai, 70 lagun inguru; pila bat da hori. Gainera, adineko askok telebistan ikusiko dute.
Enpresak aurrelari bikaina jarri dizu: Javier Zabala. Hamar partida daramatza galdu gabe. Ezin zara kexatu.
Ez, baina beldur naiz nirekin jokatzeagatik Zabalari ez ote zaion bolada etengo. Ea 11. aldiz jarraian irabaz dezakeen. Oso aurkari gogorrak izango ditugu: Elordi, buruz buruko txapelduna; eta Tolosa, Lehen Mailako pilotaria. Poz handia dut, baina baita errespetua ere.
Etxe ondoan jokatuko duzu.
Hamar minutura. Banuen beldurra debuta beste toki batean izango ote zen, baina Tolosan izango zela esan zidatenean izugarri poztu nintzen.
Zer kontatu dizute debuteko partidari buruz?
Guztiek esan didate nire eguna dela, bakarra, gozatzen saiatu behar dudala, eta ez begiratzeko emaitzari, eta ez joateko pilota txikitzera, gero hamar galdu ditzaket eta.
Zer helburu duzu gero?
Helburu ikaragarri txikiak ditut. Ez zait gustatzen urrutira begiratzea. Nahiago dut poliki-poliki joan; bestela, kolpeak handiak izan ohi dira. Jendeak dio ondo aritu naitekeela, baina hori ikusiko da. Nik nire esku dagoen guztia egingo dut.
Norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu?
Familiari, lagunei eta Mikeli ez ezik, Jokin Etxanizi [Aspeko zuzendari teknikoa]. Ni hona iristearen erru handia du. Ikaragarria da zenbat dakien, baina haren irakasteko moduak egiten du berezi. Denek hitz egiten dute oso ondo hari buruz, eta hori zerbaitegatik da.