Behetik gora eginda

Larraldek eta Bilbaok nagusitasunez irabazi dute binakako txapelketako finalerdia (40-24). Ospital eta Ducassouren aurka ariko dira finalean

Antton Monce, pilota ezkerrez astintzen, Peio Larralderen begiradapean. GUIILAUME FAUVEAU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Peio Larraldek eta Bixintxo Bilbaok atzo ez zuten ezustekorik ametitu, eta binakako trinket txapelketarako sailkatu ziren. 40-24 irabazi zuten Antton Monce eta Thierry Arizmendiren aurka, Hazparnen (Lapurdi). Faborito argiak ziren, eta euren indarra erakutsi zuten partidaren erdialdetik aurrera. Mathieu Ospital eta Batita Ducassou izango dituzte aurkari finalean, gaur zortzi, Baionan.

Larraldek eta Bilbaok alde handiz irabazi zuten atzo, baina emaitzak ez du islatzen partidaren nondik norakoa. Bilbaok berak partidaren ondoren onartu zuen bezala, azken hamar tantoetara arte ez zuen ondo jokatu, eta aurkariek estu hartu zuten. Atzelariak bost aste zeramatzan jokatu gabe, eta kosta egin zitzaion puntako erritmora egokitzea.

Larraldek, batez ere, eta Bilbaok, bizkarrak utzi dionean, lehen fasean emandako maila ikusita, inor gutxik espero zuen atzokoa partida estua izaterik. Horren jakitun, Moncek eta Arizmendik presio gabe ekin zioten lanari, eta mesede egin zien. Moncek mina egin zuen sakearekin, eta lehen tantoetan oreka egon zen (7-7). Aurrelariak lehen aukera izan du txapelketan, eta txukun aritu da.

Larralde eta Bilbaori jokoan sartzea kostatu zitzaien; halere, behin giharrak berotuta, tartea ireki zuten (12-7). Monce eta Arizmendi, baina, jokatzeko zeuden. Final batean sartzea sari handia da, eta ez zuten euren porrota merke salduko. Sakea berreskuratu, eta desafio egin zieten faboritoei. Desafio baino gehiago, zeren, piloteoan agintzen hasi, eta aurretik jarri baitziren (14-15).

Bilbao sufritzen ari zen, eta, egoera ikusita, Larralde gehiago sartu zen jokoan, eta hark bai aldatu zuela partidaren norabidea. 16nako berdinketatik 26-20kora igaro ziren irabazleak. Lehia gogor zihoan, eta amaiera luzatuko zela zirudien. Baina ez: Arizmendik behera egin zuen, eta gorriek hamar tanto egin zuten jarraian (36-20). Bilbaok hasi baino hobeto bukatu zuen partida, eta azken txanpa horretan bai ikusi zela txapelketako partida guztiak irabazi dituen bikote sendoa.

Ospital-Ducassou, kostata

Bigarren finalerdia zen atzokoa; izan ere, aurrenekoa herenegun jokatu zen, Angelun (Lapurdi). Ducassouk eta Ospitalek 40-35 irabazi zuten Waltary Agusti eta Peio Gixandut iazko txapeldunen aurka. Ordu eta erdiko partida gogorra izan zen. Irabazleak hobeto hasi ziren (12-7, 19-10eta 21-13), baina Waltaryk eta Gixandutek ez zuten amore eman. Hala ere, Ospitalek eta Ducassouk ondo kudeatu zuten aldea (21-18; 33-20 eta 33-25). Azken txanpan, Waltaryk min handia egin zuen sakez, baina irabazleen errenta handiegia zen ordurako. Bide batez, duela bi urteko finalerdietako ordaina hartu zuten Ospital eta Ducassouk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.