Espainiako Kopako finala. Markel Susaeta. Athleticeko erdilaria

«Beharrezkoa bada, hamar final jokatuko ditugu»

Athletic lau finaletara iritsi da azken sei urteetan, eta erdilariak laurak jokatu eta galdu ditu. «Mina ematen dit; zertarako ukatu», baina badaki irabaztea ia ezinezkoa zela.

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Burumakur irten zen kazetarien aurrera finalaren ondoren. Atsekabea ez zen gutxiagorako. Markel Susaetak (Eibar, Gipuzkoa, 1987) inork gutxik bezain ondo ezagutzen baitu zer den final bat galtzea. 2009az geroztik galduriko lauetan zelaian egon da.

Ezinezkoa izan da.

Beste final bat galdu dugu, berriz ere Bartzelonaren aurka. Nik uste dut partida serioa egin dugula, planteamendua ez da txarra izan.Baina aurrean Messi maila horretan izanda ia ia ezinezkoa da irabaztea, eta Bartzelona zoriontzea baino ez zaigu gelditzen.

Messik partida izugarria egin du. Berak desorekatu du dena.

Gu bere gainean egon gara partida osoan, defentsa lanean talde tematia gara, eta hala ere ikusi baino ez dago zer nolako partida egin zuen. Balentziaga defendatzaile oso ona da, eta begira golean nola utzi duen atzean. Partida handietan agertzen den jokalari horietako bat da. Harrigarria.Ezin da askorik egin.

Galdu duzun laugarren finala da.

Finalak galtzeak min handia ematen du, zertarako ukatu. Baina bat irabazteko hamar finaletara iritsi behar badugu hamar finaletara iritsiko gara. Jarraitu behar dugu. Athleticek titulu bat merezi du.

Ez duzue etsitzen?

Hurrengo urtean Kopa eta Europa Liga berriz ere jokatuko ditugu eta berriz ere saiatuko gara. Helburu bezala hartu behar ditugu. Ikusi dugu talde honek posible duela finaletara iristea.

Bigarren zatian irten eta pixka bat bizitu duzu jokoa. Nola bizi duzu partida barrutik?

Aulkitik irten naiz, 0-2koarekin, eta gauzak ia ezinezko zeuden. Baina niri dagokidanez ondo sentitu naiz. Presioa goian egin dugu bigarren zatian, eta ondo egin dugula uste dut, baina eurek kalitate handiz utzi dute atzean.

Camp Noun jokatzeak izan al du eraginik? Partidren aurretik asko hitz egin horren inguruan.

Eurak ziren etxekoak, baina egia da harmailetan gure zale gehiago zeudela. Giroa ezberdina izan da, baira partida antzekoa.

Bigarren zatian partida aldatu egin da.

Lehen zatian atzerago egon gara defentsa lanean. Bigarrenean, aldiz, pauso bat eman dugu aurrera. Baina presio hori nahi bezala hautsi dute. Gola sartu dugu, eta joan gara bigarrenaren bila, baina egia esan oso gutxitan gerturatu gara euren areara.

Zaleena zaila da deskribatzen: 70.000 ikusle, etxetik 700 kilometrotara, 15.000 sarrerarik gabe...

Jendea badakigu beti gurekin egongo dela, edonora goazela ere gurekin etorriko direla. Bukaeran ere ikusi dugu nola animatu gaituzten... Galdu ondoren. Eskerrak eman behar dizkiegu ematen diguten babesarengatik. Oso zaila da zelaian euren mailara egotea. Bukaeran harmailetara begira esan diegu agur, eta mina ematen du jasotzen dugun hori ezin bueltan bidaltzea.

Neymarren keinuak partida amaiera berotu du.

Final bat da, ihes egiten ari zitzaigula ikusten genuen eta tira... Berak ere, husnakoarekin egingo ez lituzkeen gauzak egiten saiatu da. Futbolari bikaina da eta ez zaio bestelako garrantzirikeman behar, partidako beste jokaldi bat baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.