Neure buruari ez diot hutsik egin nahi berriz». Horregatik erabaki du nahikoa dela. «Min ematen dit, baina 2015ean ez naiz izango txirrindulari profesionala». Aurtengo Frantziako Tourreko hirugarren etapan erori, belaunean lesio larria izan, eta behar bezala osatu ezinik, erretiroa hartzea erabaki du Andy Schleckek (Trek). 29 urterekin. «Niretzat toki bat gordeta zeukala esan zidan taldeak, eta saia nintekeen beste behin. Baina etsigarria izango zen helburuak ez lortzea. Erori naizen guztietan jarri izan naiz zutik, baina oraingoan ezin dut jarraitu». 2004an hasitako ibilbidea 2014an itxita, eta azken hiru urteak burua altxatu ezinik igarota, etxekoak eta Luca Guercilena eta Kim Andersen Trek-eko ordezkariak ondoan zituela eman zuen prentsaurrekoa, atzo, 2010eko Tourreko garaileak, Luxenburgon bertan, etxean.
«Oso harro nago lortutakoarekin, eta jende askok ezin du esan halakorik». Lesioek apaldu zuten, ordea, txirrindularirik onentsuena izateko bidean zihoan gazte iharraren gorako bidea. «Belaunak ez dit uzten jarraitzen. Hiruzpalau orduko saioa egin nezakeen, baina ondoren mina sentitzen nuen, berriz ere, belaunean». Lotailuetako ebakuntza behar bezala osatu zaio. «Baina ia-ia kartilagorik gabe nago belaunean». Galibier gainean geratu da Andy Schlecken azken irudi pozgarria: 2011ko Tourrean bertan lortu zuen bere kirol ibilbideko azken garaipena. Erabat lur jota, bi lasterketa baino ez zituen amaitu 2012an, Johan Bruyneel zuzendari zuela —2013an 20. postuan amaitu zuen Tourra, bere onenetik urrun—.
2005ean egin zuen debuta Andy Schleckek profesionaletan, eta urte horretan bertan lortu zuen lehen balentria, Luxenburgoko Erlojupeko Txapelketan urrezko domina kolkoratuta. Hiru asteko itzulietan, berriz, 2007an agertu zen, 22 urte betetzear zela, Italiako Giroan. Bigarren amaitu zuen sailkapen nagusian, Danilo Di Lucaren atzetik (Liquigas), eta gazteen sailkapena ere irabazi zuen. Girotik Tourrerako jauzia emanda, 11. postuan amaitu zuen parte hartu zuen lehen urtean, 2008an —gazteen sailkapena irabazi zuen—, eta buruz buruko harrigarriak eskaini zituzten Alberto Contadorrek (Tinkoff-Saxo) eta biek hurrengo urteetan.
2009tik 2011ra izan zuen loraldia, helburu ia bakar gisa Tourra zuela. Lieja-Bastogne-Lieja irabazi berritan, bigarren amaitu zuen Tourra 2009an, Contadorren atzetik —gazteen sailkapena irabazi zuen—; 2010ean, berriz, Contadorren zigorra baliatuta, berari eman zioten Tourreko garaikurra; bi etapa ere irabazi zituen urte hartan. 2011n bigarren amaitu zuen, berriz ere, etapa garaipen bat eskuratuta. Cadel Evansek (BMC) irabazi zuen Tour hura.
Hortxe amaitu zen, ordea, Schleck anaietan gazteenaren uzta oparoa, azken hiru urteotan desagertuta ibili baita. Oso denbora gutxian, lasterketak irabazteari utzi, eta bakar bat ere amaitzen ez zuela geratu zen. Horren erakusgarri, aurtengo Luxenburgoko Errepideko Txapelketako hirugarren postua izan da azken hiru urteotako emaitzarik esanguratsuena. «Baina beti esan izan dut txirrindularitza ez dela ez nire bizitzaren hasiera eta ezta amaiera ere. Bikotekide eta seme zoragarriak dauzkat. Hunkituta nago bizitzak niretzat zer daukan gordeta jakiteko. 29 urterekin, gauza polit asko dauzkat egiteko oraindik».
«Gertukoa eta apala da»
Frank anaiaren ondoan entrenatu eta lehiatzeagatik «oso harro» dagoela esan zuen atzo Andy Schleckek, eta familiari eskerrak emateaz gain, oso gogoan izan zituen, besteak beste, bere taldekide izandako bi: «Jens Voigt eta Markel Irizar». Prentsaurrekoa zuzenean ikusterik izan ez bazuen ere, «hunkituta» hitz egin zion arratsaldean Irizarrek berak BERRIAri. «Horrelako egun batean nirekin gogoratze hutsa ere... Kirol arloan, azken hiru urteak beretzat ez dira izan onenak, baina oso harreman ona sortu da bion artean». Oñatiarrak azaldu duenez, «gertukoa eta apala» da Schleck anaietan gazteena. Onartu du, «kirolari gisa, agian», gauzak ez dituela egin modurik onenean. «Baina Andy Schleck pertsonarekin gogoratuko naiz ni».
Haimar Zubeldiak ere azken urteotan gertuko harremana izan du luxenburgotarrarekin. «Taldeburu askorekin lan egitea tokatu zait nire kirol ibilbidean, eta Andy izan da denen artean gertukoena edo irekiena. Oso gertu sentitu izan dut beti. Behin bizikletatik jaitsita, bat gehiago zen taldean». Usurbildarrak pena dauka, «oso gaztea» delako oraindik. «Eta izan den txirrindularia izanda, urte on batzuk bazeuzkalako hanketan. Ezerezean igaro dira, ordea, azken hiruzpalau urteak. Badakit arazoak izan dituela, eta beste bide bat hartu beharra zeukala ikusi du».
Andy Schleck txirrindularia ezagutzen dute gehienek, baina Zubeldiak azaldu du egunerokoan «ehiztari amorratua» dela luxenburgotarra. «Ordu asko igarotzen ditu ehizean. Luxenburgon bertan lursail bat erosita zeukan laku txiki batekin, han arrantzan ibiltzea gustatzen zitzaion... Oso pertsona normala da, eta urteotan harritu egin nau ingurukoekin zein gertukoa zen ikusteak».
Andy Schleck
Belaunak eta buruak ezetz esan diote
Tourrean erori eta belauneko lesioa osatu ezinik, 29 urterekin erretiroa hartzea erabaki du Andy Schleckek. 2010eko Tourreko garaipenaren ondoren, gainbehera etengabean igaro ditu azken hiru denboraldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu