Entrenamendua amaitu, eta patxadaz erantzun ditu galderak Amaiur Sarriegi Realeko jokalariak (Donostia, 2000). Oso gustura dago taldea eta bera egiten ari diren denboraldiarekin. «Bai banaka eta bai talde moduan aurrerapauso bat eman dugu».
Herenegun bete zenituen 21 urte, baina dagoneko taldeko erreferenteetako eta kapitainetako bat zara. Duela urtebete bilakaera hori izango zenuela esanez gero, zer pentsatuko zenuen?
Egia da ez nuela espero halako bilakaera izatea hain denbora gutxian. Ez da ohikoena izaten. Baina natural daramat, positiboa baita.
Non dago gakoa? Lanketa berezirik egin duzu horretarako?
Eguneroko lanean dago oinarria, entrenamendu bakoitzean zure onena ematean. Horrek dakartza minutuak, emaitzak, golak... Ez dago beste sekreturik. Egia da, hala ere, fisikoki aurrerapauso bat eman dudala. Lehiatzeak, minutu asko jokatzeak ahalbidetu dit bilakaera hori. Psikologikoki ere lan handia egiten ari naiz: adibidez, presioaren kudeaketan.
Nola daramazu presioa?
Presioa, emaitzen beharra, gugan dauden espektatibak.... Prestakuntza edo lanketa psikologiko bat egin gabe, ezinezkoa da horiek kudeatzea. Denbora daramat hori lantzen; funtsezkoa dela uste dut. Hori gabe, ez nuke biziko futbola bizi dudan moduan. Goi mailako kirolarion buru osasunaren gaia mahai gainean jarri behar dela uste dut.
Nahikari Garciak taldea utzi eta gero, hura bezala golegile petoa zarenez,arreta osoa zugan zegoen jarrita. Are gehiago elastikoan haren zenbakia eramanda. Zer pentsatu zenuen?
Hain jokalari garrantzitsu batek taldea uzten duenean, argi dagobeste batzuek eman behar dutela aurrerapausoa. Naturala da. Multzoak, zaleek... hori eskatzen dute. Aipatu bezala, presioa, zure inguruan dauden espektatibak eta abar kudeatzeko lanketa bat egitea beharrezkoa da. Izan ere, askotan ez dira errealak. Jokalari bakoitza diferentea da, eta hori da argi izan behar dena.
Nola sentiarazten zaitu kapitainetako bat izateak?
Ardura bat da, baina ardura polit bat. Nik hala hartzen dut. Eredu bat izatea eskatzen du, zentzu guztietan: bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere.
Kalean gehiago ezagutzen zaituztela sumatzen duzu?
Bai, batez ere txikienek. Asko geratzen naute, sinadurak eta argazkiak eskatzeko. Baina polita eta gustagarria da; ez zaigu batere kostatzen. Esan nahi baitu emakumeen futbolak gero eta ikusgaitasun handiagoa duela, eta erreferenteak sortzen ari direla.
Zure kirol ibilbideko unerik onenean zaudela uste duzu?
Une onean nago. Baina onenean nagoela pentsatzea zentzugabea da. Gailurrera iritsi naizela esan nahiko luke, eta 21 urte besterik ez dut. Lanean jarraitu behar dut, asko dut-eta oraindik hobetzeko eta eskaintzeko.
Nork laguntzen dizu oinak lurrean izaten?
Beti izaten da horretan laguntzen dizun jendea. Baina uste dut batez ere norberaren kontua dela. Ni naiz neure buruari hankak lurrean izateko eskatzen diona, norberak ondo baitaki zer ari den egiten ondo eta zer gaizki. Eta, batez ere, gauzak ondo joan arren, argi izan behar da segitu egin behar dela lanean. Hori egin ezean, gauzak egun batetik bestera alda daitezke.
Hasieratik esan zenuen hazteko eta Lehen Mailan jokatzeko aukera izateko etorri zinela Realera. Emaitzak ikusita, apustua ona izan zela berretsi duzu?
Bai. Ez bakarrik izan dudan bilakaerarengatik, edo emaitzengatik, baizik eta, batez ere, izan ditudan sentipenengatik. Hasieratik ikusi nuen nire aldeko apustu bat; oso gustura nago hemen.
2023. urtera arte duzu kontratua. Baina jokatzen ari zaren bezala jokatuta, beste talde askoren arreta piztu duzu. Denbora luzez ikusten duzu zeure burua Realean?
Oraindik oso goiz da horretazhitz egiteko. Ez dut horren inguruan pentsatu. Behar dudan guztia ematen dit oraintxe Realak. Gustura eta oso pozik nago hemen. Gainera, taldea lortzen ari den emaitzak, hemen ditugun baliabideak eta taldean dagoen giroa pizgarriak dira.
Kirol arloari erreparatuta, sei gol sartu dituzu. Gustura zaude kopuru horrekin?
Oso pozik nago. Kopuru oso ona da, are gehiago kontuan hartuta ez dudala aurrean jokatzen, baizik eta eskuin hegaletik. Erdira joatean, baloiari ezker oinarekin jo behar diot, eta horrek zaildu egiten dizkit gauzak.
Non aritzen zara erosoen?
Nik beti esaten du aurrelaria naizela. Baina aurreko hiru postuetan moldatzen naiz gustura. Gainera, nabarmenduko nuke aurrean minutu gehien jokatzen dugun hiru jokalariak oso ondoari garela elkar ulertzen. Ikusi besterik dago golak sartzeaz gaingolak sartzeko zenbat pase eman ditugun. Argi dago ni poztu egiten naizela gola sartzen dudanean, baina baita Nereak [Eizagirre] edo Sannik [Franssi] sartzen dutenean ere.
Boladak hasi bezala amaitzen dira. Kezkatzen zaitu hiruzpalau lehia golik sartu gabe egoteak?
Nire ustez, zeure burua gehiegi estutzea da okerrena. Gola ez da dena. Arreta osoa hor jartzea ez da komeni. Niri, behintzat, partida eta entrenamendu guztietan nire onena ematen dudala sentitzeak ematen dit lasaitasuna.
Zer erronka dituzu denboraldi honi begira?
Argi dago gertu dudala iazko datuak hobetzea. Baina, hortik harago, nik beste gauza askori erreparatzen diet: errendimenduari, ondo sentitzeari, gozatzeari... Eta ari naiz lortzen hori.
Futbol asko ikusten duzu? Zein jokalarirengan jartzen duzu arreta?
Egia esan, geroz eta futbol gutxiago ikusten dut. Deskonektatzeko beharra izaten dut. Leo Messi asko jarraitu dut. Irene Paredes ere asko gustatzen zait, batez ere zelaian zer transmititzen duen. Espainiako selekzioan harekin jokatzen dut, eta izugarria da niretzat, baita Alexia Putellas urrezko baloidunarekin jokatzea ere.
Taldeari erreparatuz, multzo gaztea zarete, jokalarietako asko belaunaldi antzekoetakoak. Oso batuta zaudete. Horrek nola eragin du taldearen martxa onean?
Eragin handia izan du. Talde batasunak asko ematen digu. Denboraldi honetan, nahiz eta emaitza onak lortu, izan ditugu momentu txarrak, eta batasun horrek asko lagundu digu. Badakigu jokalari batek egun kaskarra duenean besteak lagundu egingo diola.
Bigarren zaudete sailkapenean, Bartzelonaren atzetik. Askok esango lukete talde lurtarren artean onenak zaretela. Ezin gehiago eskatu, ezta?
Beti dago gehiago eskatzea, eta anbiziotsuak gara. Baina denboraldia aparta izaten ari da. Emaitzez gain, Real Madrilen kontra eta San Mamesen emandako irudia azpimarratuko nuke.
Natalia Arroyo entrenatzaileakbehin baino gehiagotan esan zuen aurreko denboraldian emaitza bolada on bat falta izan zitzaizuela Txapeldunen Ligako hiru postu horietara iristeko. Denboraldi honetan hasieratik lortu duzu hori? Zeri esker?
Uste dut hobeto lehiatzen ikasi dugula. Horri esker, aurrera atera ditugu hain ondo jokatu ez dugun edo gure jokatzeko era ezartzea gehiago kostatu zaigun partidak. Horrek ahalbidetzen dizu goian egotea, eta partidak irabaztea.
Denboraldia ikusita, badirudi jokalari bakoitzak ez ezik talde moduan ere eman duzuela aurrerapausoa. Sentipen hori duzue zuek ere?
Bai, nik uste dut baitez. Hori oso inportantea izan da. Alferrik da jokalariok bakarka aurrerapausoak ematea, gero taldean ere ematen ez baditugu.
Zer da taldea zelaian ondoen egiten ari dena?
Gauza asko. Baina, batez ere, egiten dugun jokoan sinesten dugula, konfiantza handia dugula horretan, eta garbi ditugula ideiak. Baina, aldi berean, garbi izan behar dugu ez dela ezer gertatzen gure ohiko jokoa alde batera utzi eta baloi luze bat jokatzeagatik. Natalia horretan ere ari zaigu eragiten. Gure jokatzeko era oinarri hartuta, jakin behar dugupartida bakoitzak taktikoki zer eskatzen duen.
Ideiak oso garbi dituzuela diozu. Bigarren sasoia izanda, oso barneratua duzue Arroyoren jokatzeko era, ezta?
Bai, eta hori garrantzitsua da. Nik uste dut klubak berak ezarritako jokatzeko era bat dela, filosofia bat. Harrobitik lantzen da, eta bat dator bai Nataliak eta bai jokalariok dugun ikuspegiarekin.
Udan hainbeste jokalari joan eta gero, espero zenuten multzo berria hain azkar egokitzea eta horren emaitza onak lortzea?
Gauzak hain ondo joatea, agian ez. Baina denboraldiaurrean oso lan ona egin genuen, eta antzematen zen gure artean giro oso ona zegoela. Bagenekien gauzak ondo egiten ari ginela, eta horrek emaitzak ematen ditu.
Zer izan zen taldearentzat eta zeuretzat hain garrantzitsuak ziren hamar jokalarik taldea uztea?
Hasieran, ezjakintasuna sentitu genuen. Baina horren aurrean egin genituen urratsak egokiak izan ziren, eta emaitzetan ikusten da.
Min eman zizueten udan taldearen inguruan izan ziren zalantzek?
Egia esan, kanpotik esandakoek ez ziguten asko eragin. Esan bezala, guk bagenekien nola ari ginen lanean, eta jokalari bakoitzari natural atera zaigu ardura berriak hartzea eta aurrerapauso horiek ematea. Gainera, horrek ere beti eragiten du ilusioa.
Espainiako ligako hainbat futbolarik emakumezko futbolarien lehen sindikatua sortu berri duzue. Zer ekarpen egin dezake sindikatu horrek?
Gauden egoeran, beharrezkoa ikusten genuen gurekin eta guretzat propio lan egingo duen sindikatu bat izatea. Izan ere, guk entrenatzeaz eta jokatzeaz soilik arduratu beharko genuke, eta ez borroka honetan egon. Gu, gainera, ez gara adituak legeen eta lan eskubideen kontuetan; futbolariak gara. Nekagarria da horrela ibili behar izatea. Gainera, amorragarria da zein mantso doan profesionalizazioa, interes borroka batengatik. Oraintxe, bigarren lan hitzarmena negoziatzen egon beharko genuke, eta begira nola gauden.
Amaiur Sarriegi. Realeko jokalaria
«Behar dudan guztia dut oraintxe Realean»
Iragan denboraldian iritsi zen Realera Sarriegi, Athletic utzita. 21 urte besterik ez du, baina taldeko kapitain eta erreferenteetako bat da jadanik. «Natural» darama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu