Behetik gora eraikitako etxea

Caja Ruralek denboraldiko erronkarik handienari ekingo dio bihar: Espainiako Vueltari. Eugenio Goikoetxea zuzendariaren hitzetan, «egunero etapa irabazteko borrokan ibiltzea» da helburua.

Eugenio Goikoetxea Caja Ruraleko zuzendaria autotik Amets Txurrukari aginduak ematen, denboraldi honetako lasterketa batean. CAJA RURAL.
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Talderen batek abuztuaren 24a egutegian ongi biribilduta badauka, Caja Rural da talde hori. Denboraldi arrakastatsu baten ondoren, Espainiako Vueltan biribildu nahi du sasoia. Aurten hamazazpi garaipen lortu ditu amateur mailan, eta bost profesionaletan: Francesco Lascak Errioxako Itzulian etapa bat irabazi zuen; Amets Txurrukak Asturiasko Itzulia eskuratu zuen eta bi etapa irabazi —horrez gain, mendiko maillota eta tarteko helmugetakoa lortu zituen Euskal Herriko Itzulian, eta mendikoa Burgosen—; Danail Petrov Bulgariako txapeldun izan zen; eta Manuel Cardosok Portugalgo Itzuliko etapa bat irabazi zuen. «Oso denboraldi ona egiten ari gara», baieztatu du Eugenio Goikoetxeak, Caja Ruraleko zuzendariak. «Ongi hasteak konfiantza eman zigun. Lasterketetan presentzia izaten saiatu gara, eta lortu dugula uste dut». Sekreturik ez dago. «Gauzak interesarekin eta ilusioarekin eginez gero, errazagoa da dena».

Profesionaletan bost garaipen eskuratzea ez da lorpen makala. «Garaipenetatik haratago, talde lana azpimarratu nahi nuke; lasterketetan eman dugun itxura eta izan dugun presentzia». Taldea azpimarratzen badu ere, denboraldi honetan badira distira egin duten txirrindulari batzuk; Amets Txurruka, esaterako. «Euskaltelen hainbat urtetan besteentzat lanean aritu ondoren, askatasuna izan du Caja Ruralen, eta itzuliak irabazteko gai dela erakutsi du. Niretzat ez da izan ezustekoa, txirrindulari handi baten baieztapena baizik. Asmatu egin genuen berarekin, ez dago zalantzarik».

Caja Ruralek parte hartuko duen itzuli handi bakarra da Vuelta, eta bihar ekingo dio erronka horri. «Guretzat urteko lasterketarik garrantzitsuena da». Iaz garaipen bat eskuratu zuten —Antonio Piedrak Covadongako lakuetan—, eta aurtengo helburua ere hori izango da, baina ez bakarra. «David Arroyo sailkapen nagusirako lehian aritu daiteke. Burgosen bigarren izan zen, eta sasoiko dagoela erakutsi zuen. Lehen hamarretan sartzea izango da helburua. Gainontzekoak etaparen bat irabazten saiatuko dira. Francisco Lascarekin esprintetan muturra sartzen saiatuko gara, eta besteekin ihesaldietan. Egunero ahaleginduko gara etapa irabazten; egun batean batekin, bestean beste batekin».

Txirrindulariek «ikuskizuna» ematea eta ikusleek haiekin «gozatzea» espero du Goikoetxeak. «Zaleak gure lanarekin gustura gelditzea nahi dugu, eta itzuli handi batean lehiatzeko gai garela erakutsi». Ibilbide gogorra izango da aurten. «Zaleentzat ibilbide polita da, ikusgarria, oso menditsua —11 etapa amaituko dira maldan gora—. Etapak ez dira luzeegiak, baina bai gogorrak. Gainera, etapa batetik bestera bidaia luzeak dira. Pentsa, atseden egunean hegazkina ere hartu beharko dugu. Hiru asteko itzuliak beti dira gogorrak».

Vincenzo Nibali (Astana), 2010eko irabazlea da Vuelta irabazteko hautagai nagusia, Goikoetxearen aburuz. «Giroan aritu zen eta Tourrean ez; beste oilarrak baino freskoago etorriko da. Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) zer-nola dabilen ere ikusi beharko da». Tourrean aritu direnen artean ere ikusten ditu hautagaiak. «Alejandro Valverde (Movistar) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa) azpimarratuko nituzke, baina uste dut luzea egingo zaiela Vuelta».

Euskaltel desagertuta, hurrengo sasoian Caja Rural izango da euskal talde bakarra. «Baina gure filosofia ez da aldatuko. Talde txikia gara, gazteekin lan egiten duena». Sasoi amaieran Euskalteleko hainbat lanik gabe geldituko dira. «Iragan sasoian Txurruka eta Iban Belasko fitxatu genituen, Euskaltelek ez zituelako nahi eta guretzat interesgarriak zirelako. Aurten gauza bera gerta daiteke, baina zailagoa izango da. World Tourrean jarraitzeko eskaintzak ez zaizkie faltako onenei, eta gelditzen direnetatik baliteke gazteren bat fitxatzeko aukera izatea. Beteranoek ez dut uste ilusiorik izango dutenik mailaz jaitsi eta soldata murrizteko».

World Tourra, ezinezkoa

World Tourrean, beraz, ez da euskal talderik izango hurrengo urtean. «World Tourra beste galaxia bat da. Caja Rural Espainia mailako banku txiki bat da. Gure kasuan, Nafarroako Caja Ruralek hartzen du pisurik handiena, eta oso zaila da World Tourreko taldea izatea». Zuzendariaren hitzetan, «diru asko» behar da —bederatzi milioi eurotik gora—. «Oso zaila da kopuru hori jartzeko prest dagoen babesleren bat lortzea. Gu oso pozik gaude daukagunarekin, eta Caja Rurali eskertu beharrean gaude egiten ari den ahaleginagatik». «Talde lanean oinarrituta» urtez urte aurrera egitea espero du Goikoetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.