Aste deserosoak izan dira azkenekoak. Lau t'erdiko finalak eta bere inguruak albiste beltzak baino ez ditu jaso. Atzerapenak, kexak, kritikak, pilotarien zoritxar pertsonalak... Final madarikatu kutsua hartu du, pilota mundu osoa aztoratzeraino. Dena den, finala bere bidea egiten ari da, astiro, hori bai, eta atzo egin zen pilota aukeraketaren liturgia. Beldurra bazen, Olaizola II.ak Barriolaren aurkako partidan gogor kritikatu zituelako Aspeko pilotak, eta finaleko giroa are gehiago gaiztotzeko arriskua zegoen. Baina ez, Olaizolak ez zuen ekaitzik nahi. Aditzera eman zuen ez zitzaiola gustatu aurkariaren hautua, baina gaia saihestu zuen, trebe. «Nahikoa hitz egin dut dagoeneko pilotei buruz». Behar zuen patxada du orain finalak, eta pilotari bakoitzak behintzat bere gustuko bi pilota izango ditu saskian.
Olaizola II.ak eta Martinez de Irujok pilota ezberdinak aukeratu zituzten etzirako. Atzo jaieguna zen Hego Euskal Herrian eta 200 pertsona inguru bildu ziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan aukeraketa ikusteko. Irujok oso bizkor hautatu zituen, Patxi Eugiren laguntzaz: 105,3 eta 105,6 gramokoak. «Nireak baino biziagoak, Aspekoek aukeratzen dituzten pilotak», hala deskribatu zituen Olaizola II.ak. Irujok, berarengan ohiko denez, pilotei buruz ez hitz egitea erabaki zuen. Goizuetakoak ere berehala aurkitu zituen gustuko pilotak, Roberto Garcia Ariñoren laguntzaz. 104,8 eta 105,4 gramokoak, mugitzeko zailak eta zakarrak. Hotsean ere suma zitekeen. Olaizolak, esan bezala, eztabaida saihestu zuen. «Pilota desberdinak dira, baina nik gustukoak aurkitu ditut, eta hori da garrantzitsuena. Nahikoa hitz egin dugu euren pilotei buruz. Alferrik da hitz egitea Barriolarenaurka esandakoaren ondoren. Eurek beste pilota mota bat erabiltzen dute».
Atzerapena izan da finala baldintzatu duen erabakia. Bi aste, Olaizolaren hatz hautsiarengatik. Goizuetakoak, halere, minarekin jokatuko duela onartu zuen. «Ez dut hatzari buruz hitz egin nahi. Etzi jokatzea erabaki nuen, eta kito. Aste honetan bi entrenamendu egin ditut, eta hobera egin du. Pixkanaka beldurra galtzen ari naiz, baina tira, ez dut aitzakiarik jarri nahi. Mina denborarekin bakarrik joango zait». Irujok, berriz, larritasuna kendu nahi izan zion aurkariaren oinazeari, eta bere esperientzian oinarritu zuen bere iritzia. «Nik askotan hautsi ditut hatzak, eta badakit zer den. Min ematen du. Behin, hautsi eta sei egunetara jokatzen nengoen, eta Olaizolak hilabete izan du. Ziur nago finalean ez dela hatzaz gogoratuko. Anestesia pixka bat emango diote, babesa jarri, eta pilotakada txar bat ez jasotzeko errezo egin».
Babesarekin jokatu behar
Babesa erabiliko du hautsitako hatzean Olaizolak. Neurrira eginikoa eta azken entrenamenduetan probatu ahal izan duena. Irujok behin probatu zuela onartu zuen, eta ez zitzaion gustatu, ez ziolako uzten hatza behar bezala tolesten. Olaizola ere mintzatu zen babesaz, eta mina ez duela kentzen azaldu zuen, pixka bat babestu baino ez. Dena den, hori ez da gehien arduratzen duena, zehaztasun faltak baizik. «Titareak ukimena galarazten dizu, ez duzu pilota hatz biluziarekin bezain ondo kontrolatzen. Pilota desberdin irteten da. Ukimena oso garrantzitsua da pilotan, eta babesak hatz osoa estaltzen dit». Azaldu zuenez, babesaz gain, tratamenduarekin jarraituko du hurrengo egunetan: hanturaren aurkako botikak eta ultrasoinuak.
Aurkariaren lesioak, dena den, ez du Irujoren jokoa aldaraziko. «Olaizolak jokatzea erabaki badu ondo dagoelako da. Etzi sasoi betean egongo da, eta nik beti bezala jokatu beharko dut. Nik sakea gogor eta paretara egingo dut; errematatzeko aukera badut, zabalera irekiko dut. Ez naiz espresuki haren ezkerraren bila joango».
Ez da astebete zoritxarrak olaizolatarren etxea astindu zuela. Pilotarien aita iragan ostiralean hil zen, eta finala itzalera pasatu zen harentzat. Egunak pasatu ahala burua finalean jarri nahiko luke, erraza ez den arren. «Zentratu nahiko nuke, baina ez da erraza. Egun gogorrak dira, atseden hartu gabe... Etziko partida garrantzitsua da; halakoetara ondo iristeko, zentratu beharra dago, etahorretan saiatu behar du». Egunotan ezin izan da behar bezala entrenatu; astelehenean nahiko lukeen sasoian ez omen dago. Halere, azken egunetangorputzaldi hobea izan du, eta hiru egun ditu oraindik atseden hartzeko.
Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala
Behar zen patxada
Olaizola II.ak aditzera eman du ez zaizkiola gustatu Irujok hautaturiko pilotak, baina ez ditu kritikatu, «nahikoa» hitz egin duelakoApustuek Irujo jotzen dute faborito etziko finalerako, alde txikiarekin: 100-80ri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu