Langile amorratua da Kike Garcia (Motilla del Palancar, Espainia, 1989). Baita golegile emankorra ere. Sasoi honetan bederen, asegaitz dabil ate aurrean. Haren golak dira Alavesen salbamendu taula. Oraingoz, bederatzi sartu ditu ligan, horietatik sei Eduardo Coudeten aginduetara. On egin dio teknikari aldaketak, Kopan beste bi baloi sareratu baitzituen. Hots, Alavesek entrenatzaile berriarekin sarturiko 11 goletatik zortzik Garciaren sinadura izan dute. Denboraren joana ez du antzeman oraingoz: 35 urte dituen honetan, bere ibilbideko markarik onena lortzeko bidean da Lehen Mailan. Eibarren hamabi golean ipini zuen langa, 2020-2021eko denboraldian. Taldea Bigarren Mailara jaitsi zen. Alavesek etekin handiagoa atera nahi dio Garciaren senari. Camp Noun area gutxitan zapaldu ondoren, aurrelaria Getaferen atea zulatzen saiatuko da gaur, Mendizorrotzan (14:00, Movistar).
Bukaera mikatza izan zuen Garciak Eibarren, baina oro har oroipen gozoak izango ditu, ziurrenik. Hala iruditzen zaio Asier Riesgori (Deba, Gipuzkoa, 1983). Lau denboraldiz izan ziren taldekide, 2016tik 2019ra bitarte, eta «garai ederrak» izan ziren, atezain ohiaren esanetan. «Alor batzuetan, baldintzak ez ziren Lehen Mailakoak, kluba oso xumea izanik. Baina horren ondorioz, era berean, jokalariok oso batuta geunden. Oso harreman ona izan nuen Kikerekin. Buruz buru izaten ginen entrenamenduen ondoren, jaurtiketak egiten gelditzen zenean. Ederki pasatzen genuen». Hasieran, jaurtiketak soilik entrenamenduetan egin ahal izan zituen Garciak. 2016ko urtarrilean iritsi zen Eibarrera, Middlesbroughetik, baina neguko merkatua itxi eta minutu batera erregistratu zuten fitxaketa. Hala, lehen hilabeteetan ezin izan zuen partidarik jokatu. «Oso gaizki pasatu zuen», oroitu du Riesgok.
Alabaina, behin jokatzen hasita, golak sartzeari ekin zion. Armaginekin 37 sartu zituen guztira. Gero, bi urtez ibili zen Osasunan, eta hamahiru gol sartu zituen han. Kopako golegile nagusia izan zen gorritxoak finalera iritsi zirenean. Bere ibilbidearen hasieran, berriz, ate ugari zulatu zituen Espainiako eta Ingalaterrako Bigarren Mailan —Murtziarekin eta Middlesbroughekin, hurrenez hurren—. Nolanahi ere, area barruko jardunak baino gehiago, handik kanpo egiten duenak txunditzen du Riesgo. «Lanerako gaitasunak egiten du berezi. Eroso ibiltzen da bi aurrelariko sisteman; hala jokatzen genuen Eibarren. Baina ez du inongo arazorik aurrelari bakar moduan jokatu eta erdiko atzelariekin borroka egiteko. Dena ematen du zelaian. Grina handiko jokalaria da».
«Lehen Mailan hainbeste gol sartzeko, kalitatea izan behar duzu derrigor. Kikek indarra eta fintasuna uztartzen ditu jokaldiak bukatzeko orduan»
ASIER RIESGOKike Garciaren taldekide ohia
Zuzen jokatzeko aurrelari aproposa da Garcia. «Bikain moldatzen da pase luzeak bidaltzen dizkiotenean. Gaitasun handia du baloia zelaira jaitsi eta taldekideekin konektatzeko. Atzetik ateratzeko eta jokaldiak abiatzeko aukera ematen die taldeei». Langile engaiatua izateaz gain, «taldekide ona» ere bada. Entrenatzaileek ez dute beti paratu hasierako hamaikakoan. Osasunan, adibidez, Budimirren eta Chimy Avilaren itzalpean izan zen. Alavesen, Samu Omorodion aurretik izan zuen iazko partida askotan. Ez da, ordea, aulkian ernegatuta gelditzen diren horietakoa. «Alde batetik, lehiakorra da oso, baina ez da zapuztuta gelditzen. Eibarren, behintzat, jarrera bikaina izaten zuen beti entrenamenduetan, jokatu edo ez jokatu. Lan egiteko eta laguntzeko prest zegoen beti. Alderdi askotan izan zen beharrezkoa taldearentzat».
Etorkizuna ezbaian du
Baloia ez du inoiz galdutzat ematen Garciak. Eta behin oinetan duenean, kalitatez darabil. Futbolzaleek borrokalaritzat daukate nagusiki, baina teknikoki ere ona da. Jokaldiak eraikitzeko orduan erakusten du hori, baita errematatzean ere. Horren adibide dira Betisi sartutako hiru golak. Askotariko baliabideak erabili zituen baloia sareratzeko. «Lehen Mailan hainbeste gol sartzeko, kalitatea izan behar duzu derrigor. Indarra eta fintasuna uztartzen ditu jokaldiak bukatzeko orduan. Goi mailako errematatzailea da», esan du Riesgok.
Garciaren adinari erreparatuta, pentsa daiteke ibilbidearen azken txanpan dagoela; haren sasoiak eta ate aurreko datuek, ordea, kontrakoa adierazten dute. «Asko gustatzen zaio lehiatzea, eta oso profesionala da. Asko zaintzen du bere burua. Ez nau harritzen oraindik punta-puntan egoteak». Ekainean bukatzekoa da Alavesekin duen kontratua, eta klubak hitzarmena luzatzeko borondatea du. «Luzaroan hemen egotea nahiko genuke, eta hala adierazi diogu», esan du asteon Sergio Fernandez kirol zuzendariak. Garciaren lanak eta golek zelaitu egingo diote Alavesi ez jaisteko bidea. Taldeko beste aurrelarien ekarpena, ordea, ezbaian dago. Toni Martinezek goitik behera egin du, eta Asier Villalibrek apenas izan duen jokatzeko aukerarik. Pau Cabanes Gasteizera iritsi berria da, eta ikusteko dago taldearen hierarkian zer toki hartuko duen.