Iñaxio Errandonea. Aspeko zuzendari komertziala

«Belaunaldi aldaketa ez da traumatikoa izan»

Titin eta Xala iragana dira, eta Irujok ezin izan du jokatu. Hala ere uda ona izan dela dio, «gazteek oso ondo erantzun dutelako». Enpresaren egoera aztertu du, eta kirol arloko erabakiak azaldu ditu.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Autoan sartuta egiten du eguna Errandoneak (Bera, Nafarroa, 1964). Ikasturte hasiera da, txapelketa jaialdiak saltzeko eta federazioekin biltzeko garaia. Halere, bazkalostean tarte bat gorde du BERRIArekin kafea hartzeko.

Zer moduz joan da uda? Garai batean, urteko arorik garrantzitsuena zen enpresentzat.

Uda ona izan da, oro har. Are hobea udaberria nola hasi zen ikusita, Irujoren hatzeko lesioarekin lehenbizi eta bihotzeko arazoarekin gero. Udan, gazteek maila oso ona eman dute, eta eskaera ona egin digute herriek. Modan jarri dira, edo guztion artean jarri ditugu, eta balorazioa oso ona da.

Kirol aldetik, izugarria da Irujoren galera, eta jaialdiak saltzeko garaian?

Horixe. Irujo eta Olaizola izan dira figura handienak azken urteetan, eta Irujo izan da jende gehien mugitu duen pilotaria. Irujo ez egotea pena eta galera handia da. Baina,tira, zuk egunkaritan irakurtzen baduzu hilabete askotarako egongo dela kanpoan, bada, jendeak hori barneratzen du, eta beste pilotariak eskatzen ditu. Orain, zein dira modan dauden gure pilotariak? Altuna eta Irribarria batez ere, bai eta Ezkurdia ere, udan hain ondo ibili ez bada ere. Eta, atzean, Zabaleta, Rezusta... Urte onak edo txarrak diren? Hori pilotarien araberakoa da. Pilotari onak badituzu, jendeak produktu hori eskatzen du. Begira, hor dago Barriola, urte asko daramatza, eta oso maitatua da.

Zertan da Irujo?

Bere martxan dabil, lasai ederrean. Hark esaten du aurrerago probatxo bat egin nahi duela, baina ez dago albiste berririk.

Buruz buruko txapelduna enpresan izatea asko nabaritzen al da jaialdiak saltzean?

Ez hainbeste, baina kasu hau oso berezia izan da. Irribarria inoizko txapeldunik gazteena izan da, ikuskizuna emanda eta pilotari handiei irabazita. Kasu honetan, garrantzitsua izan da, promesa huts zena benetako errealitate bihurtu zelako bat-batean Irribarria.

Nola hartu du hark ikusmin hori?

Badirudi gazte hauek buruz 30 urte dituztela. Harrigarria da nola beren egiten duten lehen mailan egote hori. Ez dugu ezagutu halakorik... Tira, agian, Ruben Beloki, txapeldun izatea 20 urterekin. Altuna, Irribarria edo Rezustarekin hitz egiten duzu, eta jende zentzuduna dela ikusten duzu.

Krisiak gogor jo zuen udako martxa. Nola dago orain?

Ez dakit krisitik irteten ari garen. Agian, onartu dugu egoera aldatu dela. Herri askok utzi zioten pilota profesionala antolatzeari, eta, orain, batzuk ari dira lehengoratzen. Esan beharra dago pilota jaialdi bat ez dela garestia. Udaletxeari prezioa ematen diozunean,hasieran harridura sortzen du, baina, sarrerekin, askotan berreskuratu egiten da, eta irabaziak atera. Ez da produktu garestia. Gero,garrantzitsua da berrikuntza ere, jendeak jokalari berriak nahi ditu. Krisia pasatu dugun? Krisira moldatzen ari gara.

Alkohola zerbitzatzeko debekua nabaritu al duzue?

Nire ustez, hanka sartzea izan da legea onartzea. Gure ikuspuntutik, ez du zentzurik. Pilotalekuari buruz hitz eginda, ez da inoiz ezer gertatu, eta, orain, ezin ezer zerbitzatu. Lege hori betez gero, kiroldegi batean ardo bat pintxo batekin ezin hartzea... Zaila egiten da ulertzen. Nire ustez, legea atzera bota beharko lukete. Orain pasatu dira hauteskundeak, ikusi beharko zein etorkizun duen legeak.

Jende gutxiago ibili al da pilotalekuetan horregatik?

Jendearen kexak sumatu ditugu. Publizitate txarra da hori ikuslearentzat. Hemen oso lotuta dago bazkaldu eta pilota ikusiz trago bat hartzea... Ia kulturala da.

Aspe itxuraldatze aro batean dago. 2014an binakako jokatu zuten lau aurrelarietatik hiru aurten ez dira arituko, Irujo sendatzen ez bada. Zer deritzozue?

Ez dakit lana ondo egin dugulako izan den, edo zorte pixka bat izan dugulako, baina belaunaldi aldaketa ez da traumatikoa izan. Pilotari handiak izan ditugu: Titin, Xala, Irujo... Bat gaixotasunarengatik ez dago hor, baina eusten diogu. Elezkano ekarri dugu, ikusi behar ze maila ematen duen, eta gero hiru gazte. Pentsa Ezkurdia da zaharrena, eta 25 urte ditu.

Zergatik Elezkano II.a?

Kontratua bukatu zuen, eta aukera bat izan zen. Eskaini zitzaion, eta bi aldeak pozik. Lehen Mailan finka daiteke. Hori bere esku dago.

Beste eskaintzarik egin al zenuten? Edo egin al zizueten?

Ez.

Kirol arloan zein da buruhauste handiena?

Arazo larrienak pasatu ditugu, nik uste. Belaunaldi handi bat badoa, eta zera pentsatzen genuen: 'Eta hauek joaten direnean, zer?' Eta etorri dira pilotari berriak, horiek ere maila onekoak. Bizitzak aurrera segitzen du, gauza berriak eskainiz; garai onean gaude.

Bertigo handia ematen al zuen horrek? Alegia, Titin, Xala edota Irujo gabeko pilotak.

Bai, baina ez orain. Duela bizpahiru urte ikusten zenuen: Titin oso beteranoa, Xala adinean goraka, Irujo 30etik gora... Orain daudenak gaztetan ere oso onak ziren, baina ez dakizu nola hartuko zuten maila aldaketa. Altunak eta Irribarriak espero genuen maila hartu dute. Pilotari handiak izatea espero genuen, hori bai, espero baino lehenago lortu dute. Ez uste genuen baino handiagoak, bai lehenago. Batzuekin beti espero duzu, eta ez dira iristen, eta hauek bai.

Atzelarian artean, jauzi handia dago. Bizpahiru daude puntan,eta gero...

Hiru atzelari daude jotzaile handiak direnak: Albisu, Rezusta eta Zabaleta. Horiei aurre egitea ez da erraza. Barriolak egin diezaieke aurre bere esperientziarekin-eta, baina aurre egitea ez da erraza. Horrelakoak ez dira beti izan. Belaunaldi bikain horretan ere ez zeuden jotzaile hain handiak.

Nafarra zara, eta Nafarroan bizi zara. Iruñean, Nafarroa Arena itxita dago... Zer dakizue?

Egon ginen ikusten, Nafarroako Gobernuarekin. Pilotaleku ikusgarria da, ez du erraldoi sentsazio hori ematen. 3.000 ikusle dira, eta nahiko goxoa da, harrituta nago. Esan ziguten saiatuko zirela aurten irekitzen, baina zaila zela. Diru kopuru bat falta da obra batzuk bukatzeko. Irekita ikusiko dugu. Lehengo gobernuak obra ikaragarria egin zuen, baina oraingoak ireki egin nahi du, eta pilotarako martxan jarri. 2016an ez bada, 2017an izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.