El periódico de Aragón egunkariak eman zuen atzo albistea: Donostia ospitalean hil da igandean Behobia-Donostia lasterketan parte hartzen ari zela bihotz geldialdia eduki zuen korrikalarietako bat. EITBk, ordea, gaur zabaldu du korrikalaria ez dela zendu, eta hil ala biziko egoeran dagoela. BERRIA harremanetan jarri da Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileekin, eta haiek adierazi dute ez dutela heriotzaren baieztapenik. Donostia ospitaleko iturriek, berriz, Datu Babeserako Legea aipatu dute esateko ezin dutela zabaldu kasuaren inguruko informaziorik, eta hori egitea familiari dagokiola, haiek nahi izanez gero.
27 urteko korrikalari bat da, Taustekoa (Aragoi, Espainia). Irakaslea da Iruñean, eta ezagutzen zuen lasterketa, 2018ko saioan parte hartu baitzuen.
Ategorrietan (Donostia) ziplo erori zen gaztea, helmugarako hiru kilometro baino ez zirela falta. Gurutze Gorriak artatu zuen han bertan, eta erietxera eramatea erabaki zuten. Zainketa intentsiboetako unitatean eduki dute, baina hil egin da.
Antzeko beste osasun arazo batzuk ere gertatu ziren lasterketan. 34 urteko beste korrikalari batek bihotz geldialdia pairatu zuen Herreran (Donostia). Hura ere erietxera eraman zuten.
Cesar Elordui bizkaitarra 2002an hil zen Behobia-Donostia lasterketa korritzen, amaitzen ari zenean ondoeza sentitu ostean. 2013an, Arantza Ezkerro nafarrak bihotz geldialdia izan zuen helmugara iristeko kilometro bat falta zitzaiola, eta bi urte geroago, 2015ean, Jose Javier Sueskun Subero nafarra hil zen, helmuga gurutzatu eta gero.