Belaunaldi berri baten hiru ertz

Athleticeko harrobiko harribitxietako hiru dira Sara Ortega, Ane Elexpuru eta Jone Amezaga. Bigarren taldeko fitxa duten arren, dagoeneko utzi dute arrastoa lehen taldean. Zelaian erakutsi ohi duten naturaltasuna dute handik kanpo.

Aurrean, Ane Elexpuru; atzean, ezker-eskuin, Jone Amezaga eta Sara Ortega. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
Lezama
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Iazko urriaren 6an bete ziren hogei urte Athleticek emakumezkoen taldea sortu zuenetik. Artean, Ane Elexpuru (Bilbo, 2023), Jone Amezaga (Zalla, Bizkaia, 2005) eta Sara Ortega (Logroño, Espainia, 2005) ez ziren jaio oraindik. Zuri-gorriek azken liga irabazi zutenean, 2016an, 13 eta 11 urte besterik ez zituzten. Elexpuru eta Amezaga Bilbon izan ziren ospakizunetan. «Nik gogoan dut argazkiak atera nituela Iraiarekin [Iturregi], Eli Ibarrarekin eta Andrea Sierrarekin». Orain, Athleticeko belaunaldi berri baten harribitxi dira, Iraia Iturregi su geldoan kozinatzen ari dena. Dagoeneko utzi dute daukaten talentuaren arrastoa berdegunean. Baina oinak lurrean dituzte. Zelaian erakusten duten ausardiarekin eta naturaltasunarekin daramate egunerokoa, eta argi dute bidea hasi besterik ez dutela egin, pausoz pauso joan behar dutela.

Hirurek oso presente dute debutaren eguna. Ortegak aurreko sasoian egin zuen, Espainiako Kopako partida batean, Racingen kontra. Amezagak eta Elexpuruk, berriz, denboraldi honetan izan dute estreinakoa, Sporting Huelvaren eta Real Madrilen kontra, hurrenez hurren. Aurrelariak izanik, amestutako debuta izan zuten Ortegak eta Amezagak, gola sartu baitzuten. Ukitu zuten lehen baloia sareetara joan zen. «Izugarria izan zen. Ezin nuen sinetsi. Partida amaiera arte ez nintzen kontziente izan egin nuenaz», dio Amezagak. Elexpuruk gauza bakarra izan zuen buruan debutean: disfrutatzea. «Hala eginez gero, garbi nuen gauzak hobeto aterako zitzaizkidala, eta lasaiago arituko nintzela. Minutuak aurrera joan ahala lortu nuen».

Ordutik egunerokoa aldatu egin zaiela onartu dute. «Adibidez, duela urtebete ez ginen elkarrizketa hau egiten ariko», dio irribarrez Ortegak. Ezagunagoak dira orain. «Nik Realari San Mamesen gola sartu nionetik antzeman dut hori batez ere. Baina polita da», esan du Amezagak. Elexpuruk, hala ere, badu trikimailu bat jendeak ez dezan hainbestetan ezagutu. Naturaltasunez aipatu du. «Partidetan zinta bat jartzen dut ilean, eta, kalean ez dudanez erabiltzen, zale askok ez naute hainbestetan ezagutzen».

Baina benetako aldaketa eguneroko exijentzian eta ordutegietan izan dute. Ortega eta Amezaga, adibidez, batxilergoko bigarren urtea egiten ari dira, eta lehen taldearekin goizez entrenatzen direnez, arratsaldean joan behar izaten dute eskolara: 17:00etatik 22:00etara. «Alde horretatik, urtea gogorra eta astuna izaten ari da. Hemendik ekainera bitarte asko estutu beharko dugu, unibertsitatera sartzeko hautaproba eta denboraldi amaiera batuko baitzaizkigu. Ahalegina handia izango da, baina merezi du», diote biek. Klasekideek behin eta berriz galdetzen diete nola antolatzen diren: «Denbora ondo kudeatzea da gakoa», nabarmendu du Ortegak. «Niri, adibidez, asko errazten dizkit gauzak jokalarientzako Lezaman dagoen egoitzan bizitzeak. Dena eskura daukagu, oso ondo zaintzen gaituzte. Guk entrenatzean eta ikasketetan baino ez dugu jarri behar arreta»

Unibertsitatean dago Elexpuru. Lehen Hezkuntzako irakasle izateko gradua egiten ari da.«Egia da batxilergoko bigarren urte hura gogorra izan zela. Alde horretatik, lasaiago nabil orain. Goizean direnez eskolak, ezin izaten naiz joan, baina lehen taldearekin goizez entrenatzen dugunez, arratsaldeak aprobetxatzen ditut egin beharreko lanak egiteko eta ikasteko. Gustura nabil ikasten».

Baten esperientzia baliagarria da besteentzat. «Gauza berdinak bizitzen ara gara, eta beste inork ez digu gehiago lagunduko. Elkarren sostengu gara egunerokoan».

Iraia Iturregi entrenatzailea dute beste sostengua. «Erreferente bat da Athleticen, harrobitik asko ezagutzen gaitu, eta konfiantza ematen digu. Badaki zer eman dezakegun eta noraino estutu gaitzakeen. Horrek lasaitasuna ematen dit», azaldu du Elexpuruk. Hirurekberretsi dute, lehen mailan exijentzia handiagoa izan arren, Iturregik berdin jokatzen duela lehen taldean eta bigarrenean, eta jokalari guztiei berdin tratatzen diela. Amezagak azaldu du zer eskatzen dien: «Huts egin arren, ausartak izateko esaten digu, eta konfiantza izateko gugan, lana eginda eta saiatuta iritsiko direla gauzak».

Eta bakarka zer eskatzen die? Segidan zerrendatu dute zer eskatzen dien teknikariak. Abiadura da Amezagaren ezaugarri nagusia. «Horri etekina ateratzeko eskatzen dit». Ortegaren kasuan, baloiarekin «ausartago» aritu behar duela azpimarratzen dio. «Buruz buruko jokaldietan trebea naizela esaten dit, eta hori baliatzeko. Baita barrura sartuta lerro arteko jokoari etekina ateratzeko ere». Iturregik nahi du Elexpuruk eutsi diezaiola bigarren taldean bai erasoan zein defentsan erakutsi duen oldarkortasunari. Izan ere, onartu dute Lehen Mailan «zailagoa» dela bakoitzaren indarguneak erakustea. «Batez ere askoz bizkorrago jokatzen delako, eta denbora gutxiago duzulako pentsatzeko. Baina ez erotzea da gakoa. Zuk ondo egiten dakizuna egitea», dio Ortegak.

Bakoitzak bere dohainak ditu, eta argi dute bestearen zein dohain nahiko luketen: Amezagak Elexpururen «patxada» izan nahiko luke, eta Ortegaren «jokoa ikusteko gaitasuna eta ausardia». Patxadaz gain, Elexpururen pare mugitu nahiko luke baloia Ortegak, eta Amezagaren «abiadura eta jaurtitzeko modua» nahiko lituzke. Elexpuruk, berriz, Amezagak buruz buruko jokaldietan duen trebezia eta Ortegak jokaldiak amaitzeko duen gaitasuna goraipatu ditu.

Taldekideen gertutasuna

Oso erraza izan da haientzat multzora egokitzea. «Alde horretatik, lehen egunetik beso zabalik hartu gaituzte jokalari guztiek, eta asko lagundu digute. Familia baten parekoa da», nabarmendu du Amezagak. Asko eskertzen dituzte haien aholkuak: «Eskarmentu gehien duten jokalariak batez erebeti daude gugandik oso gertu: Nekane [Diez], Marta [Unzue], Mariasun [Quiñones]... Nekez izango ditugu irakasle hobeak». Gazteek multzora «alaitasuna eta aire freskoa» ekarri dutela esan izan dute eskarmentua duten jokalariek. Hori entzutean irribarre txiki bat atera zaie. «Egia da beti gabiltzala brometan». Amezagak eta Elexpuruk berehala esan dute Ortega dela bromazaleena. «Hasieran lotsa pixka bat ematen zidan, baina, esan bezala, oso gertukoak dira denak, eta orain gehiago ausartzen naiz».

Horrek ez du esan nahi, hala ere, taldearen egoerarekin kezkatuta ez daudenik. «Gazteagoak izanagatik ere, guk ere sentitzen dugu ardura edo kezka hori. Gure ikasketa eta hazkundearen parte da hori ondo kudeatzea, futbolaren parte baita». Ziur dira ez dutela arazorik izango mailari eusteko. «Taldea oso ondo ari da lanean, eta berandu baino lehen iritsiko dira fruituak».

Haiengan uste handia dago jarrita, baina horrek ez ditu kezkatzen. «Alderantziz: horrek erakusten du zaleen artean ilusio bat badagoela, eta hori ona da. Gainera, nik behintzat ez diot asko erreparatzen jendeak dioenari. Eguneroko lanean dut jarrita arreta, hobekuntza eta hazkunde horretan», nabarmendu du Elexpuruk.

Ez dute uste, gainera, Athleticek harrobiko jokalarien alde egiten duelako errazagoa izan dutenik gora iristea. «Agian aukera gehiago ditugu. Baina errazagoa ez da. Iristeko, maila eman behar duzu».

Maila ematearekin batera, funtsezkoa iruditzen zaie oinak lurrean izatea. «Hau hasi besterik ez da egin. Oso gazteak gara. Kontua ez da bakarrik iristea, baizik eta mantentzea eta izaten ari garen garapenak etenik ez izatea. Oraindik bigarren taldeko fitxa dugu», azaldu du Amezagak. Etxekoek behin eta berriz hori errepikatzen dietela berretsi du Elexpuruk. «Azken batean, futbolak gorabehera asko ditu; egun batean goran zaude, eta hurrengoan, behean. Orain arte bezala jarraitu behar dugu lanean». Argi dutena da talde zuri-gorrian baldintzarik onenak dituztela: «Luxua dira hemen ditugun baldintzak eta azpiegiturak».

Amets bera dute hirurek: Athleticekin titulu bat irabaztea. «Argi dago gero eta zailagoa dela. Baina, urrutira joan gabe, hor daukagu Kopako azken fasea», egin du azpimarra Ortegak. Artean, ametsak betetzen jarraituko dute. Bihar, adibidez, San Mamesen jokatuko dute berriz ere, Sevillaren kontra (20:00). Funtsezko partida da atzean dauden taldeak ez daitezen gerturatu.

Amezagak badaki zer den San Mamesen gola sartzea, Realaren aurkako azken derbian sartu baitzuen. Berriz sartu nahi du. «Ez nuen espero jokatzea. Are gutxiago gol bat sartzea. Eromena izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.