Begiz joa dute gola

Athleticeko golegile nagusia da Erika Vazquez; Realekoa, berriz, Nahikari Garcia. Euren taldeen egoeraren isla dira biak: sasoi betean da Nahikari, eta nahi eta ezin ari da Erika.

Nahikari Garcia eta Erika Vazquez golegile petoak dira. Gaurko derbian hori erakutsi nahi dute. MAIALEN ANDRES ETA MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Partida lehiatuak eta parekatuak izateko ospea dute derbiek. Gol aukera gutxi egon ohi dira. Horrenbestez, aurrelarien eraginkortasunak beste edozein norgehiagokatan baino garrantzi handiagoa du, normalean. Gaur iluntzean Lezaman jokatuko dute Athleticek eta Realak, elkarren aurka, eta zaleen arreta Erika Vazquezengan eta Nahikari Garciarengan egongo da.

Erika Athleticeko golegile nagusia da, eta Nahikari, Realekoa. Antzeko ezaugarriak dituzten jokalariak dira. Baloia jaso, eta segituan jartzen dira aurkariaren atera begira. Gol sena handia dute. Oso joko zuzena egiten dute, eta, beren abiadura baliatuz, gaitasun handia dute zuloak topatzeko. Arean mugitzen eta kokatzen ere oso trebeak dira.

Borroka ere haien dohain nagusietako bat da. Ez dute baloi bat galdutzat ematen, eta ez dira kikiltzen beraiek baino indartsuagoak eta garaiagoak diren atzelarien aurrean. Eskarmentuaren patxada du Erikak; gaztetasunaren lotsagabekeria eta ausardia, berriz, Nahikarik.

Ligak etena izan zuen iragan asteburuan, eta bi jokalariak «gogotsu» daude berriro ere lehiaketari heltzeko, «are gehiago derbi bat izanda». Biek onartu dute jokalariek halako partidak jokatzearekin amesten dutela txikitan.

Oso liga hasiera desberdina izan dute bi taldeek. Jokatutako lau jardunaldietan bi berdinketa baino ez dituzte lortu zuri-gorriek, eta sailkapenaren behealdean daude. Hamahirugarren dira, bi punturekin. Realak, berriz, lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta bat berdindu. Hamabi puntu ditu, eta bigarren dago.

Erikak honela aztertu du bere taldearen egoera: «Egutegia ez dugu alde izan. Ligako bi talde indartsuenen aurka jokatu behar izan dugu etxean: Bartzelona eta Atletico Madril. Bestalde, Rayo eta Huelva oso aurkari deserosoak dira euren zelaian. Zail izaten da han gure jokoa egitea. Baina egutegiaren zozketaren berri izan genuenean, bagenekien hau gerta zitekeela».

Beste bi arrazoi ere aipatu ditu liga nahi bezala ez hasteko: «Lesioekin ez dugu zorte onik izan, jokalari asko egon baikara min hartuta. Gainera, oraindik kostatu egiten zaigu sortutako gol aukerak sartzea; aurkariek, berriz, gutxi behar dute guri gola sartzeko». Rayoren aurkako partidan «aho zapore txarrarekin» amaitu zuten. «Garaipena merezi genuen. Sortutako gol aukera bakarrenetako batean lortu zuten berdinketa haiek. Pena izan zen».

Egoera «deserosoa» dela onartu du: «Ni neu ez naiz sekula hain behean egon sailkapenean». Baina azaldu du taldea «lasai» dagoela. «Liga hasi besterik ez da egin, eta baikorrak izan behar dugu. Ez diogu sailkapenari begiratu behar. Ondo ari gara lanean, eta oso batuta gaude. Egiten ari garena sinesten dugu, eta hori da inportanteena. Ziur nago lehen garaipena lortzen dugunean gauzak aldatu egingo direla».

Bi aste hauek ondo etorri zaizkiela onartu du, gainera. «Akatsak konpontzeko baliatu dugu, eta ondo egiten ditugun gauzak indartzeko. Gainera, min hartuta zeuden jokalari batzuk berreskuratu ahal izan ditugu». Bestalde, berretsi du halako egoera zail batek badituela alde onak: «Ikasteko balio behar digu, eta talde moduan zein bakarka hazten segitzeko».

Hasiera kaskarragoa izan zuen aurreko sasoian Realak. Lehen zazpi partidak galdu zituen segidan. Denboraldi honetan, ordea, oso bestelakoa izan da txuri-urdinen liga hasiera: «Gauzak oso ondo ateratzen ari zaizkigu, eta konfiantza handia daukagu. Emaitza onek asko laguntzen dute horretan. Horrela segitu behar dugu», azaldu du Nahikarik.

Dena den, biak bat datoz: iraganak ezer gutxirako balio du futbolean, eta are gehiago derbi batean. Horrenbestez, aurrelari txuri-urdina ez da fio. «Derbiak beti dira partida desberdinak, eta edozer gerta daiteke. Athleticek, gainera, eskarmentu handiko jokalari onak ditu, eta ederki daki nola jokatu behar diren halako norgehiagokak. Ziur nago sailkapenaren behealdetik aterako direla».

Erikak, bestalde, gogorarazi du etxean jokatzen dutela, eta puntuak lortzeko behar handiagoa dutela: «Hori hasieratik antzeman behar da zelaian». Reala estu hartzera irtengo dira:«Goian presio handia egin behar dugu, eta baloia bizkor mugitu behar dugu. Gainera, buruz buruko jokaldien bidez zuloak sortu eta topatu behar ditugu, zelai erditik aurrera jokatzen dugun jokalariok dugun abiadura baliatzeko. Izan ere, Reala ondo ixten da atzean, eta ederki elkartzen ditu lerroak». Zuhur mintzatu da Realak egin dezakeen jokoaz: «Baloiaren jabetza guri emango digute, eta minutuak pasatzea nahiko dute, gu urduri jarriz joan gaitezen. Kontraerasora jokatuko dute».

Nahikarik azaldu duenez, ordea, ez da hori beren asmoa: «Gure jokoaren oinarria baloia izatea da, eta ez diogu horri muzin egingo. Orain arte talde ausarta eta erasokorra izan gara. Ez diogu beldurrik jokoaren ekimena izateari». Dena den, argi du hasieratik hori lortzea ez dela erraza izango zuri-gorrien mailako talde baten kontra: «Ziur nago haiek oldarkor eta erasokor aterako direla zelaira, lehen garaipena lortzeko irrikaz egongo baitira. Guk hasierako bultzada horri eutsi behar diogu, eta pixkanaka gure jokatzeko modua ezarriz joan. Pazientzia izan behar dugu».

Zaleen itxaropenetako asko Erikaren eta Nahikariren oinetan daude, haien goletan. Biak dira horren jakitun. Baina argi dute ez dutela lan erraza izango. «Athleticek oso jokalari indartsuak eta garaiak ditu atzean, eta laguntzetan oso bizkorrak dira. Nabari da denbora daramatela elkarrekin jokatzen. Beraz, zaila izaten da hutsuneak aurkitzea», esan du Nahikarik. Realaren atzealdearen batasuna nabarmendu du Erikak: «Oso ondo eta azkar batzen dituzte lerroak. Gainera, derbietan beti izaten da nagusi defentsako jokoa. Ez dira partida errazak aurreko jokalariontzat».

Aurrelariek, halaber, beste edozeinek baino gehiago nabari dituzte taldeen boladak. Hori argi ikusten da Nahikariren eta Erikaren kasuan. Txuri-urdina ligako golegilerik onena da; lau sartu ditu. «Bai joko aldetik, bai fisiko aldetik oso ondo nago. Espainiako selekzioak deitzea bultzada handia izan da niretzat. Nire kirol ibilbideko garairik gozoenean nago, eta indar handia ematen dit egindako lanak emaitzak dituela ikusteak».

Bere sasoi onak taldearenarekin zerikusia duela ere gaineratu du: «Talde bat ondo dagoenean, jokalariak ondo daude, eta alderantziz. Taldeak egiten du on jokalaria, eta jokalariak taldea».

Iñaki Goikoetxea bigarren entrenatzailearekin egiten ari diren lana ere nabarmendu du. Goikoetxea aurrelaria izan zen, eta urteetan jokatu zuen Irungo Real Union taldean: «Asko ari zaigu irakasten: area barruan mugitzen, zuloak topatzen, ausartak izaten... Prestakuntzan ere taldeak koska bat egin du gora sasoi honetan, eta hori nabari dugu».

Baina Nahikarik argi du futbolean gaur zuria dena bihar beltza izan daitekeela, eta ezin duela lo hartu. «Beti nahi dut gehiago. Gainera, sasoi honetan taldeak bi aurrelari oso on fitxatu ditu, eta lehia handitzeak mesede egin dit. Gustuko dut».

Golik sartu gabe dago Erika. Lehen jardunaldian min hartu zuen, eta aurreko partidan itzuli zen taldera. Kontrakarrean aritu da. Baina golik ez sartu izanari garrantzia kendu nahi izan dio: «Argi dago beti izan dudala golak sartzeko erraztasuna. Baina sartzen ez ditudanean ez naiz kezkatzen. Azken finean, golak sartzea eta gol aukerak egitea talde guztiaren ardura da, eta denen artean konpondu behar dugun zerbait da, elkarri lagunduz eta hauspoa emanez».

PSGren eskaintza

NahikariK PSGren eskaintza jaso zuen duela aste batzuk. Frantziako taldea Europako indartsuenetakoa da, eta prest zegoen aurrelariaren etete klausula ordaintzeko. Klubarekin hitz egin eta gero, ordea, Realean segitzea erabaki zuen. «Ez nuen halako eskaintzarik espero, eta urduritasun pixka batekin bizi izan nuen egoera. Baina behin jarraitzeko erabakia hartuta, askoz lasaiago nago. Burua hemen dut, eta gogo handiz nago hemen sasoi on bat egiteko». Erabakia hartzea kostatu egin ote zitzaion galdetuta, ondorengo hau erantzun du: «Klubak zuen azken hitza, sasoi amaiera bitarteko kontratua baitut hemen. Horrek zama handi bat kendu zidan gainetik. Gainera, bai taldea eta bai ni sasoi onean aritu gara, eta horrek lasaitasuna eman dit. Oso eskertuta nago klubaren eta taldekideen tratuarekin».

Orain, alde batera utzi ditu bere etorkizunari buruzko kontuak:«Garai gozo honetaz disfrutatu nahi dut, eta denboraldi amaieran ikusiko dugu zer nahi duen klubak eta zer nik. Oraintxe bertan, aukera guztiak dira posible».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.