Bigarren Mailako txapeldun izan zen iaz Axier Arteaga (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1996), eta igandean ekingo dio Lehen Mailakoari, Danel Elezkanoren aurka. Urte zaila izan du.Udan arazoak izan zituen bi belaunetako errotulako zurdan, eta lau hilabete egin zituen geldirik. Neguan, berriz, ezkerreko eskuan izan du min.
Lesioaren arrastorik baduzu?
Ez. Eskuetatik ondo nago, eta belaunetako lesioa ia ahaztua dut. Entrenamendu eta prestaketa aldetik ere ondo, baina agian ez nago joko sasoi aproposenean.
Arazo handiak izan dituzu belaunekin.
Aurreko hilabeteetan, lan fisiko handia egiten nuenean, zerbait nabaritzen nuen belaunetan, baina lasai nago, lesioa ondo sendatuta dagoelako.
Lesioen inguruan hitz egiteaz nekatuta zaude?
Pixka bat bai, baina, azkenean, bolada txar bat izan zen, eta normala da kazetariek galdetzea.
Urte zailaren ondoren motibazio berezia al duzu txapelketa jokatzeko?
Ez dakit urte gogorrengatik den ala ez, baina motibazioz lepo nago. Pilotari hauekin hemen topo egitea bakarrik gauza handia da niretzat, ilusio handia egiten dit, eta jokatzeak zer esanik ez. Igandean partida zaila dut, baina badakit nire jokoa egiten badut lanak eman diezazkiokedala Elezkanori.
Bigarren Mailako txapela ahaztua al duzu dagoeneko?
Ahaztuta ez, baina hori pasatako zerbait da. Beti aurrera begiratu behar da, eta aurkariei errespetua eduki.
Azken hilabetean lau partida jokatu dituzu. Ia ahaztuta zeunden hainbeste jokatzea zer zen.
Bai. Ni urtarriletik jokatzeko prest nengoen, baina enpresan pilotari asko daude, eta ez zaizkit partida asko egokitu. Alde horretatik, gusturago nengoke pixka bat gehiago jokatu izan banu.
Noiz hasi zinen prestatzen?
Prestatzeko nahi adina denbora izan dut. Urtarrilean hasi nintzen lan fisikoarekin, eta azken hilabetean pilotalekuko lana egin dut.
Gorpuzkera sendoagoa duzula dirudi. Zer dio pisuak?
Azkenaldian galdu egin dut, baina egia da iazko udan, belaunengatik geldirik egon nintzenean, lan fisiko gehiago egin nuela. Lan horren eragina nabari da.
Elezkano izango duzu aurkari.
Elezkano edo Retegi izan zitekeen, biak gogorrak, eta biak faborito lirateke nire aurka. Elezkanok agian ez du izan prestatzeko denborarik, baina joko sasoi onean dago, eta askotan hori hobea da.
Hasiberriek ezer galtzeko ez duzuela esaten da.
Hori ez da egia; irabazleak sari handia du. Gero Artolaren aurka jokatzeak ilusio handia egingo lidake, baina lehenbizi, igandeko partida jokatu behar dut.
Enpresakoak nola ikusi dituzu?
Artolarekin ibili naiz gehienbat, eta hura ondo dago. Baina edozeinek du ezustekoa emateko aukera. Irribarria eta Urrutikoetxea dira nire faboritoak.
Axier Arteaga. Asegarceko pilotaria
«Belauneko lesioa ondo sendatu da; lasai nago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu