«Ez naiz ezertaz gogoratzen». Eta horrela hobe. Joan den ostegunean, Tourreko seigarren etapan, kolpetik joan zen lurrera Xabi Zandio (Iruñea, 1977). Chris Froome liderra galdu zuen bezperan Skyk, eta erorketa hartan bertan zegoen nafarra ere. «Belauna hazita eta bizkarreko minez» dabilen arren, astebururako bizikleta gainera igo nahiko luke berriz ere. «Ia ziur» beste Tourrik bertatik bertara ez zaiola egokituko barneratuta, ez du erotu nahi osatze lanarekin. Nibaliren aldeko apustua egin du, baina podiumera igo du taldekidea, Porte.
Egun batzuk igaro dira jada, eta etxeratu zara; buruz eta fisikoki, zer moduz zaude?
Ondo nago, ondo nago. Lan handia egoten da horrelako itzuli baten atzean, eta barneratuta neukan, gainera, azken Tourra izan zitekeela. Horregatik, gogorra da seigarren egunerako bi aldiz erori eta etxera joan behar izatea. Baina, tira, horrelakoa da Tourreko lehen astea, eta kito.
«Eta kito» bai, baina buelta dezente emango zenizkion buruari, ezta?
Bai, bai. Telebistari begira jarri, Tourraren zatirik politena oraintxe datorrela ikusi, eta amorrazioa sentitzen da. Ez nenbilen gaizki; uste dut ondo aritu nintzatekeela, eta pena da Porteren ondoan egon ezin izana.
Batean eta bestean, asko hitz egin da harbide zatiei buruz, eta kritiko hitz egin duzu zuk.
Ez, ez, nik ez dut ezer kritikatu. Antolatzaileek nahi dutena egin dezakete euren lasterketarekin, eta dagoen ibilbidearekin bakoitzak erabaki dezala joan nahi duen edo ez. Nire iritzia zein den? Tentsioa, estresa, erorketak... Tourrerako, nire ustez, arriskutsuegia da horrelako etapa bat jartzea; ez zait gustatzen, nahiz eta onartzen dudan ikuskizunerako zoragarria izan dela; audientzia kontuei dagokienez, arrakastatsua izango zen, ziurrenik. Ados nago horretan, baina...
Bere txarrean, Josu eta June, etxeko bi deabruak, ez ziren askorik haserretuko aita hain goiz etxean ikusitakoan.
Haiek pozik eta ni ere bai [barrez]. Erori nintzen egunean telebistari begira zeuden biak, eta berehala jabetu ziren Ainhoa urduri samar zegoela [bikotekidea]. «Zer gertatu zaio aitari?», galdetzen omen zuten. Horregatik poztu ziren hainbeste etxera iritsi nintzenean. Niri asko kostatzen zait hilabete osoa etxetik kanpo pasatzea; gogorra da haiek gabe hainbeste denbora igarotzea, eta, bere txarrean, haiek ari zaizkit samurtzen Tourreko kolpea.
Zauriak sendatu, gorputza bere onera ekarri, eta Vueltari begira jarri beharko duzu orain...
Ez dakit; auskalo. Normala den bezala, taldeak Tourrean dauka burua erabat sartuta, eta ez dugu hitz egin. Lasai igaroko ditut egun batzuk, eta asteburu aldera hasi nahiko nuke pixka bat entrenatzen. Eskuin belaunak ematen dit beldur handiena, baina neure esku balego, zalantzarik gabe, Vueltan izango naizela esango nizuke. Aurten, ordea, Giroa eta Tourra jokatu ez duen txirrindulari asko dago taldean, eta zaila izango da lekua egitea, Munduko Txapelketa ere gain-gainean egongo delako. Bestela, ea Kanadako lasterketaren batera-edo joateko aukera daukadan, inguru hura ez dudalako ezagutzen batere.
Itzalita al dago etxeko telebista, edo gertutik ari zara jarraitzen taldekideen lana?
Itzalita? Ez, ez. Aspertuta nago etxean! Ainhoa eta bi umeak Iruñean ibili dira, sanferminetan, eta atzo [herenegun], adibidez, oso-osorik ikusi nuen etapa. Oso polita da hasierako mugimendu horiek guztiak ikustea, eta gozatzen saiatzen ari naiz.
Fisikoari eta giharrei dagokienez, aurretik egindako lan guztia galtzen da horrelakoetan?
Astebururako entrenatzeko moduan egonez gero, ez nuke askorik galduko. Kolpe handia hartu du gorputzak, eta erabat gelditu du eguneroko jarduna. Baina, bizkarrak errespetatuz gero, bizikletan ibiltzen hasteko moduan nago. Astebetetik gorako geldialdiak izaten dira txarrak aurretik egindako lana mantentzeko.
Zure erretiro egunaren bezpera aztertuta, nola hartu zenuten Froomen erorketa? Han zeunden zu. Berehala jabetu zinen itxura onik ez zeukala?
Bai... Bezperan erori egin zen; eskumuturrean min hartu zuen, eta etapa horretan ere, 30. kilometroan, kolpe ikaragarria hartu zuen. Harbideak falta ziren; ez genekien egoerari nola aurre egingo zion, eta goizean esana zigun Richie [Richie Porte] babesteko, haren ondoan egoteko. Ordurako ez zen oso ondo sentitzen, nonbait. Hirugarrenez erori zenean, jada ez zegoen zereginik. Ez nekien jarraitzeko borondaterik izango zuen edo ez, eta, besterik gabe, animatzen saiatu nintzen.
Froome erretiratu, taldeak kolpe handia hartu, baina berehala agertu da Porte. Bigarren dago jada, Nibalirengandik 2.23ra.
Tenerifen denboraldi-aurreko lana egiten ari ginenetik, taldeak argi zeukan Richie Porte zer egiteko gai den. Gaur-gaurkoz, agian, Froome eta Contador tartean egonda, ezinezkoa du Tourra irabaztea, oso gutxiren esku dagoelako balentria hori. Baina ahal handia dauka, eta Tourreko podiumera igotzeko gai da. Froome erortzearekin batera, berehala sartu zen lasterketan; oso fin dago, motibazioz gainezka, eta bigarren jarri da jada sailkapenean. Kontuz harekin.
Bideragarria al da Nibaliri gaina hartzea?
Oso luzea da Tourra, eta asko geratzen da oraindik. Baina, orain artekoa ikusita, zail samar dago. Nabarmen gehiago izan da etapa hauetan. Contador eta Froome tartean egonda, desberdina izango zen lasterketa, baina, oraintxe bertan, Nibali da faborito argia.
Faboritoez hizketan hasita, Froome zen Tourra irabazteko faborito argia?
Baietz uste dut. Harrigarri aritu da bi urteotan, eta bai, bai. Egia da Dauphinen eman zuen mailak zalantzaren bat edo beste sortu zuela, baina erorketa gogorra izan zuen mendiko bi etapen atarian, eta fisikoki ez zegoen bete-betean. Tourrerako hura zen nire faborito argia, nahiz eta oso-oso indartsu zegoen Contador. Kadrik irabazi zuen egunean, esaterako, oso itxura ona eman zuen. Igoera ez zen luzeegia, ezta gogorregia ere, eta egun horretan asko estutu zuen Nibali.
Porte, Nieve, Thomas... Skyk sailkapen nagusia soilik izango du orain buruan, edo etapa garaipenen borrokan ere sartuko da?
Oraingoz argi dago Tourreko bigarren postua lortzeko lehian ariko direla taldekide guztiak, gauza handia delako balentria hori lortzea. Irabaztea zen taldearen helburua, baina handia litzateke Porterekin bigarren postua lortzea. Tourrean zaila da taktikoki mugimendu harrigarriren bat egin eta atzeraxeago dagoen txirrindulari bat buru-bururaino eramatea, eta Porte izango da apustua.
Zein podium ikusten da Iruñetik begiratuta?
Nibali seguru, daukan aldeagatik eta ematen ari den segurtasunagatik. Eta, hortik atzera, Valverde, Van Garderen, Porte bera... Bardetek ez dakit nola erantzungo duen, nahiz eta iaz ere ondo aritu zen.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Xabi Zandio. Skyko txirrindularia
«Belaunak ematen dit beldur handien»
Tourreko seigarren etapan erori, belaunean, bizkarrean eta buruan kolpea hartu, eta nahi baino lehenago iritsi da etxera Xabi Zandio. Asteburuan egingo du «lehen proba txikia» bizikleta gainean jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu