Gaizka Garitano. Eibarko entrenatzailea

«Behar eta merezi duen tokian dago orain Eibar»

Lehen sasoia egin du karguan, eta Bigarren Mailara itzultzea lortu du, lau urteren ondoren. Argi du gakoa jokalariak direla, «oso onak» izan baititu, eta osaturiko taldea. Ipuruako aulkian jarraituko du irailean.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herenegun Hospitaleten (Katalunia) 0-1 irabazi, eta Bigarren Mailara igo da Eibar. Taldeak ospatu zuen, eta jokalariekin, Gaizka Garitanok (Derio, Bizkaia, 1975). Taldea hartu eta lehen sasoian «erronka» lortu du. Halere, gauzak ez dira aldatu Eibarren, eta taldeak autobusez egin zuen itzulerako bidea. Bazkalostean hartu du BERRIAren deia teknikariak.

Zer moduz joan da gaua?

Oso ondo. Bazegoen zer ospatua, baita ospatzeko gogoa ere. Uztailean hasitako bidea uztailean bukatu dugu, eta jokalariek merezi zuten.

Azken partidaren ondoren, lorpenak zuen meritua goratu zenuen.

Talde honek egin duena oso handia da. 2. Mailara igotzea ez da erraza, eta jende askok ez du hori baloratzen. Azken urteetan Eibarkanporaketetan sartu delako zerbait erraza dela dirudi, baina ez da hala. Bidean aurrekontu handiagoko talde asko gelditu dira.

Nola izan zen aldagelako unea partidaren ondoren?

Imajina dezakezu, halakoetan sentimenduak azaleratu egiten dira, eta denetarik egon zen. Denok izan zuten hitz egiteko aukera, eta oso une polita izan zen.

500 pertsona joan ziren Eibartik Hospitaletera, bada zerbait.

Bai, ikaragarria. Zaleekin ez dugu inolako kexarik. Urte osoan gurekin egon dira, eta igoera fasean euren babesa are gehiago nabaritu da. Guk gozatu egin dugu sasoi honetan, eta eurek ere bai.

Zergatik igo da Eibar?

Hasteko, jokalari oso onak izan ditugulako, baina ez maila teknikoak bakarrik, arlo pertsonalean ere bai. Jende oso langilea, sakrifizio ahalmenarekin dago, eta talde polita osatu dugu.

Asko goratu da zure lana.

Tira, nik ez dut sinesten entrenatzaileengan, benetan diot. Jokalari nintzenean ez nuen entrenatzaileengan sinesten, eta orain ere ez. Jokalariek jokatzen dute, eta eurak dira garrantzitsuenak, eta nik sasoi honetan oso onak izan ditut. Gutxiago jokatu dutenak ere bikain aritu dira.

Zer sentitu duzu amaieran?

Taldekoengandik zuten onena atera dudala.

Zalantzarik izan al duzu sasoian? Ala garbi zenuen igoko zinetela?

Ez nuen garbi. Begira nola hasi ginen... Denboraldi-aurrean taldea osatzea ez zen erraza izan, aurrekontuak beherakada handia izan zuen —aurreko sasoian baino 700.0000 euro gutxiago, %38—. Bigarren taldeko jokalariak igo genituen, gazte asko fitxatu, ni ere berria nintzen karguan... Duela hamabi hilabete zalantza asko zeuden.

Taldeak txakalaldia izan zuen neguan. Larritu al zintuen?

Uztailetik uztailerako bidea izan da. Talde guztiek dituzte gorabeherak, eta guk ere bai. Bizpahiru aste izan genituen hiru egunean behin partida bat jokatu genuena, lesioak ere iritsi ziren, nekea... Halere, nire ustez, txakalaldiak fresko bukatzen lagundu digu.

Kanporaketena biderik luzeena da. Aste gogorrak izango ziren?

Gainera, zozketan ez genuen zorterik izan. Kanporaketa bakoitzean nahi ez genuen aurkaria egokitu zitzaigun. Funtsezkoa izan da etxean eman dugun itxura ona.

Helburua, dena den, igotzea zen?

Ez zen helburua, geure buruari jarri genion erronka. Oso zaila da igotzea, horregatik diot erronka. Eibar behar eta merezi duen tokian dago orain. Hala uste dute eibarzaleek, baita nik ere bai.

Orain zer? Jarraituko al duzu?

Kontratua bukatu egingo zait, baina, taldeak nahi baldin badu, ni hemen egongo naiz. Talde honetan denetarik egin dut: jokalari izan naiz, bigarrenentrenatzaile eta bigarren taldeko entrenatzaile. Ni gelditzeko prest nago.

Nahiko duela dirudi.

Tira, bildu egin behar dugu, eta eskaintza egiten badidate, pozik.

Oporrik?

Bai, bai... behar ditugu. Hamabi hilabete futbola, futbola eta futbola izan dira. Buruak kanpora irtetea eta deskonektatzea behar du. Dena den, asko jota astebete edo zortzi egun izango dira niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.