Brasilgo Munduko Kopa. A multzoa. Kamerun

Belaunaldi baten amaiera

Belaunaldi baten amaiera.
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Kamerun, Roger Milla eta 1990eko Italiako Munduko Kopa. Futbolaren historian leku berezia daukate. Afrikako selekzioa eta kontinente hartako futbola ezagun egin zituen balentria hark. Final-laurdenak harrapatu zituen. Harrezkero, askotan azaldu da Munduko Kopetan; esaterako, azkeneko sei aldietan bost bider. Baina ez du ezer egin. Zelaiko kontuez baino gehiago hitz egin zen txapelketa horietan beste arazo batzuez; gehienetan, federazioaren eta jokalarien arteko liskarrak zeuden eztabaiden oinarrian, diru sariak tarteko. Orain ere izan da kalapita gai horren harira. Gauzak ez dira aldatu, horrenbestez. Ikusteko dago zelaian azken aldietako itxura hobetuko den. Samuel Eto'oren itzulera ona izan daiteke emaitzak zuzentzeko, baina Chelseako aurrelariaren maila ez da lehengoa. Volker Finke entrenatzaile alemaniarrak eman dio taldeari aspaldian izan ez duen talde izaera, eta bada zerbait. Ikusi egin beharko da horrek lehiaketan balioko dion edo ez. Europan bide ona egiten ari dira selekzioko hainbat jokalari: Alexander Song erdilaria (Bartzelona), Jean Makoun erdilaria (Roazhon), Pierre Webo Osasunako aurrelari ohia (Fenerbahce), Stephane Mbia erdilari (Sevilla, Queens Park Rangersek utzita) eta Benoit Assou-Ekotto atzelaria (Queens Park Rangers, Tottehmanek utzita), besteak beste. Txapelketa hau izango da Eto'oren belaunaldiaren azkenekoa. Sekulakoak egin behar zituzten, baina txiki geratu dira. Brasilen bidea zuzentzen ez badute, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.