Alex Aranburu. Caja Ruraleko txirrindularia

«Beldur naiz hogeita bat egun luze egingo ote zaizkidan»

Kirol ibilbideko lehen hiru asteko itzulia hasiko du larunbatean Aranburuk. Getxon estreinako garaipena lortu ondoren, gehiagoren gosez da. Argi du, ordea, zail izango duela besoak altxatzea.

GORKA RUBIO / FOKU.
Ezkio
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gaztearen ilusioa eta zirrara nabari zaizkio Alex Aranbururi (Ezkio, Gipuzkoa, 1995) larunbatean hasiko den Espainiako Vueltaz hitz egitean. Hedabideei kasu egiteko entrenamenduei muzin egin gabe, hain ezagunak dituen errepideetan barna, bizikletaz hurbildu da berriketara. «Erraz topatu al duzue Ezkio?» galdetuta, prest da hizketarako. Aurrez, etxean Caja Ruralen maillot zaharra berriagatik aldatu du argazkiak atera ahal izateko.

Aho askotan dabil zure izena. Zuretzat ez da seinale txarra izango, ezta?

Elkarrizketa dezente ari naiz egiten, bai. Irratitik, telebistatik eta egunkarietatik deitu didate. Denetarik ari naiz egiten azken egunetan. Pentsa, joan den astean Donostiako su artifizialen emankizunean ere agertu nintzen ETBn. Lana ongi egin izanaren seinale dela uste dut.

Batez ere, oihartzun handia izan du Getxoko Zirkuituan lortu zenuen garaipenak. Denboraldi egindako lanaren fruitua jaso al zenuen han?

Hala da. Sasoi hasieran, Euskal Herriko Itzulian txukun aritunintzen. Jarraian, Norvegian hirugarren postua lortu nuen. Sailkapen nagusian, gainera, bosgarren izan nintzen. Denboraldiaren bigarren zatia prestatzeko, Andorran pasatu nuen entrenatzen hilabete inguru. Hango lanak amaitu, Ordiziako Klasikoan parte hartu, eta, astebetera, profesionaletan lortu dudan garaipen bakarra eskuratu nuen Getxon.

Espero al zenuen garaipenaren borrokan egoterik?

Bai zera! Hasiera batean ez nekien Getxoko Zirkuituan irtengo nintzenik ere. Taldeak azken unean esan zidalako joan nintzen. Azkenean, espero baino hobeto irten zen guztia. Gustura gelditu ginen taldean.

Profesionaletan estreinako aldiz irabazi duzu. Garaipen gehiago lortzeko goserik bai?

Txirrindulariok gehiago nahi izaten dugu beti. Hala ere, bat behintzat irisi da, eta lasaiago nago alde horretatik. Hemendik aurrera, ordea, ez da erraza izango besoak altxatzea.

Getxon lehiatzea zure planetan ez bazegoen, prestaketa lana zeri begira egin duzu?

Denboraldiaren bigarren zati honetarako, buruan Burgosko Itzulia eta Espainiako Vuelta nituen. Burgos pasatuta, Vuelta dut orain helburu. Horrez gain, Ordiziako eta Donostiako klasikoetan ere lehiatu nintzen erritmoa hartzeko. Donostian, gainera, txukun aritu nintzen, 22. postuan sailkatuta.

Orain bi aste inguru Burgosko Itzulian parte hartu zenuen. Nolako sentipenekin amaitu zenuen lasterketa?

Hirugarren postua lortu nuen aurreneko etapan. Garaipena ez nuen urrunegi izan. Fisikoki ongi sentitzen naiz. Hala ere, garbi dut Espainiako Vueltan erritmoa ez dela bera izango. Errepideak jarriko nau nire lekuan, eta ikusiko dugu zenbaterainoko ahalmena dudan.

Aipatu berri duzun Espainiako Vueltan lehiatuko zara larunbatetik aurrera. Zein asmorekin zoaz?

Taldeak eskatzen didana egiteko prest nago. Oraindik zuzendariekin hitz egin ez badugu ere, ziurrenik ihesaldietan sartu, eta lana eman beharko dugu. Caja Rural beti izan da talde borrokalaria. Lehiakor izan behar dugu lasterketan. Horrez gain, baliteke Sergio Pardilla apur bat gordetzea sailkapen nagusian lehiatzeko.

Zein helburu duzu?

Ea egunen batean helmugarainoko bidea egiten duen ihesaldian sartzen naizen, eta pixka bat luzitu. Lehia horretan egon nahi nuke.

Etaparik bal al duzu begiz joa?

Etxekoa denez, Oizen amaituko den etapa. Lehengo batean ikusi nuen ibilbidea, eta amaierako mendatea oso-oso gogorra da. Berezia izango da ziur. Izan ere, inguruko jende asko egongo da bertan.

Alex Aranburu Taldeko kideak, adibidez?

Han izango dira, ziur. Egunotan taldeko lagun batzuekin egon naiz, eta Asturiasen [Espainia] dauden etapei buruz ere hitz egin didate. Hara joateko intentzioa ere badutela dirudi.

22 urte izanagatik, jarraitzaile ugari duzu atzetik, beraz.

Ezkion, orain bi urte sortutako ekimena da taldearena. Alde batetik bestera, lasterketatik lasterketara, gustura ibiltzen dira kamiseta jantzita.

Orain artean ez zara sekula hiru asteko itzuli batean lehiatu. Ezerk ematen al dizu errespeturik?

21 eguneko itzulia izateari diot beldurra; luze egingo ote zaidan. Inoiz egin dudan itzulirik luzeena 2016ko Etorkizuneko Tourra izan zen, eta zortzi etapa zituen. Aurten, esaterako, bost-sei egunez jarraian aritu naiz gehienez. Gainera, Vueltak beste erritmo bat izango du ziur.

Egunero aurrean ibiltzeko presiorik ez duzu, ordea.

Ez. Hala balitz, bukatzen ere lanak nituzke. Batzuetan, ihesaldietan borrokatu beharko dut; beste batzuetan, berriz, atzeko taldetxoan lasaiago joan. Batez ere, ordekako etapetan gordeko dut indarra, maldan gora borrokatzeko.

Vueltarekin emango al diozu amaiera denboraldiari?

Ez. Jarraian zenbait klasikotan ariko gara Italian. Haietan lehiatu, eta merezitako oporrak izango ditugu urrian eta azaroan.

Zure etorkizunaren inguruko zurrumurru ugari izan da azkenaldian. Non ariko zara datorren denboraldian?

Oraindik ez dut datorren sasoirako kontraturik Caja Ruralekin, baina ziurrenik bertan jarraituko dut. Gustura nago, eta egutegi ona dut. Ez dut uste kontratua berritzeko arazorik egongo denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.