Erronka ezezagunari heldu zion duela urtebete Igor San Miguelek (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974), inoiz entrenatu gabea zelako emakumezkoen talde bat, baina maila harrigarria eman zuen Realak, Espainiako Liga bosgarren postuan amaituta. Ordukoari jarraipena ematen saiatzen ari da entrenatzailea denboraldi honetan, baina, golik eta punturik gabe, erabat bestelako joera hartuta dabil taldea. Lasaitu, burua freskatu eta dakitena egiten hasi behar dutela argitu du Astigarragakoak.
Duela urtebete baino giro serioagoa dago Zubieta aldean...
Normala ere bada. Hiru puntuen indarrarekin errazagoa izaten da animoak gora egitea. Joan den denboraldikoa gogoan, sasoi honetarako oso gogotsu geunden denok, baina oraingoz ez dugu lortu espero genuenik. Hala ere, ahaztu egin behar dugu aurretik egindakoa, kalte besterik ez baitigu egingo. Obsesiorik gabe, baina azkena balitz bezala heldu behar diogu partida bakoitzari.
Hiru fitxaketa eta hiru hutsune. Entrenatzaile berbera. Ia-ia aurreko denboraldiko berdina da egitura, baina mutur banatan daude bi taldeak. Zer aldatu da?
Esplikazio bila hasten gara askotan, baina ez da erraza aurkitzea. Denboraldi hasiera indartsua egin genuen. Gogorra izan zen lehen aurkaria, Levante, eta oso partida ona jokatu genuen. 0-0 amaitu genuen, baina irabazteko aukera ere izan genuen amaieran; Nerea Eizagirrek, adibidez, langara bidali zuen jaurtiketa bat. Puntu bakarrarekin, baina oso indartsu hasi ginen. Lau jardunaldi igaro genituen, ordea, golik sartu gabe, eta burua bueltaka hasi zen; urduritasuna iristen da zalantzak sortzen direnean, eta erabaki okerrak atzetik. Burua freskatu, eta denboraldi honetakoari heldu behar diogu pixkanaka. Zazpi jardunaldi besterik ez dira igaro oraindik; oso garaiz da.
Jokalariei zalantzak sortzen hastea izaten da seinalerik txarrena, eta presioa bere lana egiten ari dela ematen du, ezta?
Bai... Nire ustez, Espanyolen aurkako azken partida izan da denboraldi honetako kaskarrena. Orain arte 45-70 minutu on jokatu ditugu partida bakoitzean. Nahiko talde fidagarria izan da gurea, eta ondo jokatu dugu, nahiz eta gola sartzea falta izan zaigun. Jaso ere, gol gutxi jaso ditugu, eta gustura nago taldearen lanarekin. Beldur bakarra daukat: biderik egokiena hau dela sinesteari uztea, zalantzak sortzea eta joko on hori galtzea.
Entrenatzailearengana ere iritsi al da zalantza giro hori?
Ez, ez. Nik ez dut sumatu inolako zalantza girorik. Baina badakigu futbolak nola funtzionatzen duen; garaipenak iristen ez direnean zuloan sartzen da taldea, denok egon nahi izaten dugu gorago, tentsioa areagotu egiten da... Lasaitu eta autokritika egin behar dugu, niregandik hasita. Hortik aurrera egingo dugu gora.
Zazpi jardunalditan sei puntu. Garaipen bat, hiru berdinketa eta hiru porrot. Lau gol alde eta sei kontra. Zer dago zenbaki horien atzean?
Zenbakietan ez da ikusten dena. Lehen jardunaldian gertatu bezala, bigarrenean ere oso maila ona genuen Teneriferen aurka; jokoan ez nuen ikusi alde handirik joan den sasoikoarekin alderatuta. Bartzelonaren aurka ere itxura ona eman genuen, nahiz eta 2-0 galdu genuen azkenean. 82. minutuan sartu ziguten bigarren gola. Maila ona eman dugu liga hasieran, baina sentsazioak sailkapenean islatzea falta izan zaigu. Futbola ez da ari izaten bidezkoa gurekin, baina, horrela lanean jarraituz gero, lehenxeago edo geroxeago iritsiko dira emaitzak.
Joan den denboraldikoa salbuespena izan zela pentsatuko dute askok, benetako maila denboraldi honetakoa dela. Ados zaude uste horrekin?
Nik bi urte daramatzat Realean, eta uste dut garaiz dela balorazioak egiteko eta taldearen benetako maila zein den jakiteko. Denborak esango du taldea zer egiteko gai den. Aldagelaren kudeaketarekin nago arduratuta orain, urduritasunak gaina hartuz gero zelaira iristen delako zama hori.
Horrelako egoeretan, astegunetan modu berezian lantzen al da arlo psikologikoa?
Tira... Bai... Jardunaldi jakin batzuk igarota espero ziren helburuak betetzen ez badira, irtenbide bila hasten dira denak, eta normalean baino gehiago hitz egiten da; bilera gehiago egiten dira. Oso erraza da esatea lasai egon behar dela, baloia atean sartuko dela. Baina seigarren jardunaldian sartzen ez bada, esaldi horrek indarra galtzen du. Autokritika, balorazioa... Hausnarketa eskatzen dute emaitza kaskarrek, baina urduri jarri gabe. Ezin gara erotu. Baikortasunari heldu, eta ondo egin ditugun gauzak indartu behar ditugu astegunetan.
Emaitzaz haratago, aldagela ezegonkortzeko gaitasuna daukate Santa Teresaren aurkako azken uneko porrotak (0-1) edo Espanyolen aurkako azken uneko berdinketak (1-1)?
Bai, jendea oso itxaropentsu zegoelako etxeko partida horietan hiru puntuak lortzeko. Aukerak izan arren, ez genuen asmatu, eta hutsegiteak egin genituen irabazi behar horrek eraginda. 88. minutuan egin behar ez genuen falta bat egin genuen Santa Teresaren aurka, eta asmatu egin zuten eurek. Oso zaila da atzean sartzen diren taldeen aurka jokatzea, eta talde horiek ere jakin egin dute gure egoera baliatzen. Geure onetik atera gabe, irabazterik ez badaukagu, gutxienez berdindu egin behar dugu, azken uneko porrot horiek psikologikoki min egiten dutelako.
Golik ez sartzea da taldearen beste datu deigarri bat. Gezurra dirudi taldean Nahikari Garcia, Manu Lareo, Naiara Beristain... maila horretako jokalariak izanda.
Gure partidak ikusi ez dituenak pentsa dezake bere zelaian sartzen den taldea dela gurea, aukera gutxi sortzen duena. Baina guztiz kontrakoa gertatzen ari da. Baloi jabetza min egitea lortzen baduzu bakarrik da errentagarria, baina %70eko datuak ere lortu ditugu tarteka, eta gola sartzeko aukera argi asko sortu ditugu. Aurkaria baino gehiago izan gara partida batzuetan, eta min egin digute azken uneko golek. Baina oso maila oneko jokalariak dauzkagu, eta asmatzen duten egunean gai dira egun bakarrean hiru gol sartzeko.
Naiara Beristain aipatuta, hura izan zen udako fitxaketa nagusia, Nuria Sanchez Mulan eta Nerea Eizagirrerekin batera. Erabateko egokitzapena falta zaio, agian, taldeari?
Ez dakit. Oinarria berbera da. Lehen jardunaldiaz geroztik ezin izan du jokatu Nereak, eta, ondorioz, Naiara eta Mulan soilik dira berriak; 11tik bi, eta, tarteka, bakarra. Aurreko denboraldikoaren oso antzekoa da taldea; barneratuta dauzkate mekanismoak, baina dinamika kontua da dena.
Cristina Cornejo ari da jokatzen atepean. Mariasun Quiñonesek ez daukan zer eskain dezake?
Hatz batean min hartuta egon da Mariasun, eta senda-agiria jaso berri du. Ezin izan du jokatu. Zentimetroen arazoa dauka Cristinak, 1,62 metro neurtzen duelako. Baina oso ona da oinekin, eta etxeko partidetan, adibidez, oso lagungarria da bere lana, baloi irteera ona daukalako. Partida onak egin ditu, nahiz eta hutsegiteei begiratzen dieten denek. Mariasunek, berriz, beste gorpuzkera bat dauka, beste estilo bat.
Espanyolen aurka Iraia Iparragirreren aldeko apustua egin zenuen atzean, Paola Soldevillaren kaltetan. Beste pauso bat izan zen orekaren bilaketan?
Joan den denboraldian aldaketak izaten ziren hamaikakoan, eta antzeko zerbait gertatzen ari da sasoi honetan. Dinamika onean sartutakoan errazagoa izaten da bizpahiru aldaketa egitea, egoera hain ona ez denean askoz gehiago aztertzen delako dena. Iraiaren kasuan, bigarren urtea du taldean, eta oso lan ona egiten ari zen astegunetan. Aurreko denboraldian oso zorte txarra izan zuen lesioekin, eta oso partida ona jokatzen ari zen Espanyolen aurka, min hartu zuen arte. Zorionez, ez dirudi lesio larririk daukanik. Taldearentzat ona da jokalarien artean lehiakortasuna egotea.
Aintzane Encinasek eta Maialen Zelaiak protagonismoa galdu dute lehen taldean. Urteen ondorio naturala da hori?
Azken denboraldietan oso jokalari garrantzitsuak izan dira biak minutuei dagokienez, nahiz eta joan den sasoian jada gutxiago jokatu zuten. Beste lan bat ere egiten dute aldagelan, niretzat oso garrantzitsua den lana, eta zortzigarren jardunaldian gaude oraindik. Denei iritsiko zaizkie aukerak. Hala ere, Aintzanek eta Maialenek lehiakortasun handia daukate hiruko lerroan. Hor jokatzen dute Naiara Beristainek eta Nerea Eizagirrek, fitxaketetako bik. Oso ondo ari dira lanean, horri eutsi behar diote, eta astero baloratu beharko dut hamaikakoan nor sartu eta nor ez. Merezi, askok merezi dute, baina, oraingoz, ezin da jokatu hamabi jokalarirekin.
20 urtez azpiko Munduko Txapelketa iritsiko da azaroaren 13tik abenduaren 3ra, eta Espainiaren lehen deialdian daude Nahikari Garcia, Mariasun Quiñones eta Paola Soldevilla. Ligako hiruzpalau partida galduko lituzkete. Arazoak berriz ere.
Entrenatzaileok 21 jokalariak nahi izaten ditugu geure esanetara, deialdiak eta hamaikakoak osatzeko buruhausteak izateko. Hasieratik jokatzeko aukera asko duten hiru jokalari faltako zaizkigu. Denbora asko da, aurkariak hutsunerik ez badauka, batez ere. Egutegia ez da bidezkoa, baina bagenekien zer etor zitekeen, eta ez dago aitzakiarik. Beste batzuek aukerak izango dituzte orain, eta, nork daki, jarraipena izan dezakete gerora. Aurrerapausoa eman behar dute jokalari horiek.
Albacete, Sporting, Tacuense eta Betis. Hutsuneak hutsune, Athleticen aurkako derbiaren aurretik puntu asko pilatu beharrekoak dira hurrengo asteak.
Erraza da partidak hasi aurretik kalkuluak egitea. Joera hori izaten dugu beti. Pentsamendu horiek izan genituen Santa Teresa eta Espanyolen aurka ere, baina igandero jokatu behar izaten da. Okerra litzateke lauko partida multzo bati begira hastea. Albaceteren aurkako partida besterik ez daukagu buruan, ondo ari gara prestatzen, eta irabazi egin behar dugu. Baina burua galdu gabe, Gauza gehiegi egin gabe ari zaizkigu aurkariak partidak irabazten. Sentsazio hori daukat; gure antsietatearekin jokatzen ari dira.
Aldatu egin dituzue denboraldi hasierako helburuak edo lehengoak dira oraindik ere?
Espero ez genuen hasiera izan du taldeak, baina egunerokoan hobetzea zen helburua, eta horri eutsi behar diogu. Gertueneko igandea da gure erronka, alferrik delako urrutiko helburuekin estutzen hastea. Lehen itzuliaren amaieran ikusi beharko dugu non gauden eta taldeak zer merezi duen.
Igor San Miguel. Realeko entrenatzailea
«Beldur bakarra daukat: biderik egokiena hau dela sinesteari uztea»
Lehen zazpi jardunaldietan sei puntu soilik pilatu ditu Realak, baina joan den denboraldiko talde sendo hura urrutiegi ere ez dagoela sinetsita dago gipuzkoarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu