Negar malkotan eman zuen albistea. Etsita. «Nire ibilbide profesionala amaitu da. Hemendik aurrera, ez naiz zuriz jantziko». Erretiroa hartu du Aitor Zubieta pilotariak. Erretiro behartua. Azken urteetan pilatu zaizkion lesioek baldintzatu dute Etxarri-Aranazko atzelariaren ibilbidea, baina 2015eko irailean Bermeon (Bizkaia) jasotako kolpea erabakigarria izan zen. Ezinean zebilen ordutik.
«Lesio larri asko izan ditut. Guztietatik atera naiz, baina azken horri ezin izan diot buelta eman», azaldu zuen atzoko agerraldian. «Ahaleginak eta bi egin ditut, ebakuntzak, tratamenduak... baina ezinezkoa izan da. Mediku guztiak bat datoz: nire belauna ez dago ondo. Eta ez dago atzera egiterik». Bi urte gelditzen zitzaizkion Asperekin zuen kontratua bukatzeko.
Luzea da Zubietak pairatu dituen arazo fisikoen zerrenda: bost ebakuntza egin dizkiote belaunetan, beste bat bihotzean, eta orpazurda ere hautsi zuen. Azkenerako, eskuineko belauna izan da huts egin diona: «Biak ditut minduak, baina eskuinekoa oso kaltetua dagoela esan didate medikuek, eta horrek beste belaunari eragiten dio. Mina sentitzera ohitu naiteke, baina belauna tolesten dudan bakoitzean, hanpatu egiten zait, eta horrela ezinezkoa da jokatzea».
Hori dela eta, osatze eta errehabilitazio prozesuetan murgilduta egon da etxarriarra azken urte eta erdian: «Ate guztiak jo ditut, eta aukera guztiak aztertu. Ebakuntzak egin dizkidate, espezialista guztiei igorri diegu nire txostena, eta tratamendu berritzaileak probatu ditugu. Ezin da gehiago egin. Medikuntzak baditu bere mugak, eta, gaur egun, ezinezkoa da nire belauna behar bezala osatzea».
Azken unera arte egin du ahalegina Zubietak, baina iaz konturatu zen ezinezkoa izanen zela sasoia berreskuratzea. «2016ko sanferminetako lau t'erdiko torneoan izan zen. Partida antolatu zidaten, eta inoiz baino gogotsuago ibili nintzen entrenatzen, baina hasi eta berehala ikusi nuen ezin nuela jokatu. Nahi bai, baina ezin. Une horretantxe pentsatu nuen bidea amaitu zela».
Lortutakoarekin pozik
Atzera begiratzen hasita, zapore gazi-gozoa nabari du. Gozoa, bere ibilbide profesionalean izandako arrakasta eta jasotako maitasunarengatik. Gazia, bere onena eman gabe gelditu izanagatik. «Pozik nago egindakoarekin, baina nire urterik onenak errehabilitazioan galdu ditudala iruditzen zait».
Hala ere, pilotari izateko ametsa beteta, «pribilegiatu» gisa ikusten du bere burua: «Pilota da gehien maite izan dudana. Txiki-txikitatik egin dudana, eta gehien eman didana. Oso maitatua sentitu naiz, Euskal Herriko toki guztietan, eta maitasun horri esker egin dut aurrera. Horregatik merezi du pilotari izatea».
Urteetan jasotako sostengua eta maitasun keinu horiek aipagai izan zituen atzoko agerraldian, eta eskerrak eman zizkien familiari, lagunei, emazteari eta gurasoei: «Ni pilotaria banaiz, haiengatik naiz». Pilota munduko guztiei ere esker ona adierazi zien atzelariak, baina bereziki Jokin Etxaniz eta Carlos Navarro entrenatzaileei, eta Fernando Bidarte Aspeko administratzaileari.
Ez zuen argitu zer eginen duen etorkizunean. «Ingeniaritza titulua lortu nuen, eta irakaskuntzan has naiteke, baina, egiazki, ez dut oraindik pentsatu. Hala ere, pilotaria beti izango da pilotari, eta ni beti ibiliko naiz frontoiaren inguruan».
Aspek omenaldia eginen dio uztailaren 7an, Labriten, San Fermin torneoko lau t'erdiko txapelketako finalaren egunean, eta ohorezko plaka bat emanen diote. Aspeko administrariaren esanetan, Zubietaren omenezko jaialdi bat antolatzekotan ziren, baina etxarriarrak uko egin zion, nahiago zuelako omenaldi xumeago bat. Bidartek goraipatu egin zuen atzelari nafarraren ibilbide profesionala: «Ondo zegoen garaian, atzelari onena zen. Galera handia da pilotaren munduarentzat. Bi urte gelditzen zitzaizkion gurekin, eta pena handia da, bai harentzat, baita guretzat ere».
Zubietak hamahiru urteko ibilbidea egin du profesionaletan. Binaka moldatu da ondoen. Hala, 2010ean binakako txapeldun izan zen Yves Salaberri Xala-rekin bikotea eginez. 22-14 hartu zituzten mendean Sebastien Gonzalez eta Aritz Laskurain Gasteizen. Bost urte geroago, berriro jokatu zuen finala, Pablo Berasaluzerekin, baina orduan galdu egin zuten Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoriaren aurka, Bilbon (22-7).
Behartutako agurra
Belauneko lesio bat osatu ezinik, Aitor Zubieta pilotariak erretiroa hartu du. Ia urtebete zeraman jokatu gabe. Aspek omenaldia eginen dio uztailaren 7an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu