Aizkolaria

Iker Vicente: «Begiz jota neukan final batean denbora ona egitea, eta lortu dut»

Nafarra faborito argia zen, eta aise nagusitu zen Euskal Herriko Aizkora Txapelketa Nagusian. Hodei Ezpeleta izan zen bigarren, eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'-ek osatu zuen podiuma.

Iker Vicente, lanak bukatu berritan. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iker Vicente, lanak bukatu berritan. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 28a
16:15
Entzun

Euskal Herriko txapela hirugarrenez irabazi du Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997). Garaipena eskuratzeko faborito argia zen, eta ez zuen huts egin igandean, Gasteizko Iradier Arenan. Hasieratik hartu zuen aurrea, eta aldea handituz joan zen. Iaz baino ia sei minutu gutxiago behar izan zituen lanak amaitzeko.

24 ordu pasatu dira. Gorputzak astindu handia hartu zuen?

Finaletan beti izaten da tentsio eta presio pixka bat. Baneukan barruan egin beharraren edo erakutsi beharraren tentsioa. Horrek urduritasuna ematen du, eta gorputzean nik nabaritu egiten dut. Entrenamenduetan astindua hartzen dugu, baina finaletan beti ematen da gehixeago.

Nola sentitu zinen finalean?

Nire helburua finala irabaztea zen, eta horretara atera nintzen; hasieratik hori izan zen helburua. Aurkariak non zeuden ikusten nuen, eta hasieran lortu nuen aldeari eusten saiatu nintzen, gehienbat. Gero, denboran oso ondo ari nintzela ikusi nuen, eta bukaera aldera denbora polit bat markatzen ahalegindu nintzen.

Zuk esan duzu: berehala hartu zenuen aurrea. Hori zen zure estrategia, hasieratik finala txikitzea?

Bai, niri hasieratik indartsu ateratzea gustatzen zait. Beste final askotan egin izan dut horrela, eta oraingo honetan ere berdin egin dut. Behin aurrea hartuta, lasaiago joaten gara denak.

35 minutu eta 39 segundoan amaitu zenituen lanak. Zure markarik onena da final batean. Hori zen helburua?

Begiz jota neukan egun batean denbora ona egitea, eta lortu dut. Banekien gai nintzela, entrenamenduetan oso denbora onak eginda nagoelako, baina egur ona behar izaten da horretarako. Gure kirolean horrela markatzen dira denborak. Aizkoran ezer ez da zehatza, ez da atletismoan bezala, beti dena berdina dena. Aizkoran egur bakoitza desberdina da, eta beti gabiltza gorabehera horiekin. Ni ere aspertzen hasita nengoen kontu horrekin; final batzuk irabazi ditut orain arte, baina denbora hain onak egin gabe. Baneukan helburu hori, eta igandeko egurrekin aukera polita ikusi nuen estutzeko.

Aitak ez zoratzeko esaten zizun, baina azken enborretan estutu egin zenuen marka ona lortzeko, ezta?

Aurreneko helburua txapela irabaztea zen. Baina beti izaten da betekadaren beldurra. Ez genuen halakorik nahi, eta garrantzitsuena txapela ziurtatzea zen. Behin hori lortuta, eta ondo nengoela ikusita, ahalik eta gehien estutzen saiatu nintzen, denborarik onena lortzeko.

Oso faborito zara, eta zure izena bolo-bolo darabilte. Presiorik sentitzen duzu? Kalterik egiten dizu horrek?

Gaur egun, ez dit kalterik egiten. Pixkanaka presioa kudeatzen ikasi dudala esango nuke. Egia da beste txapelketa batzuetan kalte egin didala presioak, baina, gaur egun, nahiko ondo egiten diot aurre. Faboritoak beti dauka presioa, eta hori eramaten ere ikasi behar da. Gaur egun, ez dauka eraginik nire errendimenduan.

«Faboritoak beti dauka presioa, eta hori eramaten ere ikasi behar da. Gaur egun, ez dauka eraginik nire errendimenduan»

2019an lehen txapela irabazi zenuen, 22 urterekin. Bost urte igaro dira jada. Non uste duzu hobetu duzula gehien?

Nik uste dut aizkolari askoz osoagoa naizela. Garai hartan oso teknikoa nintzen; hauspoz ondo aritzen nintzen, baina oraindik gorputza egin gabe neukan, eta aurkariak ni baino gehiago ziren indarrez. Orain, indar handiagoa daukat, eta askoz ere aizkolari seguruagoa naiz. Gainera, urte hauetan gauza asko bizi izan ditut, eta mentalki gauzak kudeatzeko garaian asko ikasi dut. Ez naiz edozer gauzarekin beldurtuko.

Arria II.a omendu zenuten finalean, bide luzea egin duen aizkolaria. Hark lau txapel ditu; haren marka berdintzen saiatu beharko duzu datorren urtean?

Bai, hori da. Garai hartako aizkolari handien istorio asko entzun ditugu, baina guk ezin izan ditugu ikusi, irudiak ere gutxi daudelako. Orain, nire izena halakoen artean ikustea izugarria da niretzat. Txapel gehiago lortzen saiatuko naiz, eta hori izango da datorren urteko helburua. Txikia eta Larrañaga ere hor egongo dira, eta gauzak zaildu egingo dira. Baina horretan saiatuko gara.

Pena bakarra, agian, jende gutxi bildu izana, ezta? Zer moduzko giroa zegoen Iradier Arenan? Nola sentitu zenuten barrutik?

Iradier bezalako toki handi batean beti egongo da sentsazio hori. Aizkora izateko jende asko joaten bada ere, badirudi oso jende gutxi dagoela. Hasi aurretik bagenekien alde horretatik toki hotza izan zitekeela, baina guk gure lanari begiratzen diogu. Datorren urtean txapelaren lehia estutu egingo da ziur, eta ikuskizunak ere jende gehiago erakarriko du. 

Zein izango dira zure hurrengo helburuak?

Denboraldia amaitzeko, bi helburu ditut. Ostiral honetan daukagu Txapeldunen Ligako finala, eta, gero, Nafarroako Txapelketa iritsiko da. Bietan ondo aritu nahiko nuke, itxura ona eman eta urtea ondo errematatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.