Begiradak uxatu ezinik segitzen du

Realera iritsi zenetik, Geronimo Rulliren izena etenik gabe izan da zaleen ahotan, onerako nahiz txarrerako. Bartzelonaren aurkako hutsek hizpide bilakatu dute berriz.

Jon Ander De la Hoz.
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Realeko zale askoren ahoan dago, hamaikagarrenez, Geronimo Rulli (La Plata, Argentina, 1992). Ez da salbuespena, inondik ere; 2014an Donostiara iritsi zenetik, sarri izan da berari buruzko hitz-asperturik. Sasoia amaitzen den aldiro bere etorkizunari buruzko zurrumurruak zabaltzen dira han-hemenka, eta bere jokoak ere zalantzak sortu izan ditu azken denboraldietan.

Gai horrek piztu du azken xextra ere. Iragan larunbatean Bartzelonaren aurka bi huts egin zituen Rullik, eta haien ondotik etorri ziren kataluniarrek sartutako bi golak. Hala galdu zuen Realak markagailuan zuen aldea. Argentinarraren inguruko zalantzak sortu ditu horrek, eta Miguel Angel Moya osatu izanak eztabaida piztu du txuri-urdinen atearen inguruan.

Realeko atezain ohi Alberto Lopezek (Irun, Gipuzkoa, 1969), baina, ez daki benetako eztabaidarik zabaldu ote den. Haren esanetan, aztertu egin beharko litzateke biak egoera fisiko berean egon izan balira zein litzatekeen egoera: «Moya min hartuta egon da, eta ez dakigu hura ondo egon balitz nork hasiko lukeen denboraldia atepean».

Irundarraren esanetan, lehendabiziko partidetan «ondo» aritu da Rulli. Alabaina, esan du Bartzelonaren aurka ez zela ondo aritu aurkariek sartutako bi goletan: «Ikusi behar da egoera hori nola gainditzen duen. Azken finean, badakigu postu horretan hutsak egiten direla». Horri nola erantzuten dion da gakoa Albertorentzat, eta uste du hor dagoela «atezain on baten eta atezain handi baten arteko aldea». Nolanahi ere, ohartarazi du atezain guztiek egiten dituztela okerrak, eta egoeraren gakoa gertatutakotik «nola jaikitzen den» dela.

Bartzelonaren aurka jazotakoak eraginik ez izatea nahi du Albertok, «Rulliren eta taldearen onerako». Halere, azpimarratu du antzeko egoerak bizi izan dituela Donostian daramatzan urteetan: «Gaztea da, eta halako egoeretan kosta egin izan zaio egoerari buelta ematea». Jokoaren exijentziak berarengan eragina izan dezakeen galdetuta, Albertok esan du atepeko jokaldietan «eroso» ikusten duela atezain argentinarra, eta larunbatean egindako geldiketak jarri ditu horren adibide: «Bartzelonaren aurka ere bi geldiketa ikusgarri egin zituen; erreflexu onak ditu». Alabaina, esan du «baloia kontrol gutxiago duen eremuan sartzen denean arazo gehiago» izaten dituela: «Altuerako jokaldietan eta oinekin jokatzean gertatzen zaio, bereziki». Atezain askorekin gertatzen den zerbait da, Albertorentzat. Haren esanetan, bakoitzak bere indarguneak ditu, baina, ondo egonez gero, gainontzeko eremuetan ez da hainbeste igartzen: «Gaizki moldatzen den eremuetan okerra egiten denean sortzen da arazoa».

Hutsegitearen uneak ere baldintzatu egiten duela azaldu du Realeko atezain ohiak: «Ez dira gauza bera markagailua aldeko duzula huts egitea eta zure hutsengatik emaitza aldatzea».

«Estilo ezberdinak dituzte»

Moyaren lesioak baldintzatu egin zuen sasoi-aurrea, eta baita biek postuaren bila izan beharrekolehia ere. Rullik jokatu ditu lehendabiziko partidak, baina, behin Herrialde Katalanetako atezaina sendatuta, Asier Garitanok bien artean aukera egin beharko du datorren jardunaldietan. Erabaki bat hartzearen garrantziaz hitz egin du Albertok: «Entrenatzailearen kontua da. Ikusi behar du min hartuta egon dena nola dagoen, jokatu eta zailtasunak izan dituena nola dagoen... Gauza asko aztertu behar ditu». Alabaina, uste du atezainaren postua ez dela «hamabost egunean behin aldatzeko modukoa».

Moyaren presentziak izan dezakeen eraginaz galdetuta, horren esperientzia nabarmendu du: «Moyak ezagutzen du negozioa; atezain beteranoa da, eta badarama denbora Lehen Mailan. Aurreko sasoian, hura iritsi zenean amaitu egin zen eztabaida; ez zuen partida bikainik egin, Reala partida haietan ez zen menderatua izan, baina bere eginkizunetan ez zuen hutsik egin».

Garitanok Luis Llopisen laguntza izango du bat edo bestea hautatzeko garaian: «Realeko atezainen prestatzailea Llopis da. Ezagutzen dut, eta bermea da lan horretarako. Guztien artean aztertuko dute zer egin». Albertoren ustez, «bustitzen ez bazara ez zara zipriztinduko». Hargatik, esan du erabakia hartzea garrantzitsua dela halako kasuetan: «Iruditzen zait ez bientzat, ez taldearentzat ez litzatekeela ona sasoia hasi besterik ez denean egoera horren inguruko eztabaida piztea. Hutsegiteak gertatzen dira, eta ez da gozoa izaten. Baina futbolean ohikoak dira halakoak. Litekeena da Huescan Rulli jarri eta ondo ala gaizki egitea, eta berdin Moyarekin ere».

Rulli atepean ondo aritzen dela zehaztu du, eta Moyaren indarguneak bestelakoak direla esan du: «Ondo moldatzen da oinekin eta goitikako jokaldietan, eta esperientzia handia du. Badaki non ari den». Haren aburuz, ez da sekula «geldiketa ikusgarriak egitekoa izan, baina hutsegite handirik ere ez du egin bere kirol ibilbidean. Atezain erregularra da».

Bakoitzak bere nortasuna

Atezainek etenik gabe izaten dute fokua gainean, eta zehaztu du norberaren araberakoa dela horri ematen zaion erantzuna: «Batzuk lasaiagoak dira, eta beste batzuek egunkari guztiak irakurri behar dituzte, eurei buruz zer dioten jakiteko». Halere, uste du norberaren izaera alboratuta atezain batek lortu behar duela inguruaren eraginik gabe irtetea, eta aurkakoa hori gazteek pairatzen dutela bereziki. Futbol sasoiak izugarrizko abiada hartuko du datozen asteetan, eta, Albertorentzat, gakoetako bat partidetan gertatutakoa «barneratu eta aurrera jarraitzea» da: «Gorengo mailan ezin da segurtasun faltaren irudipena eman, edo lasaitasunik ezarena. Hor arazoa legoke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.