Denboraldiko lehen lasterketa bukatu berri du Mallorcan Iñigo Elosegik (Zierbena, Bizkaia, 1998), eta hotelera leher eginda iritsi da. Euria goian behean egin du. «Oso egun gogorra izan da». Nekeak neke, hizketarako gogoz dago. Ilusioa berreskuratu duen seinale da hori. Movistarren gozakaitz aritu da, baina etxeko goxoan indarberrituko den esperantza du. Harentzat «familia bat bezalakoa» da Kern Pharma taldea.
Nolako errutina izaten duzue lasterketak bukatu ondoren?
Autobusean dutxa hartu, arropaz aldatu, eta hotelerantz joaten gara. Gaur, adibidez, ordu bat baino gehiagoko bidaia izan dugu. Behin hotelean, jateko zerbait hartzen dugu: jogurten bat, fruta... Masajea hartu, eta afaldu egiten dugu ondoren. Lotara hamaikak aldera joaten gara: solasean pixka bat aritu, etxekoekin hitz egin, eta ohera. Atsedena funtsezkoa da biharamunean beste lasterketa bat duzunean.
Zer moduzkoak izan dira lehen sentsazioak?
Ez nago pozik. Oso egun gogorra izan da. Mallorcako errepideak oso arriskutsuak dira euria egiten duenean. Erorketa asko izan da, eta eroriko bakoitzarekin tropela apurtu egin da. Zaila da baldintza horietan lehiatzea. Ez naiz ondo sentitu, baina pazientzia izan behar dut. Ziur datozen egunetan hobeto ariko naizela.
Kern Pharman ariko zara denboraldi honetan. Nola sentitzen zara maillot berriarekin?
Oso-oso pozik nago. Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut. Erronka berrien premia nuen. Uste dut oso denboraldi polita izango dela. Hasierak gogorrak izaten dira, baina hilabete asko ditugu oraindik aurretik. Azken urteetan gutxi lehiatu naiz, baina aurten oso egutegi ona eta lehiakorra izango dut. Horixe behar dut. Egokitu ahala, hobetuz joango naiz; ziur nago.
Kern Pharman ez zara inoiz aritu, baina egitura oso ondo ezagutzen duzu, afizionatu mailan Lizarten aritu baitzinen. Etxera itzuli zarela esan liteke?
Erabat. Egitura berbera da, eta taldekide ia guztiak eta zuzendariak Lizarteko garaitik ezagutzen ditut. Oso polita da, Lizarten ikaragarri gustura egon bainintzen. Oso talde berezia da niretzat; familia bat bezalakoa. Pertsonak oso ondo tratatzen dituzte, eta horrek eragina du gero errepidean. Lizarteren arima mantentzen da Kern Pharman.
Lagun asko duzu talde barruan. Nola hartu zaituzte?
Oso pozik daude, eta lehengo harreman bera izaten jarraitzen dugu. Txantxa asko egin dizkidate hasieratik. Berezia da, bai niretzat, bai beraientzat. Oso ondo moldatzen gara: barre asko egiten dugu, eta hizketaldi interesgarriak izaten ditugu. Inoiz joan izan ez banintz bezala sentitzen naiz.
Hiru urtez aritu zara Movistarren, World Tour mailan. Kern Pharma, aldiz, koska bat beherago dabil. Atzerapausoa eman duzu?
Mailari dagokionez, bai; atzerako pauso bat da: World Tourretik Pro Teamera pasatu naiz. Baina, paradoxikoki, egutegi hobea izango dut Kern Pharman. Movistarrekin ez nintzen lehiatzen lasterketarik garrantzitsuenetan. Lasterketa gehiago eta hobeak izango ditut aurten. Hortaz, nik ez dut sentitzen atzerapauso bat ematen ari naizenik. Lasterketetara gogoz joan nahi nuen, eta uste dut hemen errendimendu hobea izango dudala. Niretzat, bizikleta gainean lehiatu eta gozatzea da garrantzitsuena orain.
Pandemia eta arazo fisikoak tarteko, ezin izan duzu batere aprobetxatu Movistarrek emaniko aukera.
Ez nago pozik azken hiru urteetan gertatu zaidanarekin. Ez naiz ondo moldatu Movistarren; ez da izan pentsatzen nuena. Orain hutsetik hasi beharko dut. Bere txarrean, uste dut asko ikasi dudala bizitakoaz.
Movistarrek zer jarrera izan du? Ezer leporatzen diozu?
Ez. Taldean oso ondo egon naiz. Lagun asko egin ditut Movistarren. Adibidez, Mallorcan zer hoteletan nagoen galdetu didate, egunen batean elkartzeko. Kontua da ezin izan dudala nire benetako maila erakutsi, eta hori izan da arazo bakarra.
Urte hauek nola eragin dizute mentalki?
Urte zailak izan dira. Beti dena ondo atera zait, eta pozik eta konfiantzaz sentitu izan naiz. Hainbeste arazo izan eta gero, ordea, konturatu naiz oso zaila dela beti baikor egotea. Burua oso garrantzitsua da, eta bai, garai txarrak pasatu ditut. Hilabete asko pasatu dut etxean ezer egin gabe. Ez nintzen ia txirrindulari sentitzen, eta hori gogorra da. Txirrindularia zara, baina ezin duzu zure lanbidean jardun. Baina bolada horri esker, gauzak erlatibizatzen ikasi dut. Pazientzia lantzeko sekulako ariketa izan da.
Uneren baten galdu duzu bizikletan ibiltzeko ilusioa?
Orain gogotsu nago, baina bai, ilusioa galduta ibili naiz.Lesio txarra izan nuen aldakan, eta behin baino gehiagotan kutsatu naiz koronabirusarekin. Ezin duzu ezer egin. Pixkanaka entrenatzen hasten zara, baina oraindik ezin zaitezke lehiatu, eta ikusten duzu ez zarela zure mailara itzultzen. Frustragarria da. Niretzat ez da aski lan bat eduki eta hilabetero soldata jasotzea; erronkak behar ditut. Jomugarik gabe, zaila da motibazioa edukitzea. Horren falta izan dut.
Gazteak geroz eta indartsuago iristen dira profesionaletara, eta berehala hasten dira emaitza onak lortzen. Lasta izan da hori zuretzat?
Egia esan, ez. Askorentzat presio handia da, eta niretzat ere izan da, baina ikasi dut gauzak beste modu batera eramaten. Ez dauka zentzurik gazte guztiei emaitzak exijitzea, pertsona bakoitzak bere erritmoa baitu. Evenepoel, Pogacar eta halakoak eredutzat hartzeak ez dakar ezer onik. Bakoitzak bere dohainak eta ezaugarriak ditu, eta nik, besterik gabe, Iñigo onena izan nahi dut. Uste dut maila handiko txirrindularia izan ahal naizela, eta hori gogoan egiten dut lan.
Eredu moduan Pello Bilbao jarri izan duzu. Gorenerako bidea poliki ere egin daiteke.
Pello erreferente bat da niretzat. Pixkanaka egin du gora, zaratarik atera gabe, eta orain, mailarik goreneko ziklista da. Oso txirrindulari gutxi daude munduan hura baino hobeak direnak. Inori begiratzekotan, hari begiratu behar diot.
Zer ekarpen egin nahiko zenioke denboraldi honetan Kern Pharmari?
Nire bertsiorik onena eskaini nahi diot. Taldeak pazientzia dauka nirekin: jakitun dira urte gogorrak eduki ditudala, eta lasai hasteko esan didate. Nik urte osoan eman nahiko nuke maila ona. Ezin dezaket lasterketa bakarrean pentsatu, eta besteak albo batean utzi. Lasterketa guztietan txukun aritu nahi dut, eta horrela bada, gauza politak iritsiko dira.
Hortaz, ez duzu helburu zehatzik izango?
Euskal Herriko Itzulia jo nezake denboraldiko lehen helburu gisa, baina ez dut hala ikusten. Ondo iritsi nahi dut, dudarik gabe, baina Itzulira arte lasterketa asko izango dugu, eta denetan aritu nahi dut ondo. Sasoia ondo hastea funtsezkoa da guretzat. Joera baikorra sortu nahi dugu hasiera-hasieratik. Emaitza onak lortzen, eta, zergatik ez, garaipenen bat eskuratzen saiatuko gara.
Ondo hastea lagungarri izango litzateke Vueltarako gonbidapena lortzeari begira. Iaz parte hartzeko aukera izan zuen taldeak; aurten ere hala izango da?
Ez dakigu zer gertatuko den. Bi gonbidapen egongo dira bakarrik, hau da, oso garesti egongo da. Ordea, uste dut badugula maila berriz ere Vueltan egoteko, eta gogor egingo dugu lan gonbidapena lortzeko.
Vueltaren deia ez jasota ere, oso egutegi lehiakorra izango duzue; besteak beste, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan lehiatuko zarete.
Vueltan dugu interesik handiena, hori hala da, baina beste asko ditugu egutegian, eta, zuk esan bezala, oso maila handikoak. Luxua da halako probetan lehiatu ahal izatea. Dena den, ez gaituzte izenek itsutzen: lasterketa guztiei ematen diegu garrantzi handia. Oso talde gaztea dugu, baina hori ez da oztopo izango: anbizio handiko jendea gara, eta garaipenak nahi ditugu. Oso talde ona dugu.
Zaleak erakartzen ari zarete pixkanaka; esaterako, Argentinako futbol selekzioko hautatzaile Lionel Scalonik zuen maillota jantzita ageri den argazki bat argitaratu zuen sare sozialetan.
Bitxia bezain polita da halako gauzak ikustea. Talde berria garen arren, ikusten dugu jendeari iritsi egiten zaiola guk egiten duguna. Egia esan, ez dakit nola iritsi zen maillota Scaloniren eskuetara. Ezusteko handia izan zen.
Iñigo Elosegi. Kern Pharmako txirrindularia
«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»
Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu