Jon Ander Aranburu. Eskiatzailea

«Begiz jota neukan igoera bertikaleko txapelketa»

RAMON OLASAGASTI.
Unai Ugartemendia.
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Jon Ander Aranburu (Zumarraga, Gipuzkoa, 1987) bigarren izan zen larunbatean, eta igandeko kronoigoeran, Euskadiko txapelketan, berriz, irabazle.

Ikusi gehiago:Bandres-Karolo oroimenezkoaren bete-beteko ikuskizuna

Zer moduz asteburuan?

Asteburua biribila irten da. Antolakuntza bikaina izan da, beti bezala, giro aparta eta, eguraldiarekin ere, aitzakiarik ez. Oso herrikoia izan da aurtengoa, gainera. Nire laugarren aldia izan da Izaban, eta aurtengorako oso gogotsu nengoen.

Emaitza bikainak lortu dituzu bi egunetan. Espero zeuen?

Banekien ondo nengoela. Azkeneko asteetan sasoiko ikusi dut neure burua, baina errematatzea falta zitzaidan. Fresko ibili naiz bi egunetan, eta emaitzak izan dira horren adibide.

Banakakoan bigarrena izan zinen, Noel Burgosen atzetik, eta igandean lehena igoera bertikalean. Nolako lasterketak izan dira?

Larunbatean, Burgosek hasieratik alde egin, eta tarte pixka bat atera zigun. Borroka atzekoen artean izan genuen, gehienbat, Asier Alonsorekin —taldekidea eta laguna dut—. Batera joan ginen tarte luze batean, baina, azken zatian, indar handiarekin iritsi nintzen. Asko gozatu nuen prestatu zuten ibilbidearekin. Dena aldeko izan nuen. Igandekoa, berriz, nire espezialitateko proba zen. Txapelketa izanda, helburu bakarra nuen: txapela eskuratzea. Begiz jota neukan lasterketa, eta presio puntu bat neukan neure buruarekin. Banekien aurrean ibil nintekeela. Oso igoera berezia iruditu zitzaidan Ardibidepikuakoa. Elurra bikain zegoen, eta sentsazioak ere bikainak izan ziren, gainera.

Gustura amaitu zenuen, beraz?

Bai, oso gustura. Azken urteetako hobekuntzak isla duela ikusten ari naiz, eta nire lehen txapela lortzea oso polita izan da. Niretzat, ohorea da Bandres-Karolo probako eskietan nire izena agertzea, izen handi horien ondoan. Lan asko egin beharra dago mendiko eskian, oso teknikoa da, eta jarraipena eskatzen du. Egindako lanaren ondorioak ikusten hasi naiz. Ilusio honi luzaro eustea espero dut.

Egutegi bete-betean da mendiko eskia. Non lehiatzeko asmoa daukazu hurrengo hilabeteetan?

Datorren asteburuan Vall Foscara [Lleida, Herrialde Katalanak] joango naiz Asier Alonsorekin, bikotekako proba batera. Hemendik aurrerako lasterketa gehienak bikotekakoak dira, eta ibilbideak ere luzatuz doaz. Ondoren, Rafa Urbizu taldekidearekin Candanchuko proba batean parte hartuko dut. Gero etorriko dira Andres de Regil [Europako Mendiak] proba, eta Adamello [Italia].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.