Beste geldialdi baten ondoren, berriz ere ekingo diote gaur Lehen Mailako ligari, eta derbi batek bereganatuko du Euskal Herriko futbolaren begirada. Oiartzunen (Gipuzkoa), aurrez aurre izango dira etxeko taldea eta Athletic,eguerdiko hamabietan.
Derbi guztiak izaten dira bereziak, bai baitaukate bereizgarria apartekoak izateko, eta, gainera, ohikoa izaten da elkarren aurka ariko diren jokalari asko lagunak edo ezagunak izatea. Esate baterako, duela bi denboraldi, Athleticen, taldekide izan ziren Maite Lizaso (Zarautz, Gipuzkoa, 1983) eta Joana Arranz (Laudio, Araba, 1988), eta gaur aurkari izango dira, Arranz Oiartzunen ari baita. «Partida ondoren, bi taldeetako beste jokalari batzuekin batera, bazkaltzera joango gara Arranz eta biok», esan du Lizasok.
Epaileak partida hasteko txistua jo bezain pronto, ordea, ahaztu egingo dituzte adiskidetasunak. Irabazi beste helbururik ez daukatelako biek. Sailkapena ikusita, Oiartzunek behar handiagoa dauka, bi puntura baitauka jaitsiera. Athletic erosoago dago bosgarren lekuan, baina ez gustura, beste asmo batzuk baitzeuzkan sasoi hasieran. Hirugarren lekuraino igotzea jarri du helburutzat, «ahalik eta ondoen bukatzeko liga», esan du Lizasok: «Zenbat eta gorago bukatu, orduan eta hobeto. Garrantzitsua da».
Arranz ere ari da aurrera begira. Gaurkoa 21. jardunaldia izango da, eta beste bederatzi partida baino ez zaizkio geratuko Oiartzuni jaitsieraren mamua uxatzeko: «Gure atzetik datozenek elkarren aurka jokatu behar dute hemendik aurrera, eta puntuak aterako dituzte batzuek. Guk, aldiz, goikoen aurka jokatu beharko dugu, eta edonondik hasi behar dugu puntuak urratzen».
Goiko talde horietako bat dute oiartzuarrek gaurko aurkaria. Itxuraz, faboritoak dira zuri-gorriak, baina ez batek eta ez besteak ez diote ematen aparteko garrantzirik horri. Lizaso: «Ematen du erraza izango dela guretzat, baina ondo dakit ez dela horrela izango. Zulotik atera da Oiartzun, eta ondo dabil azken jardunaldietan. Nahiko zaila izango da». Arranz: «Guk beti izan behar dugu baikorrak, eta biharko [gaurko] ere hala gara. Puntuak edonon atera daitezke, eta, etxean jokatuta, zergatik ez dugu irabaziko?».
Partida nondik nora joan daitekeen galdetuta, bi gauza ezberdin izan ditu ahotan jokalari bakoitzak. Lizaso erdilariaren ustez, «erabakigarria izan daiteke gu aurretik jartzea, eta gure jokoa egin ahal izatea. Hala gertatzen bada, iruditzen zait hiru puntuak ekarriko ditugula». Arranz atzelariak aurkarien jokalarien mailari erreparatu die: «Ez dizut esango nola jokatuko dugun [barrez], baina badakigu oso onak direla, eta ezin diegula eroso jokatzen utzi».
Oiartzun eta Athletic, biak ari dira hobetzen sasoia aurrera doan heinean. Arranzek arlo psikologikoan ikusten dio hobekuntza bere taldeari: «Lehen itzulian, hondoa jotzear egon ginen, hainbat puntu galdu genuelako azkeneko minutuetan. Geure artean terapia antzeko bat egin genuen, asko hitz egin genuen, eta, ordutik, emaitza onak lortzeko gai izan gara. Buruz gara indartsuagoak orain». Lizasok ere hobeto ikusten du bere taldea: «Denboraldiaren hasieran, kolpe latza hartu genuen Txapeldunen Ligatik kanpo geratu eta gero. Ondoren, gainera, lesioak izan genituen, eta orain hasi gara geure mailara gerturatzen, min hartutako jokalariak osatu eta sasoia hartuz joan direnean. Ondo gaude orain». Bi taldeak goranzko bidean joanda, ez du ematen lehen itzuliko emaitza izango denik gaur. Arranzek ez du gogoratu ere egin nahi: «4-0 galdu genuen, eta ez zaigu zaila izango ordukoa hobetzea».
Arranz, jokatzen; Lizaso, ez
Partida ondorengo bazkarian, zelaian gertatua hizpide izango dute ziurrenik, baina ikuspegi ezberdinetatik begiratuta. Izan ere, Arranzek lekua dauka Oiartzungo hamaikakoan, baina Lizasok ez Atheticen. Azken horri lehen aldiz ari zaio gertatzen: «Ibilbide osoan asko jokatu izan dut, baina, orain, Gabonetatik bueltan, gutxitan ari naiz. Baina taldeari laguntzen jarraitzen dut, eta egoera berri hau onartu egin behar dut, lanean beti bezala jarraituz». Arranz beste aldarte batean dago alde horretatik: «Ezin naiz kexatu, Gari [Gari Argote entrenatzailea] aukera ari zaidalako ematen jokatzeko. Pozik nago, bai».
Beharra, biek, baina ez bera
Taldekide izan ziren duela bi denboraldi Maite Lizaso eta Joana Arranz, Athleticen; orain, Oiartzunen ari da Arranz, eta, gaurko derbian, elkarren aurka ariko dira, Oiartzunen (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu