Behar bat zen, ezinbestekoa

Euskal Herriko emakumezkoen selekzioak historiako lehen partida jokatuko du, Eslovakiaren kontra

Herrero, Zelaia, Tirapu, Encinas eta Iturregi, atzo, Anoetan. JON URBE / ARP.
Donostia
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bazen garaia. Iritsi da. Azkenean, egingo da. Azkenean, jokatuko da. Euskal Herriko emakumezkoen selekzioak Eslovakiaren aurka jokatuko du ekainaren 23an, 16:30ean, Anoetan. «Egun historikoa» izango da, Maite Inda Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kidearen arabera. «Futbol partida bat baino gehiago izango da, gure selekzioaren neurketa historiko horrek aukera emango digulako, herri gisa, garen moduan agertzeko». Partidaren harira, goiz-goizetik hasita, hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun guztirako Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak, Euskal Herria Kirola elkarteak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.

Hamaika gara lelopean, festa eta aldarrikapena uztartu nahi dituzte. Lehen aldia izango da emakumezkoen euskal selekzioak nazioarteko partida bat jokatuko duena, eta, horregatik, herritarrek zuzenean parte hartzeko eskatu dute antolatzaileek. «Partida selekzioko hamaika jokalarik jokatuko dute, baina, parean, nahi dugu izatea Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren aldeko jai bat, euskaraz bizi nahi dugunon jai bat, parekidetasunaren aldeko jai bat, herritarron parte hartze zuzenaren aldeko jai bat», azaldu zuen Indak.

Atzo egindako aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalariak eta Ainara Herrero, Maialen Zelaia eta Aintzane Encinas Realeko jokalariak. Iñigo Juaristi prestatzaileak ez du deialdiaren berri eman oraindik, baina pentsatzekoa da aipatutako jokalarien izenak behintzat azalduko direla. Encinasen arabera, emakumezkoen futbolerako «aurrerapauso bat» da Euskal Herriak bere selekzioa izatea. «Espero dugu Anoetara ahalik eta jende gehiena joatea». Euskal selekzioko jokalariek denek elkarrekin jokatuko duten lehen partida izango da ekainaren 23koa, eta ikusteko dago nolako jokoaren alde egingo duten taldearen prestatzaileek.

Eslovakiaren inguruko azalpenak Mikel Troitiño Euskal Herria Kirola erakundeko kideak eman zituen: «Munduko talderik onenetan 36. da Eslovakia, eta hor izango dugu geure burua neurtzeko aukera. Haiek nazio bat osatzen dute, eta guk ere bai. Ea aurkari gisa eta teknika aldetik gehiago garen. Hurrengo neurketa 36. postutik gora dagoen talde baten aurka jokatu nahi dugu».

Egun horretan Donostiara joateko deia egin zuten antolatzaileek. «Kirolzaleok, euskaraz bizi nahi dugunok, parekidetasunaren aldekook, haur eta gurasook, gazteok, aldarrikapena eta festa giroa uztartu nahi ditugunok… elkartu egin behar dugu Anoetan». Esana dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.