Belaunaldi batek agur esan zuen atzo Taxoaren. Natxo Monrealek Malagan jokatuko du heldu den sasoian, baina aurretik bere «etxea» izandakoari agur esan nahi izan zion, eta hitz onak baino ez zituen izan. «Osasunak jokaera bikaina izan duen hamabi urte izan dira, oroitzapen polit eta ikaragarriekin noa». Malagak jabe beratz berria du, eta sei milioi euroko etete klausula ordaindu du Ezkirozko atzelaria lotzeko. Kopuru hori bi milioitan puztu daiteke lorpenen arabera.
«Harrobiko jokalari bat joaten den bakoitzean, pena bat da, baina futbolak halako gauzak ditu», adierazi zuen atzo Patxi Izko Osasunako presidenteak, eta azaldu zuen azken urteetan zurrumurru asko egon diren arren Malagarena Monrealengandik jasotako lehen eskaintza «serioa» izan dela. Monrealekin Osasunak azken hamarkadetan izan zuen jokalari belaunaldi oneneko azken alea joan da. Raul Garciak, David Lopezek, Javi Martinezek, Cesar Azpilikuetak eta Natxo Monrealek batera egin zuten gora, eta egun denak kanpoan daude. Hori bai, guztien artean 37 milioi euroko uzta jaso du Osasunak, behin kontratua bukatuta taldean eusteari kostako zitzaion jokalariengatik. Atzelariak ere hori argi zuen bere agurrean. «Osasunan oso gustura egon naiz, baina erabaki honekin alde guztiek irabazten dute». Izkok, bestalde, jokalariak esanikoa berretsi zuen. «Eskaintza ona zen, jokalariarentzat eta taldearentzat, eta kasu egin behar zitzaion».
Osasuna uztea zaila egin zaio Monreali, taldearekin zuen lotura oso estua zelako. «Egun arraroak dira, galduta nabil, nire etxetik irtetea delako. Irtetea ez da erraza, baina Malagaren kirol egitasmoarengatik irteten naiz, oso erakargarria da, anbizioa dago han, eta zaila zen ezetz esatea». Bere «familian», igarotako urtez mintzatzean, Monrealek Iruñean «titulu bat ez beste guztia» lortu duela esan zuen, eta egun bat aukeratzekotan, lehen taldearekin jokaturiko aurreneko partidarekin geldituko litzateke. «Hanburgon izan zen, Txapeldunen Ligarako atarikoan. Sentsazio errepikaezina izan zen».
Zaleek erabakia ulertuko dutela uste du Monrealek, eta Iruñean gorritxoena ez den beste elastiko batekin jokatzea berezia izango dela. Azkenik, ez zion atea itxi noizbait Osasunara bueltatzeari.
Batzuk joaten diren bezala, beste batzuk etorri egiten dira, eta, Izkok adierazi zuenez, Nino aurrelariarekin erabateko akordioa du Osasunak. Fitxatzeko arazo bakarra jokalariak Tenerife bere taldearekin indarrean duen kontratua da, baina, Izkoren esanetan, «hori ez da Osasunaren arazoa». Nino taldeak fitxatuko duen laugarren jokalaria izango da, Ibrahima, Ruben Gonzalez eta Bertranen ondoren. Era berean, Jose Luis Mendilibarrek Andres Fernandez atezaina berreskuratuko du —sasoi bikaina egin du Huescan utzita—, eta Xavier Annunziata lehen taldera igoko du. Bestalde, baliteke Javier Camuñasek taldea uztea.
Kontratu luzapenei dagokienez, Kike Solarena «geldituta» dagoela azaldu zuen Osasunako presidenteak. «Negoziazoak hasi genituen, ez zen akordiorik lortu, eta gelditu egin dira. Ez dute hitz egin nahi, eta horregatik daude geldirik». Sola taldeko golegile nagusia izan zen iragan sasoian.
Belaunaldi baten agurra
Monrealek taldeari esker ona adieraziz esan dio agur Osasunari, eta nabarmendu du alde guztiek «irabazi» dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu