Nafarroako Probintzia Auzitegiak beisbol klub bateko entrenatzailea zigortu du taldeko jokalari adingabe bati sexu erasoa egiteagatik. 5.040 euro ordaindu beharko dizkio biktimari, ahoan musu emateagatik. Bertze 2.000 euro ere eman beharko dizkio, egindako kalte moralengatik. Horrez gain, bi urte eta sei hilabetez ezin izanen du adingabeekin lan egin, edozein dela lanbidea, arloa edo jarduera, ordaindua edo ordaindu gabea.
Sententziaren arabera, zigortuak beisbol klub bateko entrenatzaile gisa lan egiten zuen 2023an. Biktimak klub horretako talde batean jokatzen zuen, eta, tarteka, laguntzaile ere aritzen zen harrobi taldeetan. 2023ko apirilean egin zion eraso zigortuak biktimari, entrenamendu batean.
Iruñeko Zigor Arloko epaitegiak gizona zigortu zuen, baina hark alegazioak aurkeztu zituen. Probintzia Auzitegiak, baina, ez ditu onartu alegazioak, eta zigorra berretsi du.